Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Kontseiluaren eztenkada nazio txikioi

2018/06/08

Europar Kontseiluak Europako Parlamenturako hauteskundeen legea aldatu berri du. Parlamentuak berretsi behar du, baina Koalizio Handiak ez du arazorik izango zeregin horretan, denek baitute interesa onar dadin. Analisi laburra egingo dugu hurrengo lerroetan.

Parlamentura sartzeko atalasea ipintzea. 3. artikuluak Parlamentuan ordezkaritza izateko ezinbesteko atalasea jartzea behartzen du beranduen 2014ko hauteskundeetan. Atalasea % 2 eta % 5 bitartekoa izango da. Neurriak bakarrik 35 eserleku baino gehiago dituzten barrutietan aplikatzekoa da eta horrek praktikan Alemaniari eta Espainiari eragiten dio, besteek barruti txikiagoak dituztelako edota atalasea jada ezarrita dagoelako. Neurri honen atzean Alemania dago. Izan ere, 2015eko hauteskundeetan atalasea jarri nahi zuen Merkelek eta Alemaniako Auzitegi konstituzionalak konstituzioaren kontrakoa zela erabaki zuenez ezin atalasea jarri. Horren ondorioz, establishment europarraren gustuko ez ziren alderdi batzuk ordezkaritza lortu zuten; Alemanian, adibidez, neonaziak edo piratak. Alemaniak etxean atarramendurik ez zuela ikusita, Europara jo zuen helburua lortzeko. Kostata ere lortu egin du. Belgikak ez zuen neurria babesten (Gogoratu NV-Ako flandriar abertzaleak daudela gobernuan) eta erabateko adostasuna beharrezkoa zen. Belgika azkenik amore eman die presioei.

Ez naiz neroni inoiz atalaseen aldeko aizan, demokraziaren baliorik behienena –pertsona bat boto bat– endekarazten duelako. Gobernagarritasuna aldarrikatzen dute batzuek horrelako neurriak babesteko, ahuntzaren gaueko eztularen pareko arrazoia deritzot horri.

Espainiak zein atalase jarriko luke? % 5eko hain segur, koherentea izango litzatekeelako Gorteetako hauteskundeen atalasearekin. Kaltea euskal herritarrok pairatuko dugu. Izan ere, Estatuko barruti bakarrarekin nekez ailega gaitezke % 2 eta inola ere ez % 5era. 2015ko hauteskundeetako datuak eskuetan EAJ eta CiUren arteko koalizioak bakarrik gaindituko luke % 5eko atalasea: oraingo egoeran seguruenik ez lukete gaindituko. Compromis, ERC, BNG eta EH Bildu EPtik kanpo geldituko lirateke. 2016ko hauteskunde orokorren datuak baliatuta are kezkagarriagoa: EAJ + CDC, % 2,13; EH Bildu + BNG, % 0.98 eta ERC, % 2,63. Compromis Ahal Dugurekin koalizionatu zenez zaila da jakitea dagokion portzentaia, baina % 5etik beherakoa dela segurta daiteke.

Espainiak 2019ko hauteskundeetarako atalasea onartuko balu lan eskerga dute gure politikariek % 5a gaindituko lukeen koalizio bideragarrik antolatzeko!

Beste berrikuntzen artean aipa daiteke boto-paperean europar alderdiaren izena eta logoa jartzea gomendatzen dela.

Europako Parlamentuak eginiko proposamenetik Kontseiluak hartu ez dituenetako batzuk segidan:

  • Barruti europar bakarra estatalen osagarri moduan. Horretarako Erresuma Batuak utzitako eserlekuetako batzuk baliatuko ziratekeen.
  • Zerrenden parekidetasuna ez da eskatzen.
  • Ez dira behartzen estatuak 3. estatu bateko pertsona egoliarrek botoa emateko eskubidea izan dezaten
  • Europako Parlamentuko kidea eta estatu- edo erregio-parlamentuko eserlekuak bateragarriak izatea ez da debekatzen.

Neurri guzti hauek demokrazian sakontzea ekarriko zuketen.

Ondorio klaru bat, Kontseiluak hauteskunde-lege berriarekin ez du bilatu demokrazian sakontzea, baizik eta kide boteretsuenaren apetak betetzea baizik.

Aulestiko Begoetxeatarren armarriko esaldia usatu beharko dugu nazio zapaldu txikiok Bruselan eta Estrasburgon tokia izan nahi badugu: Txikiak handia bentzi lezake, asmoz eta jakitez!

Kontseiluaren eztenkada nazio txikioi

Herri txikiok ez al dugu tokirik bertan?