Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Orihuelako ingurugiro-arazoen berri bertatik bertara

2013/09/19

Hilaren 18an eta 19an Orihuelan izan naiz bertako Berdeen Konfederazioko alkate Monserrate Guillenek gonbidatuta. La Muradako zabortegiaren arazoa eta Cala Moscako egoeraren berri jaso dut.

Asteazken arratsaldean Berdeen Konfederazioko Europako Harremanetarako arduradun den Pura Perisek lagunduta iritzi ginen La Muradara. Bertan udal agintariez gainera 200 bat herritarrek eta zabortegiaren kontrako plataformako kideek hartu gintuzten.

Diosala-hitz batzuen ondoren guztiok La Muradako zabortegirantz abiatu ginen. Bertan ikusi ahal izan nuena ez sinestekoa da. Lixibiatuak libreki isurtzen, aire librean pilatutako zaborra, laranjadien azpian lurperatutako zaborra, laburtuz, zabortegi baten kudeaketa izan behar duenaren kontrakoa. Zaborrak kudeatzeko EB zuzentarauak esaten duena ez betetzearen adibide ezin egokiagoa. Orihuelako auzo den La Muradako biztanleak aspalditik ari dira zabortegia ixteko borrokan. Orain arte, PPko alkateak izan dituen udalak entzungorrena egin du eta baita Valentziako Komunitateko ingurugiro-arduradunek ere. Alabaina, Berdeek udal agintea hartu duenean udala herritarrekin bat egin eta borroka horri lotu zaio.

Bertan herritarrak Europako Parlamentuaren aurrean eskaera bat egin dezaten bultzatu nituen. Hitza eman nien eskaera Eskaeren Batzordearen aurrean tinko defendatuko dudala eta nire esku dagoen guztia egingo dudala Parlamentuaren ordezkaritza bat Orihuelara joan dadin arazoaren berri bertatik bertara izatera.

Ostegun goizean Cala Moscan izan gara: Orihuelan eta inguruko herrietan hiritartu gabe dagoen kostaren zati bakarra, 2 km doi-doi. Bertan landare eta barraskilo endemiko bat bizi dira eta inguru hori nola defendatzeko zein urrats eman aztertzen aritu gara.

Bisita honetan azpimarragarria gertatu zait plataformetako kideek transmititzen duten adore eta indar kutsakorra. Indar berrituta etorri naiz Orihuelatik.