Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Europako eraikuntza-prozesua Europako Batasunaren (EB) moduko batasun politikoan gorpuzten ari da, zeina atzen mendeetan teorizatu izan den. Egungo aliantza politikoko prozesu luze eta geldo honek 1951ko Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren tratatuan (IAEE) du jatorria. Gaur egun, demokrazia, bakea, askatasunak eta giza eskubideak Batasunaren printzipio eta balioak badira ere, lehentasuna Batasunaren osagai ekonomikoa dela ikusten dugu. Bitarteko zena helburu bihurtu da.

EB erakunde sui generisa da aldi berean nazioarteko erakunde baten zein entitate federal baten ezaugarriak dituelako. Hasteko onartu behar dugu EB errealitate bat dela. Bultzatu behar ditugu Europaren balioak eta, era berean, eskatu behar dugu herritarren eskubide sozialak emendatzea eta onartzea. Era berean, EBren gabeziak ere kritikatu behar ditugu, bai eredu instituzionalari dagozkionak eta baita herritarren eskubide sozialen berme-gabeziari dagozkionak ere. Hori bai, Batasunak gure herriari ekarpen positiboak egin dizkio eta arrazoi estrategikoengatik besterik izango ez balitz ere, europazale izatea komeni zaigu; are gehiago, harro agertu behar dugu subiranotasunaren aldeko katalanek eta eskoziarrek egiten duten moduan. Euskal subiranotasunaren aldarria Batasunaren baitan kokatu behar da eta XXI. mendeko EBren barnean Estatu independente izatea eskatu behar dugu. Horregatik euskal europazaletasuna sustatu eta bultzatu behar dugu eta ez ditugu nahastu behar kritika beharrezkoa eta zilegia euroeszeptizismoarekin edo antieuropazaletasunarekin. Bi atzen jarrera horiek ez dira logikoak eta, gainera, akats estrategikoa izango lirateke.

Gogoratu behar dugu abertzaleok XX. mendearen hasieratik europazaletasunaren parte izan garela eta, zehazkiago, Europako Mugimendu Federaleko kideak hasieratik. Hagako 1948ko konferentzian EAJren eta EAEren ordezkariak egon ziren besteak beste. Ezker abertzale historikoa (EAE) europazalea izan zen beti. Aralar Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren (Eurobask) kide da. Halaber, duela hilabete batzuetatik hona, Aralar ALE-EFA alderdi europarreko kide behatzailea da. Alderdi horretan EBko alderdi subiranista eta progresista gehienak daude eta, bereziki, 2009ko Europako hauteskundeetan gure koaliziokide izan zirenak.

Azken urteotan EBaren eraikuntza-prozesua eraginkortasunaren ereduan oinarritu da eta ez demokrazian eta, ondorioz, ezkerreko abertzaleok oso kritikoak izan gara huts egindako Europako Konstituzioarekin eta Lisboako Tratatuarekin. Hitzarmen horretan ez dira biltzen Europako herritarren gutxiengo eskubide sozialak eta erabakiak hatzeko prozesuan eta gardentasunean gabezia handiak daude. Hortaz, europazaletasun kritiko batetik Batasunaren balioak aldarrikatu behar ditugu munduan demokraziazko, bakezko eta askatasunezko eremu bat sortu duelako, perfektua ez bada ere, munduan dagoen aurreratuena dena.

Balioen Europa

Aralarrek oraingo europar eredua kritikatzen du. Europa sozialagoa eta demokratikoagoa aldarrikatzen dugu non osatzen duten herriek elkarlan-espirituarekin lan egingo baitute. Estaturik gabeko herriek Batasunaren baitan beren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzea izan dezaten Europan sinisten dugu. Oraingo Batasunari egin dakizkiokeen kritiken gainetik, jakitun gara herritarrei abantaila ugari ekarri dizkiela eta bereziki positiboa izan dela bakeari, garapenari eta demokraziari dagokionean, batik bat, Europaren XX. mendeko testuinguruan kokatzen badugu: gerraren eta totalitarismoaren Europa.

Egoera ekonomiko zailaren aurrean, zeinetan euroeszeptizismotik arrazakeriaraino eta xenofobiaraino doazen mezuak berriz ere agertzen ari diren, ikusten ari gara nola hainbat alderdi politikok, agintarik eta komunikabidek Batasunaren kontrako eta bere balioen kontrako mezuak zabaltzen ari diren. Horregatik proposatzen dugu balioen Europa berriz ere sustatzea:  berdintasuna, askatasuna, tolerantzia, demokrazia eta giza eskubideak.

