Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Inaki Irazabalbeitia

Donostian jaio nintzen 1957an. 2013ko uztailetik, Europako Parlamentuan parlamentari naiz Aralarren izenean.

Donostian jaio nintzen 1957ko abuztuaren batean, Gros auzoko 'Las Mercedes' klinikan zehazki. Hortaz badut jaiotzetiko marka, grosero izatea hain justu. Lanetik kanpoko denbora Alkiza eta Donostia artean partitzen dut. Erniopeko txoko eder horretakotzat jotzen dut neure burua, nahiz eta oraindik urtarrilaren 20ero danborrada jotzen dudan. Tolosan ere ordu asko egiten ditut azken urteotan udaletxeko zereginak medio.

Ikastolako umea naiz. Andereño Koro Gonzalezen gelan hasi nintzen 3 urte nituenean. Bertan 8 urte bete arte aritu nintzen alegaltasunean eta paperik gabe. 'bi hiruko sei, hiru hiruko bederatzi,…'

1965ean Iruñean ari zen lanean aita. Gurasoek familia osoa Iruñera joatera erabaki zuten. Donibane auzoko Asunción kaleko etxe eraiki berri batean jarri ginen bizitzen. Osasunak San Joan zelaian jokatzen zuen artean eta auzorako kaminoa bi pareta arteko bide estua zen. Txaletak eta landetxeak. El Redin ikastetxean egin nituen 'ingreso' eta 'bachiller elemental' izenekoak. Euskara hutsetik gaztelania hutserako jauzia!

1970ean Donostiara itzuli ginen; Gros auzora. Santo Tomas lizeoan egin nituen 'bachiller superior' delakoaren bi urteak. Egia esateko, batxilergoaren 5. mailako azterketak matrikula libreko ikasle gisa egin genituen lizeokook Peñaflorida institutuan Lizeoak ez baitzuen lizentziarik. 6. maila Ibaetako etxe berrian egin nuen, estreinatzea fortunatu baitzitzaigun eta azterketak Lizeoan bertan. UBI Peñaflorida institutuan burutu nuen.

1974ko irailean Valladolideko Unibertsitatera joan nintzen kimika zientziak ikastera. Orduko Valladoliden, Puzelan han dioten bezala, bi diru-iturri nagusi zeuden: Fasa-Renault auto-fabrika eta unibertsitate-ikasleak. Orduan euskal jatorriko 5 bat mila ikaslek ziharduten Valladolideko Unibertsitatean eta 8 bat mila guztira. Hortaz, Fasako langileak edo ikasleak mugitzen zirenean su hartzen zuen hiriak.

Ikasturte mugitua izan zen 1974-75eko hura. Hantxe izan nuen lehen harremana politikarekin eta borroka politikoarekin. Nire ikaskideek 1.B gelako ikasle-ordezkari aukeratu ninduten. Egokitu zitzaigun lan egitea! Izan ere, 1975eko otsailaren 8an, larunbatarekin, Cruz Martinez Esteruelas Hezkuntza ministro frankistak Valladolideko Unibertsitatea ikasturte berrira arte ixteko dekretua sinatu zuen. Hortaz, 8.000 ikasle urtea galtzera kondenatu gintuen. Hor egokitu zitzaidan, gainerako ordezkariekin batera, irakasleekin negoziatzea, programak eta apunteak biltzea, eskolak antolatzea,… finean unibertsitate paralelo bat antolatzea. Hori beste historia bat da, dena den.

1975eko udan aita galdu genuen auto-istripu batean. Donostian Petrokimika fakultatea zabaldu zen eta Valladolidik aprobatuta nekarzkin bi asignaturekin hasi nintzen irailetik aurrera Altzara igotzen; eta horrela beste 11 urtez. Urte oparoak eta gogoangarriak izan ziren: Francoren heriotza, demokrazia, amnistiaren aldeko borrokak, Elhuyar eta Udako Euskal Unibertsitatea ezagutzea, engaiamendu politiko militantea, … Eta bertan Mariaje emaztea ezagutu nuen! Old good days!

1976an Elhuyarren eta UEUn hasi nintzen euskararen normalizazioaren aldeko militantzia. 1978an, Euskadiko Ezkerran eman nuen izena eta hainbat urtez oinarrizko militante kartel-jartzaile izan nintzen. Aukera ederra, Euskadiko Ezkerra!

1980an Kimikazko lizentziatura bukatu nuen. Zorionekoa izan nintzen eta fakultatean bertan tesia egiteko parada eskaini zidaten, horretarako urtea bukatu baino lehenago tesina leitu nuen euskaraz eta gaztelaniaz idatzitakoa. Sei urtez irakasle laguntzaile izateko egokiera izan nuen. EHUko sorrerako klaustro biziak eta beroak ezagutu nituen, irakasle ez-doktoreen ordezkari izan bainintzen.

