Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Presidentzialen lehen itzulia

2017/04/27

Igande gauean France 2ko hauteskunde-programa ikusten ari nintzela txiokatu nuen presidentzialen 2. itzulia ez zela maiatzaren 7an jokatuko ekainaren 11 eta 18ko Asanbladarako hauteskundeetan baino.

Igandean lau lehen hautagaiak % 4,5eko urkilan egoteak aditzera ematen zuen legislatiboetan egoera oso irekia egon daitekeela eta ezein gauza jazo daitekeela.

Atzo Europako Parlamentuan Jose Boverekin solastatzeko aukera izan nuen. Igandeko hauteskundeen emaitzez jardun genuen. Berak hainbat gauza zituen garbi. Hautagai bata zein bestea ez zirela bere gustukoak, baina bigarren itzuliko helburuak izan behar zuela Le Penek ahalik eta botu-portzentzaiarik txikiena erdiestea. 60/40 ratioa txarra izango zela klaru zuen eta 60/30 ratiora ahalik eta gehien hurbiltzea zela egokiena. Abstentzioarekin beldur zen. Hainbatek, Macronek inongo ilusiorik egiten ez dielako, paso egitea, pentsatzea beste batzuk joango zirela botoa ematera eta dena egina zegoela, hots, Macronek irabazita duela jada.

Ekaineko legislatiboak oso irekiak daudela azpimarratu zidan ere, hautagaien arteko tarte txikia medio. ‘Bigarren itzulian lau hautagai egon daitezke barruti askotan’ azpimarratu zidan. Gogoan izan botoen % 15a lortu behar dela bigarren itzulira pasatzeko.

Ezkerraren balizko batze bati buruz galdetu nion. ‘Melenchonek ez du nahi’ esan zidan lakonikoki.

Europarlamentario berde Michele Rivasirekin ere solastatzeko aukera izan dut. Ezkerraren batzeko aukerari buruz Josek esandakoa berretsi dit, gaineratuz desastre hutsa dela: ‘sozialistek, komunistek, berdeek eta Frantzia Intsumitukoek bat egon beharko lukete fronte indartsu bat osatzeko. Eskuinaren mesede bestela’.

Ekaineko hauteskundeei begira hainbat galdera daude. Klaru da ezin direla zuzen-zuzenean hauteskunde batzuen emaitzak beste batzuetara, bien artean hilabeteko epea soilik egonik ere. Presidentzialetan hautagaien irudiak pisu nabarmena du, ez horren beste siglena. Horrexegatik Marine Le Penek bigarren itzuliari begira FNaren lehendakaritzari uko egin dio. Bestetik, legislatiboetan alderdien egitura pisu handiagoa dute eta Frantzian, horretaz aparte, tokian tokiko notableen bezero-sareek eta klientelismoak pisu nabarmena dute.

Macronek zein punturaino aterako dio etekina presidentzialetan lortutako emaitzari? Azterketa guztiek diote bera dela hauteslego hegazkorrena duen hautagaia, alde handiz gainera. Orain berari botoa eman diotenen artean zenbatek emango dio bere mugimenduari? Zenbat itzuliko dira beren jatorrizko hautura bedi ezkerra edo eskuina?

Le Penek hautagairik bozkatuena izan da 200dik gora barrutietan joan den igandean. Argi da hori ez dela automatikoki horrenbeste diputatu bihurtuko, baina aditzera ematen dut FNk 50-100 diputatu bitartean izan ditzakeela. Hori guztia bigarren itzulirako fronte errepublikanoa osatzen den arabera egongo da. 2012ko hauteskundeetan FNk lortu zituen bi eserlekuak fronte errepublikanoa osatu ez zen barrutietan lortu zituen. Nago, aurten hautes-barruti gehiagotan gertatuko dela hori, bereziki, lau hautagai iristen badira bigarren itzulira.

Eskuinaren emaitza lortzen duten barne-batasunaren menpe egongo da eta Macronengandik berreskuratu dezaketen boto-emaileen kopuruak ere pisua izango du. Fillonen irudia gainditu beharko dute eta tokian tokiko notableen jarrera ere inportantea izan daiteke, batzuk Macronengana hurbiltzeko tentaldia izan baitezakete eserlekua segurtatu aldera.

Ezkerrean auzia nahasirik dator. Melenchonek emaitzak onak bere nagusigoa indartzeko baliatu nahi duela ematen du; sozialistekin bat egin nahi ez izateak hori adierazi nahi du. Sozialistak oso ahul eta zatituta daude. Ez dirudi emaitzak hobetuko dituztela eta horrek inoizko emaitzarik txarrenen azpitik jar ditzake, 1993an baino okerrago. Ekologistek iparra galduta dute eta, sobra ere, hautagaitza handiago batzuei kolorea baino ez diote emango.

Eta PRSko gure adiskideak? Ba pozik Bretainiarren lortzen badute Pierre Molac-ek bere eserlekuari eustea. 2012an kortsikarrak Asanbladarako tiketa lortzetik ez ziren urrun ibili, 2015eko emaitzek esperantza demate orain gerta daitekeela, baina igandean irlan Le Penek irabazi izanak hodei beltzak korritu ditu esperantza horren gainean.

Parlamentu zatikatu bati aurre egin beharko diola Macronek da seguru dirudien gauza bakarra. V. Errepublikako kohabitazio berri horretan batzuen eta besteen babesa bilatzen saiatu beharko du gaiaren izaeraren arabera. Den-dena ikuskizun da hala ere; politika -fikzioa.

Presidentzialen lehen itzulia

Lehen itzuliko hautagaiak