Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Delfosko adierazpena

2015/06/30

Ekainaren 2oan eta 21ean Greziako Delfos hirian munduko osotik joandako intelektualen, politikarien eta kazetarien multzoa bildu zen neoliberalismoa borrokatzeko estrategiez mintzatzeko. Hauxe duzue produzitu zuten dokumentua

DELFOSKO ADIERAZPENA

Greziaz eta Europaz

 

Europako gobernuak, Europako erakundeak eta NMF, elkar harturik, seguruenik nazioarteko banku handien eta bestelako erakunde finantzarioen kontrol zuzenaren pean, Greziako gobernu aukeratu berriaren eta Greziako herriaren kontra presiorik handiena egiten ari dira, mehatxu argien, txantajearen eta gezurrez eta izuz betetako komunikazio-kanpaina baten bidez.

Greziako gobernu hautatuari eskatzen diote “erreskate”-programarekin jarraitzea eta baita 2010eko maiatzean inposatutako ustezko “erreformekin” teorian Grezia “lagundu” eta “salbatu” behar zutenekin .

Programa horren ondorioz, Greziak 1945etik hona Europan jazo den hondamendi ekonomiko, sozial eta politikorik handiena pairatu du. Bere BPGaren % 27a galdu du, Lehen Mundu Gerran Alemaniak eta Frantziak izan zituzten kalte materialak baino handiagoa. Bizi-maila maldan behera joan da, gizarte-ongizateko sistemaren eskubide sozialak ia-ia hondatu dira. Mende bateko borroken bidez lortutako eskubide sozialak desagertu egin direla ikusi dute grekoek. Gizarte-geruza osoak suntsitu dira eta gero eta greko gehiago literalki beren buruak balkoietatik botatzen ari dira miseria eta desesperantzazko biziari bukaera emateko. Demokrazia formalitate huts bihurtu da sortu zen herrian bertan, hiltzaile ekonomiko kolektibo moduan jokatzen duen troikaren agindupean, zeina Kafkaren “Gortearen” gisakoa baita. Grekoak bizitzaren oinarrizko baldintzei buruz esperimentatzen ari diren ziurgabetasun hori frantsesek esperimentatu zuten 1940an, alemanek 1945ean eta sobietarrek 1991an. Aldi berean, programa horrek gainditu behar zituen bi arazoak, Greziaren zor soberanoarena eta lehiakortasunarena, larri higatu dira.

Orain, Europako gobernuek eta erakundeek kontzesiorik oinarrizkoena eta txikiena ukatzen diote Atenasko gobernuari, are gehiago,itxurak salbatzeko formula minimo bati uko egiten diote. SYRIZAren errendizio osoa nahi dute, umiliatu eta suntsitu nahi dute. Trajedia nazional eta sozial horri irtenbide baketsurik eta demokratikorik ukatzean Grezia kaoserantz bultzatzen ari dira, gerra zibilerantz bultzatzen ez badira ari. Bidenabar, herri horren barruan intentsitate baxuko gerra ez-deklaratua gertatzen ari da babesgabeen, gaixoen, gazteen, zaharrenen, ahulenen eta zorigaiztokoen kontra. Hori al da gure umeentzat nahi dugun Europa?

Gure baldintzarik gabeko babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu herri grekoari bere duintasunaren, salbazio nazionalaren eta sozialaren alde eta troika inposatzen ari den tutoretza neokolonialistaren kontra egiten diharduen borrokan. Mehatxuaren eta txantajearen pean Greziako gobernuak onartzera derrigortuta izan den hitzarmen ilegalak eta onartezinak salatzen ditugu. Izan ere, tratatu europar guztiak, NBEren karta eta Greziako konstituzioa urratzen dituzte. Europako gobernuei eta erakundeei eskatzen diegu Greziarekiko duten politika ganoragabeari edota kriminalari amaiera ematea. Deitu egiten ditugu abian jar dezaten Greziako egoera ekonomikoa bideratzeko eta herri horretan jazotzen ari den giza hondamendia borrokatzeko larrialdiko programa eskuzabala.

