Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Europako Parlamentuak transgenikoei buruzko zuzentaraua aldatu du

2015/01/14

Genetikoki eraldatutako organismoen auzia bizi-bizi dago (GEO). Horiek Europako lurretan landatzeko aukeraz makina bat diskusio egon da kalean zein instituzioetan. Atzo Europako Parlamentuak 2001/18 zuzentaraua aldatzea onartu du

2010ean Batzordeak 2001/18 zuzentaraua aldatzeko proposamena aurkeztu zuen. GEOak landatzea baimentzeko Kontseiluan gehiengo kualifikatuak ez lortzea eta GEOk garatzen dituzten enpresen presioak bultzatu zuten horretara. Proposamenak GEOak baimentzea Batasunaren esku uzten jarraitzen zuen, baina estatu kideek aukera zuten landaketa debekatzeko edozein arrazoi usatuta, bi izan ezik: GEOk osasunari edo ingurugiroari egin diezaioketen kaltea.

Auzia 2011n Parlamentura iritsi zen. Bertan burututako eztabaidan adostu zena Batzordeak eginiko proposamena baino gogorragoa zen. Batetik, estatu kideei aukera ematen zitzaien GEOak debekatzeko ingurugiroari eginiko eragin kaltegarriarengatik, pestizidekiko erresistentzia ager zedin aurreikusteko adibidez. Bestetik, estatu guztiek behar zituzten kontaminazioaren kontrako neurriak ezarri. Espainiak ez zituen horrelakorik nahiz eta izan GEO gehien lantzen duen estatua. Estatukideek erantzukizun-sistemak jarri behar zituzten abian segurtatzeko kontaminatzaileak kalteak ordainduko zituela. Hirugarrenik, Batzordeak eta estatu kideek gogortu behar zuten GEOak baimentzeko prozedura eta arrisku -ebaluazioa hobetu.

Parlamentuaren txostena denbora luzez egon zen Kontseiluaren esku. Azkenik 2014ko uztailean bere posizioa eman zuen. Ez zituen onartu Parlamentuaren proposamen gehienak eta gainera elementu berri bat txertatu zuen. '1 fasea' zeritzon. Horren arabera estatu kide batek debekua ezarri ahal izan baino lehen, eskatu behar zion eskatzaileari bere lurraldea eskaeratik kanpo uztea. Eskatzaileak bazuen onartzea ala ez onartzea eta soilik kasu horretan estatu kideak aukera zuen debekua ezartzeko (2 fasea).

Proposamena parlamentura etorrita berriz ere, Ingurugiro Batzordeak atzera sartu zituen 2011ko txostenaren zuzenketa kasik guztiak.

EBren prozedura legegileari jarraiki trilogoa egitea egokitzen zen, hots, Parlamentuak, Batzordeak eta Kontseiluak negoziatzea testua. Trilogoaren emaitzak ez du '1 fasea' bertan behera uzten, baina ez du baldintzatzen '2. fasea' egitea, hots, estatu kide batek delibera dezake debekua zuzen-zuzenean. Alabaina, 'ingurugiro-politikaren helburuak' erabil ditzake estatu kideak debekua arrazoitzeko. Debekua gainera baimenaren epe osora luza daiteke, hots, 10 urte bitartean. Uzta transgenikoen eta ez-transgenikoen konexistentzia dela eta, landatzea onartu den estatuetako beste estatuekiko mugaldean kontaminazioa saihesteko neurriak hartu beharko ditu, beti ere, estatu kide mugakideak onartzen ez badu neurri horiek beharrezkoak ez direla halako berezitasun geografikoa medio, irla bat izatea adibidez. Arrisku-ebaluazioa ez da Parlamentuak nahi bezain zorrotza izango. Halaber, Parlamentuak ez du ezer lortu erantzukizun-sistema zorrotzagoak ezartzea.

Urtarrileko osoko bilkuran Parlamentura joan da bigarren irakurraldian onartzeko. Proposamenak gehiengo kualifikatua behar zuen eta ez du arazorik izan popularrek, sozialistek, ALDEkoek eta kontserbadoreen zati batek babestu duelako. Ezkerraren eta Berdeak-ALEren kontrako botoak ez dira nahikoa izan.

Argi dago ingurugiroaren defentsa helburuetan duten indarrak ez daudela onartutakoarekin ados. Ez pentsa GEOen lobbya ados dagoenik ere. Etsenplurako, atzo, Bioindustrien Europar Elkartearen buru Jeff Rowek hauxe adierazi zuen besteak beste:

  • 'This is a stop sign for innovation in Europe'

  • 'Member States will receive a license to ban safe products which have been approved at European level, and they will be allowed to base these bans on non-scientific grounds. This sets a dangerous precedent for the internal market and sends a negative signal to innovative industries considering investing in Europe. European researchers and farmers have lost access to this key-enabling technology and the chance to grow more sustainable crops and remain competitive globally'

Badu abilezia Rowe jaunak, 530 hitzetan transgenikoen lobbyek usatzen dituzten argudio nagusiak errenditzeko gai izan da eta!

Argi dut transgenikoen eta beste hainbat teknologia berrietan prekauzio-printzipioa aplikatu beharreko irizpidea dela. Argi dut, era berean, prekauzio-printzipio horrek ez duela zientziaren eta teknologiaren garapena oztopatu behar. Ez nator bat Rowe jaunak esaten duenean aurrekari lanjerosa dela eta industria berritzaileei seinale negatiboa igortzen zaiela. Demostratu izan den bezala, eta bizi dugun krisi ekonomikoak bada horren adibide garbia, erregulazioa beharrezkoa da industriaren (uler bedi industria zentzu zabalean) gehiegizko apetak baretzeko eta interes propioak jeneralen gainetik ez jartzeko.

Zuzentarau berriaren gabezien artean erantzukizun-sistema egokia inplementatzera ezinbestekoa ez izateak kezkatzen nau gehien.