Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Talentu gutxi eta aurreiritzi asko

2023/07/19

Aurreko igandean bere ohiko zutabean Carlos Etxeberrik, Noticias de Gipuzkoako ekonomia-adituak, artikulu bat publikatu zuen non eskribitutako gauza batzuk kezka handia sorrarazi didaten. 'Talento' zuen izenburutzat.

Artikuluan EAEk Europako eskualdeen rankingean zein tokitan dagoen eta horretan industriak, puntako industriak, duen pisua azaldu ondoren, gure enpresek dituzten zailtasunak aletzen zituen. Horien artean talentua erakartzea azpimarratzen zuen, hots, atzerriko teknikari eta zientzialari goi-mailakoak gurera ekartzeko enpresek ei duten dituzten zailtasunak.

Zailtasun horien arrazoien artean honokoa botatzen du: 'esos investigadores y trabajadores de alta cualificación desean que el inglés sea el idioma vehicular de sus hijos, teniendo en cuenta que muchos de ellos no tienen la intención de establecerse de manera definitiva entre nosotros, para lo que demandan colegios internacionales que en Gipuzkoa no existen.'

Enpresariek kezka omen dute nazioarteko ikastetxerik ez dagoelako gure herrian eta erakundeengana jo ei dute eskatuz eta proposatuz A ereduko zentroak ('en los que el euskera sea una asignatura') posible egitea talentudun horien seme-alabentzat. Etxeberrik elkarlan publiko-pribatua eskatzen du 'arazo' hau eta beste batzuk bideratzeko. Aipatu egiten du badabilela kapital-funts bat merkatua analizatzen ikastetxe bat erosteko edo berri bat sortzeko, izan ere: 'la inversión en este tipo de educación puede generar rentabilidades interesantes'. Halaber eransten du, Malagan badirela jada 10 nazioarteko ikastetxe eta horrek talentua erakartzeko gaitasun handia ematen diola.

Zer esan, bada, horrelako planteamendu baten aurrean?

Lehenik: jasanezina da idatzitakoari darion kutsu elitista eta klasista, gure hezkuntza-sistemaren oinarrizko balioen kontra baitoa: aukera-berdintasuna, gizartea-kohesioa,....

Bigarrenik: benetako eskaerarik ba al dago? Donostian dauden ikastetxe ingelesak edo alemanak ez al dute eskaera hori asetzen? Zenbat dira horrelakoak eskaera egiten duten talentudunak? Zentzu komunak esaten digu asko ezin dutela izan, erakarri nahi den kolektiboa ez delako handia eta denek ez dutelako familiarik besteak beste. Esperientzia propioak esaten dit, gurera etorritako Ikerbasque ikertzaileek edo irakasle bisitariek beren seme-alabak gure hezkuntza-sisteman sartu dituztela, bai hemen errotu direnak eta baita pasaeran izan direnak ere. Ez da al hau guztia elite lokalek puztutako ustezko eskaera bat beren seme-alabak gure hezkuntza-sistematik ateratzeko eta horrek ezartzen dituen betebehar batzuetatik ihes egiteko, bi hizkuntza ofizialak jakin beharra esaterako.

Hirugarrenik, nazioarteko ikastetxea ezinbesteko baldintza gisa ezarri duen talentudunik badago, eta ez dut ukatzen baten bat egon litekeenik, talentu gutxi eta aurreiritzi asko dituela erakusten du eta ez zait iruditzen gure gizartean, gure herrian, klase horretako talentua behar dugunik. Izan ere, horrelakoek, normalean, beren buruaren apetei baino ez diote begiratzen eta ez kolektiboaren beharrei.

Laugarrenik: hezkuntzaren planteamendu merkantilista hutsa defendatzen da, bigarren mailan lagata hezkuntzaren funtzio soziala, bere izaeraren oinarririk behinena.

Bukatzeko, zer da nazioarteko ikastetxe bat?

Talentu gutxi eta aurreiritzi asko

Miramongo Parke Teknologikoaren eraikin nagusia