Ziurtagiri berde digitala
2021/03/16
Hotsa aspalditik bazetorren. Garraioaren industria hasi zen ideia haizatzen. Greziak airean harrapatu zuen eta Hegoaldeko beste estatu batzuk babesturik Europa mailako txertatze-ziurtagiri bat antolatzea proposatu zen. Horren bidez Europarrok kontinentean bidaiatzeko mugarik ez genuke izango eta turismoa ekonomiaren oinarria duten estatuei uda salbatzeko modua emango litzaieke. Frantziak eta beste estatu batzuk ez zuten ideia oso egokia ikusi, baina badirudi uda salbatzeko operazioak aurrera egingo duela Batzordeak matxoaren 17an ziurtagiria indarrean jartzeko lege-proposamena publiko egingo baitu. Europako Parlamentuan eztabaidatu beharko da eta prozesua arin joateko urgentziazko prozeduraz egingo da eztabaida. Helburua klaru dago, ekainerako proposamena lege izatea.
Niri kezka handiak sortzen dizkit bai osasun-ziurtasunaren ikuspegitik eta herritarron eskubide-berdintasunaren ikuspegitik ere. Hona kezkak
-
Ez dago argi, ez dago datu erabakiorrik ea usatzen ari garen txertoek immunitate esterilizatzailea emateko gaitasunik duten, alegia, gerok babesteaz gain beste batzuei gaixotasuna transmititzea ebitatzen duten.
-
Txertoek zenbat denboraz babesten duten COVID19aren aurka ez dago klaru. Beraz, denbora-epe bat pasa ondoren gerta liteke pertsonek immunitatea galtzea
-
Arrazoizko epe batean txertatze unibertsala lortzea ez da posible. Txertoak fabrikatzeko ahalmenak mugak ditu ikusten ari garen bezala eta entrega-epeak ez dira betetzen ari.
-
Txertatze unibertsala lortzen ez den bitartean bi kategoriako herritarrak sortzeko arriskua dago: txertoa hartzeko aukera izan dutenak eta izan ez dutenak. Txertoa hartzeko aukera izan ez dutenen eskubideen urraketak gertatzea ez litzateke harritzekoa, adibidez, kultur ekitaldi edo jatetxe batean sartzeko ziurtagiria eskatzea. Halaber, txertoak hartu duenak aukeratu ahal izango luke Greziara edo Italiara oporretan joatea edo etxe inguruan gelditzea oporretan. Bidaiatzeko eskubidea bermatuta izango luke. Txertoak hartu ez duenak ez luke aukerarik izango toki horietara oporretan joateko berrogeialdi-prozesu batetik pasa gabe eta bidaiatzeko eskubidearen urraketa pairatuko luke. Frantziako iraultzak ezarritako berdintasun-printzipioa urratuko litzateke, hain justu.
-
Beste arrisku batzuk ere badaude behin atea irekita; ate hori are gehiago zabaltzea eta ziurtagiri horretan beste datu batzuk ere biltzeko tentaldia sortzea agintariei, osasunari buruzkoak zein bestelakoak.
Erne jarraitzeko moduko gaia bada. Aztertu beharko da zein den Batzordearen proposamenaren letra zehatza eta eztabaida zein bideri segitzen dion Europako Parlamentuan. Egoera ez zait gustatzen eta ekonomiaren izenean herritarron oinarrizko eskubideak urratuko direla beldur naiz.