Edinburgoko kronika irailaren 18an
2014/09/18
Kaleetan kanpainaren arrastorik apenas ikusteak deitu zigun atentzioa lehenik. Leiho batean edo bestean 'yes' edo 'no' bakan batzuk. Eranskailuak auto batzuetan. Kalean astegun buruzuri baten ohizko bizitza. Ohituta egonik hauteskundeen parafernalia koloretsu eta zaratatsura harritu egin gintuen giroaren hoztasuna. Hori ordea irudikeria zen, izan ere, giro bero da, oso bero, bestelako berotasunaz hala ere.
Aski izan zen hoteleko telebista piztea eta zapping apur bat egitea ohartzeko katea gehienetan erreferenduma zela hizpide berrietan, eztabaida-saietan eta enparauetan. Beroa sumatzen zen telebistaren pantailan zehar, ez sesioaren beroa, arrazoien eztabaidaren beroa baizik. Horrek ere atentzioa deitu tertulia politikoak sarri oilategi bilakatuta ikuste ohiturik gaudenontzat! Medikoatikotasuna da herri honetako kanpaina politikoen ezaugarri behineko bat. Telebistan eginiko lider politikoen arteko eztabaidek erabaki dezake emaitza!
Atez atekoa da Eskoziako estiloaren beste hanka. Boto-emaileen atea jo eta arrazoi bidez konbentzitzea zure posizioaz. Lan handia eskatzen die militanteei. Baiaren aldekoek oso egoki jorratu dute alor hau. Aspaldiko urteetan botorik eman ez duen jendea boto emateko izena ematea lortu dute lehenik eta, antza, baiezkoaren aldeko botoa asko haziko da horrela. Botoa emateko egunari begira baiezkoaren aldeko militanteek postaz eman dute jada botoa. Gaur, izena eman eta botoa ematera joan ez direnengana joanen dira botoa ematera joan daitezen gonbidatzera.
Kaleetan berotasun gehiago sumatu dugu atzo eta gaur. Berotasun parte ez txikia kanpotik etorritako Europako estaturik gabeko beste nazioen ordezkariek jarritakoa. Kale-kantoi batzuetan jaima urdinen azpian baiezkoa eskatuz ikusi ditugu lagun-taldeak. Pasatzen dena gelditu, solastatu eta konbentzitzen saiatuz. Ezezkoaren aldekoak ere bai, gutxiago hala ere. Kanpainan egon den manifa bakan horietako baten lekuko ere izan ginen atzo.
Enbidia ematen du giroak. Krispaziorik ez da ikusten. Etxe-bloke berean 'yes' eta 'no' kartelak ikus daitezke lehioetan. Dendetan ere kartelak daude. Ez dirudi inork erreferendumaren biharamunean errepresalien edo boikoten beldur denik. Arazoak eta sesioak egongo dira, hain segur. Hala ere, bide nagusia arrazoiaren indarrean oinarritzen dela argi dago. Kultura demokratiko sendoaren lekuko!
Bukatzeko, euskal herritarrok, akaso, gehiago erreparatu beharko genioke Eskoziako estiloari eta gutxiago Espainiako estiloari lehia politikoa planteatzeko unean.
Emozioz gainezka nago gaurkoak emango duenaren zain