Kalitate eskaseko demokrazia
2014/09/30
Emaitzak ez nau harritu, prozesuaren ziztu biziak bai ordea. Estatu Kontseilua igandez bilera egin, ministro-kontseiluak astelehen goizez eta konstituzionalak arratsalderako etxeko lanak egina. Den dena aho batez gainera! Non ikusi da horrelako administrazio eraginkorrik? Egin dezagun barre, negarrik ez egite arren. Izan ere, formak ere ez dituzte gorde.
Zer esan Raxoiren argudioez? Memelotzat al gauzka? Legalitateari hots egin, arazoa legala ez denean.Huts-hutsik politikoa da. Espainiako gobernuak borondaterik izan balu, konstituzioak aukera ematen baitio Kataluniari erreferenduma egiteko eskumena transferitzeko! Honelako perlak gero: ‘Mas está privando del derecho a decidir a quien le corresponde, que la nación española’. Nik dakidala nazioek ez dute erabakitzeko eskubidea, herritarrek baizik! Eta kataluniarrak ez al dira Raxoiren ‘nación española’ horren kide? Dena dela, Raxoiren argudioari tiraka Andaluziako edo Murtziako balizko estatu bati buruzko kontsultan pasaporte espainiarra dugun guztiok izango genuke gure iritzia emateko eskubidea.
Atzetik ez zaizkio gelditu Raxorik Sanchez eta Mendia. ‘Se debe de defender y garantizar la legalidad’ Sanchezek. Ez al dute beste lelorik? Bien bitartean, esplikatzerik ez duen federalismo balizko baten predikuan. PASOKen bidea hartu dutela dirudi (Grezian azken inkestak 5. tokia ematen die, Urrezko Egunsetiaren gibeletik).
Espainiak arazo larri bat du, munduari Gaztelako begien bidez begiratzen diola eta ondorioz Espainia Gaztela del haien pentsamoldean. Horregatik ‘unidad de destino en lo univesal’ delako hori baino ez dute buruan. Horregatik ez dute onartzen kultur eta hizkuntza.aniztasunak. Lagun batek kontatu zidan lehengo batean nola Jose Antonio Labordetari aurpegiratu zioten halako batean abertzale aragoarra izatea eta hark emandako erantzuna. Honelako zerbait erantzun zuen: ‘Neroni espainola izatea istripu historiko bat da. Aragoiko Fernando II.ak Gaztelako Isabelengandik alargundu zenean, Foixko Germana hartu zuen emaztetzat. Emazte horrek semerik eman izan balio, neroni erresuma piriniar baten herritarra izango nintzatekeen orain.’ Eta kontuan izanik Germana eta Foixko Katalina Nafarroako erregina lehengusinak zirela jakizue non geundeke euskal herritarrok gaur?
Bukatzeko Estatu Kontseilua aipatuta ez dezagun ahaztu Ruiz Gallardonen errape berria. Kataluniako auziak ia oharkabean pasarazi du gertaera lotsagarri hori. Espainiako demokraziaren kalitate eskasaren beste lagin bat!