Europako herri guztiei ere dei egiten diegu ohar daitezen Grezian jokoan dagoena ez direla grekoen soldatak edo pentsioak, grekoen eskolak edo ospitaleak edo nazio baten etorkizuna non Europaren kontzeptua bera jaio baitzen. Grezian jokoan dagoena espainolen, italiarren eta baita ere alemaniarren soldatak, pentsioak, gizarte-laguntzak eta ongizate-estatua dira. Europako demokrazia bera, hots Europa bera, dago jokoan. Hedabideek kontatzen dutenari sinesteari utzi, gertaerak kontatzen dituzte beren esanahia distortsionatzeko helburu bakarrarekin. Kontrasta ezazu modu independente batean zure politikariak eta politikariak kontatzen ari direna. Egonkortasun-ilusioa bat sortzen saiatzen ari dira eta sortu egin dute. Lisboan, Parisen, Frankfurten edo Stockholmen bizi zaitezke eta segurtasun erlatibo batez bizi zarela uste dezakezu. Kontuz ilusio horiekin! Greziari so egin behar diozu, ikusteko zure eliteak zuretzat, gu guztiontzat eta zure umeentzat prestatzen ari diren etorkizuna ikusteko. Errazagoa eta aztiagoa da orain geldiaraztea, geroago baino. Europako nazio oso bat suntsitzen lagatzen baditugu gure gobernuak, grekoen landara guk eta gure umeek sari izugarria ordainduko dugu.

Bereziki dei egiten diogu herri alemanari. Ez gara gu horietakoak zeintzuk etengabe alemanei iragana gogorarazten dieten, bigarren maila batera kondenatzeko edo 'errudun-faktorea' baliatuz helburu onartezinak erdiesteko. Herri alemanaren antolakuntzazko eta teknologiazko gaitasunak asko estimatzen ditugu, eta baita bere sentsibilitate demokratikoa, ekologikoa eta bakezalea ere. Herri alemana nahi eta behar dugu bestelako Europa bat eraikitzeko aberatsa, demokratikoa eta independentea mundu poloanitz batean.

Europan beste inork baino hobe dakite alemanek lider ganoragabeen obedientzia itsuak zertara eraman lezakeen eta iraganean nora eraman duen. Ez dagokigu guri lezio hori irakastea. Beraiek badakite beste inork baino hobeto zein erraz den kanpaina bat hastea garaipeneko erretolika batekin eta bukaeran inguruan hondamendia baino ez egotea. Ez ditugu gonbidatzen bat egin dezaten gure iritziarekin. Eskatu egiten diegu bakarrik pentsa dezatela sakonki Helmut Schmitt bezalako liderrek emaniko iritziez; eskatzen diegu entzutea aleman poeta modernorik handienaren, Günter Grassen, ahotsa, hil baino urte batzuk lehenago Greziaz eta Europaz eginiko profezia.

Dei egiten diogu herri alemanari geldiaraz dezan elite politiko alemanen eta nazioarteko kapital finantzarioaren arteko 'Fausto' moduko aliantza. Dei egiten diogu herri alemanari ez dezala laga bere gobernuak grekoei egiten jarrai diezaien aliatuek alemanei beraiei egin zietena Lehen Mundu Gerra irabazi ondoren. Ez itzazue utzi zuen liderrak eta eliteak kontinente osoa, Alemania barne, bihurtzen nazioarteko kapital finantzarioaren eremu pribatu.

Gero eta premia handiagoa dago europar zorraren berregituratzen erradikal batena, sektore finantzarioaren jarduerak kontrolatzeko neurri serioak ezartzearena, Europako periferiarentzat 'Marshall plan' baten moduko batena, egungo Europako ereduaren birformulazio ausarta paratzearena eta bultzatzearena, oraingoa jasanezina dela frogatu baita. Hori egiteko adorea aurkitu behar dugu baldin eta Europa hobea nahi badugu gure umeentzat, ez hondamendian dagoen Europa, bere nazioen arteko etengabeko gatazka finantzarioan edo militarrean.