Europako Batasuna demokratikoagoa, hurbilagoa eta gardenagoa

Oraingo egoerak frogatzen du Europako Batasunaren beste eredu bat posible dela, are gehiago beharrezkoa dela. Horregatik Aralarrek, ahalik eta erakunde politikoen kopururik handienarekin batera, proposatu eta defendatu behar du erreforma erradikal eta demokratikoa, hala formakoa nola sakonekoa. Viviane Reding komisarioak eginiko proposamenaren harira, zeinak Europako estatuetako parlamentuetan Europako Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida sustatu gura duen, EB gertuagokoaren eta gardenagoaren alde honoko neurriak proposa ditzakegu:

1. Europako Parlamentuak, Batasunaren organorik demokratikoena izanik ere, erabakiak hartzeko unean gabeziak izaten jarraitzen du, nahiz eta Lisboako Tratatuaren ondorioz ahalmenak emendatu zaizkion. Uste dugu bere ahalmen legegilea handitu egin behar dela eta, era berean, ekimenerako ahalmena esleitu behar zaiola. Halaber, kodezisio-sistema alboratu behar da eta Parlamentuak izan behar du erabakitzeko gune bakarra, hots, ahal den neurrian Europako Parlamentuaren papera indartzea. Parlamentuari buruz dihardugularik eta murrizpen aldian gaudelarik, uste dugu zentzugabea dela Parlamentuak bi egoitza izatea, bata Estrasburgon eta bestea Bruselan. Gainera Luxenburgoko Idazkaritza Nagusia dago. Europako Parlamentuak egoitza bakarra izan behar du.

2. Parlamenturako hauteskundeei buruz dihardugularik, 2014ko Europako hauteskundeetan Estatu espainiarrean barruti autonomikoak osatzea eskatu behar dugu, jakinaren gainean egonik ere alderdi txikientzat kaltegarria dela. Estatuak izaera deszentralizatua duenez eta autonomia bakoitzak eskumen desberdinak dituenez, banaketa horrek hautetsiak estuago lotuko lituzke herritarrekin eta bere erregioarekin. Proposamena ez berria, behin baino gehiagotan eztabaidatu izan da eta demanda bat Epaitegi Konstituzionaleraino iritsi zen. Kontuan hartu behar da Belgikak, Italiak, Erresuma Batuak eta Frantziak hainbat barruti dituztela eta horietako batzuk Estatu Espainola baino zentralistagoak direla. Azpimarratu behar da Europako Parlamentuko Gai Konstituzionaletarako Batzordeak 2014ko hauteskundeak direla eta, txosten batean iradoki zuela 20 milioi biztanle baino gehiago dituzten estatuek barruti bat baino gehiago antola dezaten. Era berean, gutxiengo linguistikoen beharrak asetzeko barruti bereziak ezartzeko aukera ere mahaigaineratu zen. Atzen hau izan liteke aukera ederra Euskal Herria bere osotasunean barruti bakar moduan onartzeko.

3. Erregioen Batzordea. Horri buruz dihardugularik, moldatu egin behar dela uste dugu subsidiaritatea eta gertutasuna sustatzeko eta sendoagoak izan daitezen. Horregatik proposatzen dugu Erregioen Batzordea Erregioen Senatu bihur dadin. Gaur egun Batasunaren legeriaren % 70a herri eta herrialde mailan aplikatzen da. Ez da entenditzekoa Batzordea erakunde aholku-emaile hutsa izaten jarraitzea legeria herritarrengandik ahalik eta gertuen aplika dadin subsidiaritate printzipioa bultzatzen ari denean.

4. Batasunaren Kontseilua. Nola da posible organo horren bilerak ateak itxita egitea?  Estatu kideen ministroen konferentzia moduko horrek desagertu behar du eta Batasunaren beste erakundeei transferitu behar dizkie bere eskumenak. Bien bitartean, estaturik gabeko erregioek eta nazioek Kontseiluan parte hartze benetakoa izan dezaten defenditu behar dugu.