1986ko abenduan Doktore-tesia defendatu nuen: Apto cum laude, orduko maneran. Horrek ere euskarako bertsioa izan zuen. EHU utzi nuen 19897ko hasieran, ordurako jakitun bainintzen ikerkuntza-lana ez zela niretzakoa. Elhuyarreko lanari ematen hasi nintzaion nire jardun profesionala 2003a arte iraun zuena. Elhuyar.Zientzia eta Teknika aldizkariaren zuzendari moduan hasi, Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoaren koordinatzaile gero eta azkenean 1996tik aurrera Elhuyarreko kudeatzailea eta fundazio bilakatzean zuzendari orokor.

UEUn 1976an hasitako bidea beren goren gradura iritsi zen. Kimika saileko sailburu eta batzorde eragileko kide izan ondoren1987an zuzendari nagusi izendatu nindutenean. 1991arte luzatu zen ardura hori eta harez gero talde eragileko kide izan naiz 2008a arte

Errugbya izan da nire kirola, oraindik noizik eta behin praktikatzen dudana. Horrek nire klubean , Donostiako Klub Atletikoan, ardurak hartzera eraman ninduen. 1983 eta 2003 bitartean zuzendaritzako kide izan nintzen.

Iritsi zen XXI. mendearen hasiera. Ordurako nire bi semeak koskortzen hasiak ziren. Lizarra-Garaziko garaia zen. Esperantzari leiho bat zabaldu zitzaion, tamalez armek isilarazi zutena. Ez nuen nahi nire semeek neronek bizitutako egoera ankerra bizi zezaten eta horretarako neure burua busti egin behar nuela erabaki nuen. Politika aktibora itzultzeko deliberoa egin nuen. Aralar sortu zen orduan; aukera aparta! Ez naiz damu. Harrokeriarik gabe esan dezakegu Aralarren ekarpenak eta jardunak eragin nabarmena izan dutela egun bizi dugun armarik gabeko egoerara iristeko.

2003an Elhuyarren nituen ardurak utzi eta politikara dedikatu nintzen Aralarreko koordinatzaile orde moduan. Esperientzia gazi-gozoa izan zen eta alderdi baten barne-bizitza gobernatzea zein zail den konturatu nintzen. 2004ko bukaeran kargua utzi nuen. Hilabete sabatiko batzuk hartu nituen, lana bilatzen hasi aurretik.

2005eko urrian Elgoibarko IMH institutuko ingeniaritza-eskolako zuzendari moduan kontratu ninduten. Mundu berri bat ezagutu nuen, txandakako irakaskuntzarena, eta esperientzia pertsonal eta profesional oso aberasgarria gertatu zitzaidan.

2006ako urrian Elhuyar taldera itzuli nintzen Eleka enpresako kudeatzaile moduan. Ingeniaritza linguistikoaren alorrean aritu nintzen 2011ko bukaera arte; zuzentzaile ortografikoen, itzulpen automatikoaren, corpusen eta enparauen munduan

Tartean Tolosako zinegotzia aukeratu ninduten. 2007an EB-Aralar koalizioan eta 2011an Aralarreko ordezkari moduan. Lehen legegintzaldian 3 hilabete baino ez nituen egin zinegotzi moduan. Koalizioak 2 zinegotzi lortu zituen, baina bigarrena ilegalizatutako ANVren kandidaturari legokiokeenez, alderdiaren doktrina aplikatuta ez nuen kargua hartu harik eta zerrendaburuak dimisioa eman arte.

2012ko hasieran Aralarren hasi nintzen berriz ere lanean kanpo-arazoetarako arduradun moduan, nolabait orain Europako Parlamentuan dudan ardura honetarako prestatzeko helburuarekin.

Bestelako saltsa batzuetako perrexila ere (izan) naiz. Egunkaria Sortzen taldean, Kontseiluan, Lurraldean eta Elkarrin ere ibili izan naiz saltsa-maltsan. Lokarrin, Alkizako Oilategitik Kultur Elkartean edo Galde aldizkarian dihardut orain. Euskaltzain urgazlea ere banaiz. Garai batean, denbora banuenean edo denbora gobernatzen hobe asmatzen nuenean, literatura-lan batzuk idatzi eta publikatu nituen. Beraz aspertzeko betarik ez dut izaten, kirola eta baratza ahaztu gabe.

Zuzenean

Europarlamentari euskaldun batekin kontaktu zuzena nahi? 
Idatzi

Sare Sozialak

facebookbotoiatwitterbotoiayoutubebotoia