Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Norantz doa Arroka?

2015/02/08

Joan den asteartean Gibraltarko lehen ministro Fabian Picardoren hitzaldia entzuteko parada izan nuen Madrilgo Palace hotelean.

Aretoa beteta zen hitzaldi-gosari moduan planteatutako hitzaldian. Bertan ilaje anitzeko lagunak: kazetariak, enpresariak, sindikalistak, hainbat koloretako politikariak eta segurtasunez arduratzen ziren pertsona ugari. Kanpoan Francoren garaiko bandera espainolak airean dantzarazten zituen ultraeskuindar aldra txiki bat, 20 bat lagun, protesta eginez ziharduten.

Mahaia EAJko Anasagastirekin, Aspiazurekin eta Olabarriarekin, ERCko Tardarekin, CDCko nazioarteko harremanetarako arduradun Victor Tarradellasekin, nire burkide Jon Inarriturekin eta inork ezagutzen ez zuen bikote batekin konpartitu nuen.

Ordu erdi inguruko solasaldia egin zuen Picardok. Gero publikoak eginiko galderei hutsik egin gabe erantzuna eman zien. Tipoa lasaia, sinpatikoa eta lagunartekoa begitandu zitzaidan Picardo iaz Europako Parlamentuan ezagutu nuenean. Halaxe portatu zen Madrilen ere. Andaluziako gaztelaniaren doinuarekin jardun zen eroso eta lagunarteko hizkera ere menperatzen duela demostratu zuen kazetari baten galderari '¡Vas de coña!' batekin erantzuten hasi zitzaionean.

Nola ez? Podemosi buruz galdera bat baino gehiago egin zizkioten eta 'beste herri bateko barne-politikan ez naiz sartuko' esaldiarekin despatxatu zituen. Kataluniari buruz ez galdetzeak harritu ninduen, bereziki Gibraltarko herriaren erabakitzeko eskubidea behin baino gehiagotan aldarrikatu zuenean. Trufari ibili zen galdetu ziotean ea Gibraltar etorkizunean Espainiako beste autonomia bat izan ote daitekeen. Melilla eta Zeuta Marokoko autonomia moduan ikusten ote zituen jaulki zion galdetzaileari erantzun moduan.

Hitzaldian zehar Picardo hainbat gauza utzi zituen garbi:

  1. Negoziazioa dela auziari irteera emateko modu bakarra, baina Espainiak etenda dituela komunikazio-zubiak. Kordobako hitzarmena betetzeko jarrerarik ez omen du Espainiako gobernuak.

  2. Egoeraren galtzaileak Campo de Gibraltarko biztanleak dira nagusiki. Horietako 10.000 Arrokan egiten dute lan. Campo de Gibraltarko BPGaren % 18a Gibraltarren zuen jatorria 2007; % 25a 2014an. Kontuan hartu Arrokaren ekonomia %10,3 hazi zela iaz. Inpresio horixe bera atera nuen joan den urtean Gibraltarko eta Campo de Gibraltarko enpresarien eta sindikatuen ordezkariekin batzartu nintzenean Bruselan.

  3. Gibraltarreko herritarrak erabakitzeko eskubidea errespetatzea da ezein prozesuren marra gorria

  4. Gibraltar Europako Batasuneko kidea dela eta EBren legedia zorrotz aplikatzen duela, baita fiskala ere.

Xehetasun gehiago eman zituen. Hitzaldiaren hasiera bota zuen 'Garaiak aldatzen ari dira' esaldiarekin geldituko naiz. Alabaina, Espainiako gobernua eta kalean zebiltzan ultraeskuindarrak bat datoz garai zaharreko errezetekin segitzearekin. Harritzen al zaitu?