5. Europako Batzordea: Inportantea izango litzateke EPak zuzenean aukeratzea. Halaber, kide-kopurua beharrezkoa den neurrian murriztu beharko litzateke; ez luke erlazionatuta egon behar estatu kideen kopuruarekin eta, gainera, ez zaio zertan estatu bakoitzari bat egokitu behar, baizik eta gorbernantza egoki batek eskatzen duenarekin. Ekimen legegilearen monopolioa ez luke izan behar.

6. Herritarren parte hartzea. Herritarren ekimena abian jartzea egokia da, muga nabarmenak dituen arren. Mugek, esaterako estatu kideen laurden batean milioi bat sinadura gutxienez bildu behar izateak, haren kudeaketa ia ezinezko bihurtu dute eta oso antolakuntza ahaltsuen esku soilik gelditu da. Baliagarria izateko moldatu egin behar dela deritzogu. Herritarrek Batasunaren erabakitzeko prozesuetan parte hartzeko beste bide batzuk ere ireki beharko lirateke.

Hortaz, Europako Batasunaren benetako demokratizazioa eta herritarrenganako gertutasuna helburu duten neurri horiek eta aplika daitezkeen beste batzuk defendatzen ditugu.

Euskal Herria eta Europa

Orain arte adierazi dugun legez, Aralarrek Europari buruzko ideia positiboak bultzatu behar ditu:  eskubideak, humanismoa, elkartasuna, demokrazia, … Alabaina, aldi berean beste eredu instituzional bat proposa dezakegu eta bestelako aldarriak egin ditzakegu:

  1. Hizkuntzen ofizialtasuna. Erreklamatzea euskara eta Batasuneko estaturen batean ofizialak edo koofizial diren hizkuntzak ofizialak izatean EB, hots, Irlandako galeikoaren eta malteraren maila bera izan dezaten edo ingelesarena edo gaztelaniarena.
  2. Europako Kontseiluan parte hartze zuzena izatea. Bestalde, bereziki autonomia bati eragiten dioten gaietan, ordezkari autonomikoek, ‘estatu-ministro’ mailarekin, joan ahal izan dezaten eskatzen dugu. Hori jada jazotzen da Austria, Belgika, Alemania edo Erresuma Batuaren kasuan Erregioetako ministroek estatu osoaren ordezkari moduan joaten dira Lisboako Tratatuaren 16(2) artikulua aplikatuta. Hori aurrerabidea eta normaltasun-seinalea izango litzateke.
  3. ECOFIN. Gure herrialdeek berezko egitura fiskala dutenez, gure ordezkariek iraunkorki egon behar dute organo horretan.
  4. Euskal euroregioa. Duela hilabete batzuk Euskadi-Akitania euroregioa abian jarri da. Tresna oso garrantzitsua izan da daiteke Euskal Herriaren lurralde-kohesiorako. Horregatik Nafarroako Foru Komunitatea animatu behar da euroregio horren kide izan dadin. Nahiz eta Euskal Herria baino eremu zabalagoa izan, lehen urratsa da Euskal Herria osoa horren parte izatea, helburua izanik Euskal Euroregioa sortzea. Horrek esparru askotan elkarlana bultza dezake  eta finean gure herria batu: komunikazioa, ekonomia, ingurugiroa eta kultura.

Europa eta autodeterminazio-eskubidea

Subiranotasuntzale eta europeista garenez herritarren Europa sustatu behar dugu, non lurralde bateko herritarrek entitate azpieuropar moduan antolatzea deliberatzen badute, DEMOKRAZIAren bidez egiteko aukera egongo den, demokrazia baita Europako Batasunaren funtsezko printzipioa. Herritarren Europa bultzatu behar dugu estatuenaren kontra. Une giltzarriak izango dira Eskoziako erreferenduma eta Flandriako prozesuaren eboluzio naturala (divorce de velours).

Laburtuz, Aralarrek europazale eta aldi berean ereduarekin kritiko izan behar du.

Europa soziala

Europaren eraikuntza-prozesuari bira soziala eman behar zaio.

