Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Europa mugitzen hasi da

2014/12/19

Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren inguruan bi gertaera adierazgarri jazo dira Europako Batasunaren baitan abenduaren bigarren hamabostaldi honetan. Horri gehitu behar zaio Israelgo gobernua erori dela eta aurki hauteskundeak egingo direla. Itxura batean, Netanyahuk gorriak ikusiko ditu gobernu-burua berriz eskuratzeko

Batetik, Luxenburgon egoitza duen Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak Hamas erakunde palestinarra EBren erakunde terroristen zerrendatik ateratzea erabaki du. Egia esan auzitegiak ez dio EBren deliberoaren muinari heltzen. Hamas kanpo laga du zerrenda horretan sartzeko erabilitako arrazoiak ez direlako ekintzen ikerketan oinarritu, baizik eta interneten eta komunikabideetan aurkitutako informazioak. Beraz, auzitegiak Batasunari esan dio, gutxi gorabehera, 'egizue zuen lana txukun'. Hala ere, auzitegiaren erabaki horrek ez ditu utzi bertan behera Hamasen kontrako neurriak. Beste hiru hilabetez indarrean izango dira eta EBk helegitea aurkezteko bi hilabeteko epea izango du. Hiru hilabete horiek pasata helegiterik ez badago, neurri guztiak bertan behera geldituko dira.

Bestetik, Europako Parlamentuak Palestinako estatua onartu du abenduko Estrasburgoko osoko bilkuran. Ebazpenak dioen moduan: '(Parlamentuak) Palestinako estatua eta bi estatuen konponbidea errekonozitzen ditu eta uste du errekonozimendu horrek eskutik eskura joan behar duela bake-elkarrizketen garapenarekin'. Ebazpena Parlamentuko bost taldek babestu dute, tartean Berdeak-ALE eta GUE-NGL eta 498 parlamentarioen babesa izan du, baita Josu Juaristirena ere.

Ebazpen horrek balio sinbolikoa du, ez baita estatuentzat loteslea. PPEk puntu horretan izan duen jarrera itxiak eta parlamentuaren gehiengo osoa lortu nahi izanak hasierako proposamena leuntzea ekarri dute puntu horretan. Bestetik hauek dira onartukoaren puntu nagusiak:

  • Palestinaren errekonozimendua eskatzea
  • 1967ko mugak izango lituzketen bi estatuen konponbidea babestea
  • Jerusalem izango litzateke bi estatuen hiriburua aldarrikatzea
  • Israelen asentamenduak ilegalak direla berrestea
  • 'Bakerako parlamentarioak' izeneko ekimena bideratzea eta bertan parlamentario palestinarrak eta israeldarrak biltzea bake-prozesuaren aldeko lana egiteko

Europan azken bi hilabeteotan gertatzen ari diren posizionamenduak, hasi Suediak Palestina errekonozitzearekin eta bukatu Europako Parlamentuaren ebazpenarekin, adieraz dezakete Europak nahi duela Israel-Palestina gatazka behin-betikoz konponbidearen arrastoan sar dadin. Eta, itxura batean, Europa ulertzen hasi da hori lortzeko ezinbestekoa dela Israelgo gobernuaren baitan nolabaiteko presioa egitea. Dudarik ez dago, Europan hartzen ari diren jarrera hauek min handia egiten dietela Israelgo posiziorik gogorrenei. Ez da nahikoa, presioa sakondu egin behar da, baina Euskal Herrian bisitari izan ditugun Anat Ben Nunek eta Khalid Sanamek adierazi duten legez, presio inteligentea.

Europa mugitzen hasi da

Esperantzari lehio bat zabaldu omen diote …