Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Pako datorren garaian

2020/04/08

Aurreko astean Markel Olano diputatu nagusiak bilera telematikoa egitera gonbidatu gintuen alkate gipuzkoarrok. Estimatu nuen gonbita! Hantxe izan ginen alkateok eta Olanorekin batera lau foru-diputatu.

Bilerari hasiera emateko, Markel Olanok egoeraren irakurketa egin zigun eta etorriko zenaren lehen zantzuak iradoki. Ez gintuen ustekabean harrapatu. Diputatuek bakoitzak bere alorrean egindakoa azaldu zuten: eragileekin izandako bilerak, autonomoei eta enpresa txikiei ondorioak arintzeko hartutako neurriak, abian jarri duten informazio webgunea (oso baliagarria, bidenabar), ...

Oso ongi hori guztia, dudarik ez dut. Alabaina, neroni pantailaren ezkerraldean eserita ikusten ari nintzen Jabier Larrañagaren zain nengoen. Pakoren papera jokatzea egokitzen zitzaiola argi nuen. Eta hasi egin zen... Klaru hitz egin zuen: foru-funtsa % 20-25 bitartean jaitsiko dela, bere ustetan gastu-sabaia malgutuko zuela Madrilek eta galderak hasi zirenean abian diren dirulaguntzak ez direla etengo, baina berraztertuko direla zeintzuk diren guztiz beharrezkoak eta zeintzuk horren, hitz lauez, esleitutako sosak murriztuko direla zenbait kasutan.

Gauza bat eskatu nion Jabierri, foru-funtsaren beherapenaren aplikatzeko irizpideetan herriaren tamainaz harantzago joateko. Izan ere, herri batek jasotzen foru-funtsaren zenbatekoa, praktikan, biztanle-kopuruak markatzen du. Ez litzateke onargarria eta justua izango 'kafea guztientzat' formula aplikatzea eta udalerri bakoitzaren egoera propioa kontuan ez hartzea artaziak sartzeko unean.

Bere atzen interbentzioan Jabierrek azpimarratu zuen erakundeok erabaki behar dugula zer nahi dugun blindatu. Irizpide zuhurra, baina, nago, batzuk altzairu sendoa izango dutela blindajea osatzeko eta beste batzuk, aitzitik, kobrezko lamina fina baino ez dugula izango.

Landa-herri txikiok gorriak ikusiko ditugu biziraupeneko jarduera bat izateko ere, bereziki industrialderik ez dugunok.

Har dezagun Alkizaren adibidea. Gure herriak 602.000 €-ko aurrekontua onartuta du 2020rako. 2019koa baino apalxeago da, baina orain arte ohikoa izan denaren neurrian. Udal altxortegian pilatutako gerakinak lasaitasuna ematen zigun inbertsio berriak egiteko, nahiz eta plan ekonomiko finantzarioan egoteak erabiltzeko muga batzuk jartzen zizkigun.

Nola banatzen dira Alkizako udalaren sosak?

Gastuak honela banatzen dira:

    • I eta II kapituluak: % 65

      • Udal langileak: % 37

      • Zerbitzuak (elektrizitatea, telefonia, ura, informatika, …): % 28

    • IV kapitulua: % 15

      • Diru-laguntzak (kirola, eskola, euskara, etab.): % 2,6

      • Kuotak (Tolosaldea Garatzen, Hondakinen-mankomunitatea,Tolomendi, etab.): % 12,4

    • VI kapitulua. Inbertsioak (Plan Orokorra, herri-bideak, urbanizazioak, …): % 20

Hortik erraz ondorioztatzen da Alkizako udalak bere baliabideen % 77,4a gastu arrunta ordaintzeko erabiltzen duela, hots, bizirauteko behar duena.

Sarrerak honela biltzen ditugu:

  • Zerga eta tasak: % 22,1

    • Zergak (IBI eta ibilgailuak, nagusiki): % 12,3

    • Tasak (hondakinak eta ura, nagusiki): % 9,8

  • Foru-funtsa: % 56,5 (340.394 € aurreikusita 2020rako)

  • Dirulaguntza lehiakorrak (Leader, Landaola, Inguramena GFA,…): % 19,2

Ondorioz, bermatutako sarrerak % 78,6ra iristen dira, alegia, gastu arrunta berdintzeko adina.

Alabaina, foru-funtsa % 25 jaisten bada, GFAren ekarpen zuzena onartutako aurrekontuaren % 42a estaltzera ailegatuko da. Horrek ekarriko luke bermatutako sarrerak % 66ra baino ez litzateke iritsiko, gastu arrunta ordaindu ahal izateko baino 11 puntu gutxiagora.

Erakunde publiko nagusietatik beste finantzazio-iturri batzuk ere baditugu udalok proiektu zehatzak finantzatzeko usatzen ditugunak. Deialdi lehiakorrak dira, hala nola, herri-bideak konpontzekoa, energia berriztagarriak ezartzekoa edo kultura-jarduerak burutu ahal izatekoa. GFAk jada publikatu ditu horietako batzuk eta ogasun diputatuak argi izan zuen murrizketak egongo direla horietan. Ez da oso azti izan behar ohartzeko ateratzeke dauden horietan ere murrizketak gertatuko direla, izan GFAkoak izan Eusko Jaurlaritzakoak. Hemendik ere galera!

Horrek guztiak hodei beltzak dakarzkio udal txikion egoera ekonomikoari eta ondorioz gure herritarrei eman ahal izango diegun zerbitzuei.

Oso kontziente gara zein den egoera eta gure ahalegina egiteko prest gaude. Sarrera propioak, zergak eta tasak, handitzeko tarterik ez dugu. Alkizan ez da beste herri batzuetan bezala gertatzen non herritarrek oinarrizko zerbitzuen kostua osoa ordaintzen ez duten: hondakinen kudeaketa edo ura adibidez. Gurean % 100 ordaintzen dute. Gastu batzuk murrizteko modua aurkituko dugu, inbertsio inportante batzuk bazter batera utziko ditugu, baina beste batzuk ezin dute itxaron, hirigintza plan orokorra da horietako bat Alkizan.

Erakunde publikoak baliabide asko mugitzen ari dira autonomoek eta enpresa txikiek jasango duten egoera arintzeko eta bideratzen laguntzeko. Guztiz ados horrekin! Era berean landa-eremuko udal txikiak haiek bezain zaurgarriak gara eta berariazko ekimenak behar ditugu herritarrei ematen dizkiegun zerbitzuak emateko. Kredituetarako bideak erraztea izan daiteke bide bat: interes oso baxuko epe luzerako kredituak edo kredituentzako abalak. Gutxirako balioko luke gastu-sabaia kentzea, udalok dirua maileguan hartzeko modu errazik eskaintzen ez bada.

Guk gure partea egingo dugu, goiko erakundeek lagundu beharko digute gure partea osatzen.