Populismoaren haizea dabil
2016/11/09
Europako Batasunaren baitan baditugu populismo horren etsenpluak. Hungariako eta Poloniako gobernuek edabe horretatik edaten dute. Brexitak irabazi izana ere ikuspegi horretatik esplika daiteke. Alemanian AfDk gora nabarmen egin izana hor dago. Ikusiko dugu Frantziako datorren urteko hauteskunde bietan, presidentzialetan eta legislatiboetan, zer gertatzen den Fronte Nazionalaren botoarekin.
AEBetan ez da Trump arazo bakarra. Kongresua eta Senatua ere errepublikanoen esku gelditu dira. Lehen aldiz 90 urtetan alderdi bakar batek AEBtako botere-mekanismo nagusi guztien kontrola izango du. Ikaratzekoa da, Trumpek ez duelako motelgarri izan daitekeen erakunderik aurrean eta, are gehiago, bere jarrera erradikalak senadoreak eta kongresuko kide errepublikanoak erradikalizatzera eraman ditzake; gehiago erradikalizatzera egia esan.
Clintonek eta Trumpek zein estatutan garaitu duten mapari erreparatzen badiogu, irudi argi bat dago. Clintonek mendebaldeko estatuetan eta Ipar ekialdeko estatuetan irabazi du. Trumpek hegoaldeko eta mendebalde erdialdeko estatuetan. Gerra zibilean Konfederazioaren alde borrokatu ziren estatuetan Virginian bakarrik izan da nagusi Hillary. 150 urtek ez dute ezabatu bi AEBren artean dagoen aldea, sobra ere.
Trump eta gainerako populismoak ez dira ezerezetik sortu. Gizarte-sustrai sakonak dituzte, garapen- eta ekonomia-eredu jakin baten ondorioa dira. Klaseen eta jendeen arteko desberdintasunak handitu dituen, marjinalitatea eta pobrezia emendatu duen, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago egin dituen, boterea esku gero eta gutxiagoen esku kontzentratu duen eta herritarrak kontsumitzaile huts bihurtu dituen eredu neoliberalaren kontsekuentzia dira.
Jendea errebelatu egiten da eta sistemaren kontra egiten du. Galtzaileen arrapostua da. Zer ordezkatzen du Clintonek? Sistema. Ba, 'leña al mono', pailazo hitzontzi hantuste bati botoa eman behar badiot ere.
Egia da Trumpek, Orbanek, Le Penek eta gainerakoek ez dutela sistema aldatuko eta beraren parte direla, baina jendeak ez du horrela sumatzen. Ezkerrak ez du jakin jendearen fustrazioa indar positibo eta eraldatzaile bihurtzen. Horretan dugu erronka. Lortzen ez badugu, populismo pseudofaszistaren eta neoliberalismoaren itsasoen artean igeri egin beharko dugu tarte batez.