  1. Europa, justizia sozialaren eta lan-eskubideen espazio mundiala. Langileen Europaren alde egin behar dugu. Krisiari emango zaizkion erantzunak Europa sozialaren ikuspegitik artikulatu behar dira non Europa mailako lan-harremanen esparru minimo bat ezarriko den. Horrela bermatuko da EBko langile guztiek baldintza minimo duin batzuk izan ditzaten, enplegu-egonkortasun handiagoarekin eta lanaren banaketa bidezkoarekin. Politika komunak bultzatu behar dira kalitatezko enplegua sortzea helburu izango dutenak. Baldintza horiek oinarrizkoak izango lirateke eta estatuek halabeharrez hobetu beharko lituzkete eta ez luke inolaz ere ekarri beharko orain Batasunako 27 estatuetan dauden lan-baldintzak okertzea. Euskal lan-harremanetarako esparruaren oinarria Lan Eskubideen Europako Gutuna izango litzateke.
  2. Eskubide sozialak. Europako herritarrak ongizate-estatuaren aterkiaren azpian abaroan egotea, eraiki nahi dugun Batasunaren eta Europaren eraikuntzaren ezaugarri jatorrizkoa da. Ongizatearen sozietatea blindatu eta hobetu behar dugu, Batasunaren politiken ezaugarri inportanteenetako bat delako eta EBren beraren ezaugarria delako. Hor politika sozialak sartzen dira jokoan zeintzuk minimoen marko bat izan behar duten Europako Batasunean. Horregatik inportantea litzateke Eskubide Sozialen Europako Gutuna promulgatzea. Horren oinarrizko edukien artean egongo litzateke egoera ahulean daudenak babesteko funts europarra sortzea eta, halaber, EBren aurrekontuaren % 1a elkartasun-programetara bideratuko litzateke.
  3. I+G+b. Bestelako ekonomia eraiki behar da. Horren oinarriak izango lirateke kalitatezko enplegua sortzea eta eraikuntzatik eta obra publikotik haratagoko beste sektore ekonomiko batzuk bultzatzea, horien artean I+G+b funtsezkoa delarik eta bereziki  berrikuntzaren b-a, krisitik ateratzea eta berritzea sinonimoak direlako Era berean, Nekazaritza Politika Komunaren esparruan lehen sektorea berrorientatu beharko litzateke garapen-eredu jasangarri batekin lotuta, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren orientazio ekologikoa enplegu-iturri handia izan daitekeelako.
  4. Europa, garapen jasangarriko espazio mundiala. Lurraren eta ingurugiroaren defentsan oinarritu behar du. Ingurugirorekiko errespetua izango duen garapen-eredu batean sakondu behar da. Europak CO2 maila murrizteko hartu dituen konpromisoak bete egin behar ditu eta energia berriztagarrien aldeko postura egin behar du.

Lau oinarrizko ideia horiek kontuan hartu behar dute krisiak orain arteko sistema ekonomikoaren egiturak lupuak jota utzi dituela eta eredu neokapitalista baliorik gabe utzi duela. Horren ondoren ez da ezer lehen bezala izango. Eredu ekonomikoari gagozkiolarik, beste bat izango da. Horregatik beharrezkoa da berrasmatzea Europako sozietatea antolatzeko modu berria, krisitik ateratzeko atea izango dena eta jasangarritasunean eta elkartasunean oinarrituta egon beharko duena. Horregatik Mundu eta Europa mailan gertatzen ari den bataila ideologikora gure harri-koskorra ekartzea funtsezkoa da. Eta hori guztia justizia sozialean oinarritutako Europa eraikitzeko.

Europa eta mundua

Europako Batasunak kanpo-politikoa propioa izan behar du, lerrokatugabea eta independentea, ardatz moduan izango dituena nazioarteko elkartasuna, gerra-abenturetan parte ez hartzea eta pertsonen eta herrien oinarrizko eskubideen defentsa.

Ezinbestekotzat jotzen dugu NATO desegitea. Halaber, EBko estatuek utzi behar diote hirugarren estatuetan gerra-ekimenetan esku hartzeari, horiek giza laguntzaren mozorroa izaten duten arren. EBko estatuen armadak hirugarren estatuetan esku hartzea defendatuko dugu betiere NBEaren kasko urdinen bidez baldin bada.

Bestetik, gure helburua da EBko kide diren estatuek ez dezatela armada propiorik izan. EBak, erakunde guztiz demokratiko bihurtzen denean, armada propioa izan beharko luke, Europako Parlamentuaren eta Europako Batzordearen kontrolpean jardungo lukeena, beti ere, defentsarako izango dena eta abentura inperialistean edo interbentzionistetan arituko ez dena.

Europako Batasunak nazioarteko bidezko merkataritza sustatuko du. Horrek helburu izan behar du lehengaien eta elikagaien eta nekazaritza-produktuen ekoizle diren estatuen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea.