Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Ingurugiro egokia bultzatzeko politikak behar ditu emakumezkoen ekintzailetasunak

2014/03/07

'Emakumezkoen ekintzailetasuna krisi garaian' izeneko konferentzia burutu da aste honetan Europako Parlamentuko Bruselako egoitzan Berdeak-ALE taldeak antolatuta

Euskal Herritik, Espainiatik, Greziatik eta Belgikatik etorritako hainbat emakumek gogoeta egin dute emakumeen ekintzailetasunaz Berdeak-ALE taldeko Inaki Irazabalbeitia eta Marije Cornelissen eurodiputatuek, Tolosako Bizzia enpresarekin elkarlanean, antolatutako konferentzian.

Krisi garaietan ahulenek ordaintzen dute beti gehien. Kasu horretan aurkitzen dira emakumezkoak lan-munduan, krisiaren aurretik beraiek osatzen baitzuten soldata txikiagoak eta prekarietate handiena zuten kolektiboa. Krisiarekin egoera hori areagotu da egin da. Ekintzailetasuna izan daiteke egoera horri aurre egiteko erremintetako bat, emakumeak enpoderatzeko eta autonomia ekonomikoa lortzeko bide bat eskaintzen duelako. ‘Ikuspegi horretatik eta krisi-egoeran dauden herrietan emakumezkoek zein estrategia landu dezaketen, zer erronkari aurre egin behar dieten eta zer bide jorratzen ari diren erakustea, eztabaidatzea eta konpartitzea izan da jardunaldiaren helburua’ azpimarratu zuen Inaki Irazabalbeitiak.

Danae Bezantakouk, Grezian emakume-ekintzailetasuna sustatzeko Iforu elkartearen ordezkariak azaldutakoaren artean hiru ardatz azpimarratu behar dira: emakumeek bere buruan izan beharreko konfiantza eta motibazioa, aholkularitza pertsonalizatua jasotzea eta sareak ehuntzea gainerako emakume ekintzaileekin. Belgikan egoitza duen Full Circle erakundeko Louise Hilditch-ek emakume-ekintzailetasuna bultzatzeko ingururgiro egokia sortzeko politikak ezarri behar direla azpimarratu zuen eta Belgikan burutzen direnak etsenplu moduan jarri zituen, familia-kontziliazioa errazteko bidetik doazenak edo emakumeek enpresak sor ditzaten laguntza-lerro bereziak egotea.

Bizziaren bultzatzaile Gemma Zelaiak ere sareak osatzearen garrantzia berrazpimarratu zuen eta testuinguru horretan kokatu zuen bera bultzatzen ari den Women Sarea egitasmoa. Halaber, konferentzian bertan Women Sarea enpresa-proiektuen sariko finalistek beren egitasmoa aurkezteko parada izan zuten praktika onen adibide moduan.

Bildutakoak hiru ondorio nagusira iritsi ziren: emakumezkoek beren buruan sinetsi behar dutela eta motibazioa landu behar dela, emakume ekintzaileen arteko sareak bertakoak zein nazioartekoak funtsezkoak direla eta ingurugiro egokia sortzeko politikak ezinbestekoak direla.

Ingurugiro egokia bultzatzeko politikak behar ditu emakumezkoen ekintzailetasunak

Caroline Phillips, Marije Cornelissen, Inaki Irazabalbeitia, Danae Bezantakou eta Gemma Zelaia