Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Verde que te quiero verde

2015/03/23

Andaluziako hautezkundeez gogoeta bi

Andaluziako hauteskundeek eman didate zer gogoetatu. Jakinaren gainean egonik Andaluzia PSOEren feudo leiala eta boto-biltegi oparoa dela, espero izanik PSOE aise garaitzea harridura sortu dit garaipenaren tamainak. Andaluziaren argazkia kanpotik eginez gero zer irudikatuko genuke? Enplegu-erregulazio espedienteen kakatzarra Andaluziako gobernuko kideak, UGTk eta PSOEk horrekin zikindurik, % 35eko langabezi-tasa (% 60a gazteen artean), peonadak, 32 urte boterean, etab. Argazki horrekin 2012ko eserlekuei eustea ez da ahuntzaren gau erdiko eztula!

Zeintzuk dira garaipen horren arrazoiak? Itxura batean Susana Diazek karisma eta lidergoa izan da arrazoietako bat. Besteen akatsek ere lagunduko zuten. Hainbat analistek Podemosen hauteskunde-estrategia desegokia aipatzen dute, adibidez, udal hauteskundeei uko egin izanak udal mailako sare sendoa eratzea eragotzi dio, hots, udal mailako erreferentziazko pertsonarik ez du. Hori larrutik ordaindu egin ei du Andaluziako nekazaritza-eremuetako herrietan. Alternatiba argirik ez egoteak ere bultzatuko zituen batzuk zaldi garailearen alde egitera. Tankerako beste batzuk ere jaulki daitezke.

Alabaina, arrazoi horiek ez naute asebetetzen. Arrazoi estrukturalagorik ere egon behar du gertatuko emaitza azaltzeko. Nik uste, Andaluziaren egitura ekonomikoa eta soziala dago guztiaren oinarrian. Horrek bezerokeria-sareak bultzatu ditu, garai bateko jauntxokeriaren oinordeko moduan zabaldu direnak. Maiz akordatzen naiz umetan Sibiliako Carmona herrian ikusitako irudiaz: goizean goiz herriko plazan nekazaritza-morroiak, peoiak, nagusiaren zain, ea zein aukeratzen zuten egun hartan lanerako! Sare horiei esker boterean dagoen alderdiak mekanismo egokiak ditu 32 urtez botereari eusteko krisia-krisi eta ustelkeria-ustelkeri. Nolabait Mexiko-PRI bikotearekin erka daiteke.
Partido Andalucistaren beherakada etengabea izan da nire beste atentzio-puntua. Maldan behera joan dan azkeneko hamar urteotan Andaluziako Parlamentuan ohiko indar izatetik marginalitatearen ertzean balantzaka ibiltzeraino. 2012ko hauteskundeekin konparatuta botoen herena galdu du, 100.000 botoen mugatik 60.000 eskasera pasata. Ezerezera al doa andaluziar abertzalegoa? Horrela ematen du, tamalez. Inportantea deritzot andaluzismoa sendoa izateari eta errotua egoteari, eta ez bakarrik Andaluziako herritarren interesak egoki defenditzeko bertako ikuspegia defendituko duen indar sendoa egotea beharrezkoa delako, euskal herritar moduan erabakitzeko eskubidea aplikatu ahal izateko estatuko gainerako nazioetan abertzalego sendoa izateak lagunduko lukeelako.

Partido Andalucistaren hauteskunde programa hemen duzue interesa izanez gero.

Verde que te quiero verde

Andaluces de Jaén, aceituneros altivos, decidme en el alma, ¿quién, quién levantó los olivos?