Zipreko egoeraz emendakina
2017/01/04
Bi parteak presio handiak jasaten ari dira, bereziki AEBren aldetik, eser daitezen eta, behingoagatik, akordio bat itxi dezaten. Akordioaren mamia aurreko sarreran aipatu genuen.
Urtarrilaren 12an Genevan egingo den konferentzian lortu nahi da adostasuna. Iturri greko batzuen arabera erdietsi nahi den akordioak Zipreren bukaera ekarriko luke. Batetik, Turkiak irlan duen presentziari babes legala emango lioke eta, era berean, betikotuko luke. Horrela Zipre EBren estatua izanik Turkiak Batasunean nolabaiteko sarbidea izango ei luke. Halaber, Zipreko estatuaren bukaera izango litzateke, izan ere, akordioak aurreikusten duen arbitraje-sistemak herritarren subirautza higatuko luke. Irlaren gobernantzarako aurreikusten diren mekanismoek huts egingo balute, atzerriko epaileez osatutako tribunal batek izango lituzke atzen hitza eta erabakimena.
Edukietan sartu gabe, demokrazia hutsaren ikuspegitik larria dirudi oso akordioa berresteko hartu edo inposatu nahi den manera. Izan ere, herritarrek hitza izan dezaten ebitatu nahi da, erreferendumik ez baitute egin nahi. Gogoan izan 2004an gertatutakoa. Aukera horrek sumina eta ezin egona sortu ditu irla. Horren erakusle da Zipreko artzapezpiku Krisostomosek esandakoa bere eguberriko mezuan non Zipreko presidente Anastasiadesi abertitu egiten baitzion irlaren egoera politikoaren konponbiderako ezein proposamen herritarrek erreferendum bidez berretsi behar zutela. Ezaguna da eliza ortodoxoak Zipren duen indarra sozial eta politikoa!
Egoera ez da samurra AEBk, Britainia Handiak, EBk eta Turkia presioa egiten ari dira Zipreko bi komunitateen lider politikoengan Genevan akordio batera ailega daitezen eta sina dezaten. Zipreko egoera egoki bideratzeak ekialdeko Mediterraneoan tentsio-gunea bat baretzea ekarriko luke. Ez dut akordio posible horren edukiez juzkurik egingo. Alabaina, ene aburuz konponbide horrek bi baldintza minimo bete beharko lituzke. Batetik, NBE Zipreri buruz hartu dituen erresoluzioak betetzea non Turkiako tropak irlatik erretiratzean behin baino gehiagotan demandatu baita. Bestetik, Zipreko herritarrek lortutako akordioa erreferendum bidez berrestea. Baldintza demokratiko minimoak dira horiek, nik uste.