RPSren udako unibertsitatea
2014/09/01
Region et Peuples Solidaires Hexagonoko nazioen alderdi abertzaleen federazioa da. Har dezagun 'abertzale' terminoa zentzu zabalean. Izan ere, RPSn alderdi erregionalistak, autonomistak eta independentistak biltzen dira. Beren nazioen identitate linguistikoak eta kulturalak defendatzea eta herrien autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzeak lotzen ditu. Ezker-eskuin ardatzak ez du deus iruten kasu honetan. Abertzaleen Batasuna, EA eta EAJ dira federazioko Euskal Herriko ordezkariak.
Hauteskunde-emaitzen ikuspegitik ez dira alderdi handiak hexagonoaren testu-inguruan. Partitu di a Nazione Corsa da ordezkaritza-mailarik handiena duena, Kortsikako Asanbleako 51 eserlekuetatik 11 baitituzte. Oro har, ordezkaritza politiko adierazgarria izateko aliantzen bidea jorratu izan dute. Abilak dira horretan! UDBko Paul Molac diputatua da Frantziako Asanblean ezkerreko alderdi frantsesen babesarekin; François Alfonsi eurodiputatu izan zen aurreko legegintzaldian Europe-Ecologierekin eginiko itunaren bidez; Okzitaniako Alderdiko David Grosclaude-k hizkuntza-politikaren ardura du Akitaniako Kontseilu Erregionalean eta Savoian, Proventzan eta Auvernian ere kontseilari erregionalak dituzte.
Udako unibertsitate izenekoak Frantziako alderdiek egiten dituzten gogoetarako eta eztabaida politikorako bilkurak dira. Aste berean PSFk Arroxelan egin du berea.
RPSk hiru gairen inguruan burutu ditu eztabaidak: Front Nationalaren igoeraren arrazoiak eta ondorioak, Frantziako gobernuaren erregionalizazio-eskema eta autodeterminazio-eskubidea Europan.
Gehienok bezala oso keztatuta ageri dira RPSko alderdiak Frantzian gertatzen ari den aldaketa politikoarekin eta Fronte Nazionalaren igoerarekin. Alderdi tradizionalek herritarren kezkei egoki ez dietelako erantzuten sortu ei da FNren babesaren zati adierazgarri bat. Hori bereziki ikusten da ezkerrari botoa eman diotenen artean. Benetako arriskutzat jotzen duten FN boterera iristea eta, RPSkoen iritziz hori hondamendia izango da. Hondamendi politikoz harago, kudeaketa-hondamendia ere izan daiteke. 1995az gero FNren esku dagoen Orange hiriaren kasua aipatu zuten, non, besteak beste udalarekin ados ez dagoen elkarte-sarea deseginarazi duten ekonomikoki itota. Hala ere, RPSko kideek alderdi tradizionalen krisia aukera bezala ikusten dute beren ezarpena indartzeko.
Frantziako erregionalizazio-eskema berriarekin oso kritiko dira. Batek esan zuen bezala 'gure herrien indarrak ahultzea helburu dute'.
ERCko eurodiputatu Josep Maria Terricabrasek autodeterminazio-eskubideari buruzko eztabaidan parte hartu zuen eta biziki animatu zuen Kataluniako prozesuari buruzko iritzi-trukaketa.
Niri bereziki interesgarria iruditu zitzaidan PNCko Jean-Christoph Angellinik Kortsikako egoeraz eginiko gogoeta. Datu argigarri asko eman zizkigun irlaren egungo egoera azaltzeko. Abertzaleek azkeneko urteotan lortu dute beren ideia nagusiak irlako diskurtso politiko abertzalean eta ez-abertzalean txertatzea: kortsikeraren ofizialtasuna, autonomia-estatua, erresidentzia, … Gai horiek, Kortsikako etorkizuna bermatzeko ezinbestekoak direnak, diskurtso ofizialaren parte dira orain. Kortsikako Asanbleak gehiengoz eskatu egin ditu. Duela hamar urte abertzaleen artean nagusi den adarrak bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apustu irmoa eta borroka armatuaren kritika zorrotza pentsamendu politikoaren bilakaera horren arrazoietako bat izan omen da. Apustu politiko horren atzen lorpena Bastiako alkatetza izan da. Gilles Simeoni, Edmond Simeoni lider historikoaren semea, irlako bigarren hiriko lehen alkate abertzalea da. Edmond-ekin eta bere anaia Max-ekin (lehen eurodiputatu kortsikar abertzalea) egoteko parada ederra izan nuen.
Horrek guztiak eta FNLCk armak uzteko hartutako erabakiak parada ezin hobean eskaintze diote kortsikar abertzalegoari erreferente politiko nagusi bilakatzeko.
Frantziako itsasoz haraindiko lurraldeetan egoeraren berri izan genuen Jean-Jacob Biceps eurodiputatu ohi guadalupearraren bidez. Egoera konplexu eta bariatua agertu zigun. Bestalde, Moussa Ag Assarid, Azawadeko Askatasun Nazionalerako Fronteko (FLNA) Europarako ordezkariaren bidez lurralde horietan gertatzen ari denaren berri izan genuen. Algerren hastekoa da Maliko gobernuaren eta FNLAren arteko elkarrizketa-prozesua Azawadeko egoerari irtenbide demokratikoa bilatzeko asmoarekin. 'Alger lur arrotza da tuaregontzat' aitortu zidan Moussak ez oso optimista.
Onartutako manifestua hementxe duzue.