Nolako panorama 2019ko europar hauteskundeetan?
2018/06/12
Estatuak 2019an 2014ko hauteskundeetan baino 5 eurodiputatu gehiago izango ditu, Brexitaren ondorioz. Izan ere, Britainia Handiari dagozkion 73 eserlekutatik 27 gainerako estatuen artean banatu dituzte. Hortaz Espainiak 59 eurodiputatu izango ditu hurrengo Europar Parlamentuan.
Aurrekoan aipatu nuenez gerta liteke estatuan Parlamentura sartzeko % 5eko atalasea aplikatzea. Ikusi genuen 2014ko emaitzak aplikatuta zein ondorio kaltegarri izango lukeen egoera horrek.
Oraingo egoera politikoa ez da duela 4 urtekoa. Gauza asko pasatu dira harez gero eta ez Katalunian soilik: M15a memoria da jada, adibidez, baina pentsionisten haserrea azaleratu da. Halaber, 2019ko hauteskundeak espezialak izango dira, udal eta foru-hauteskundeekin (parlamentu autonomikoen hauteskundeak komunitate askotan) bat egingo dute. Horrek eragin handia izango du parte hartzean, ohizkoa baino jende gehiago bozkatuko baitu: 20 puntuko aldea izan zen 2014 eta 2105 artean. Ez dut hain garbi nola eragingo dion botoari. Tokiko alderdiei egiten diete mesede udal hauteskundeek, baina Europakoak tartean badira, beldur naiz kanpainak dimentsio estatala har dezakeela. Horrek kalte! Eta ez dezatela kointziditu balizko hauteskunde orokorrekin!
Egun hauetan ElDiario.es-ek argiratutako inkesta hartuko dut oinarri moduan 2019rako balizko eszenatoki batzuk proposatzeko EPn gure herrien tokiko indarren ordezkaritza bermatuko lituzkeenak. Badakit inkestak hauteskunde orokor batzuei begira egindakoak direla eta urte bete tarte handia dela politikan. Alabaina, zein aukera egon daitezkeen aurreikusteko balio dezake.
Ez da berria alderdi abertzaleok koalizioak egin behar izana Estrasburgon eserlekua lortu ahal izateko; ohikoa izan da. Neroni ‘Herrien Europa – Berdeak’ koalizioko ordezkaria izan nintzen Parlamentuan.
A eszenatokia. Ardatz ideologikoa
-
Ezkerreko abertzaleak: ERC, Compromis, MES, EH Bildu, BNG eta txikiago batzuk. Horrelako batek botoen % 6,2 inguru eta 4 europarlamentario lortuko lituzke. Denak gustura gelditzeko moduan, oraingo legegintzaldikoa berrituko luketelako.
-
Zentro-eskuineko abertzaleak,: EAJ, PDECAT, CC eta txikiago batzuk ez lirateke % 3ra ere iritsiko eta ordezkaritzarik gabe geldituko lirateke.
Eszenatoki hau oso zaila da. Zentro-eskuinekoa koalizioa naturala eta tradizionala da. Ezkerrekoak arazo nagusi bat du: Compromisentzat politikoki nekeza da eta kostuak izan ditzake ERC eta EH Bildurekin batera joatea. Kontuan hartu aldi berean Valentziako Gorteen hauteskundeak direla. Halaber, ERC, EH Bildu eta BNG bakarrik ez dira iristen % 5era; puntu inguru falta zaie. Han eta hemen botoak mordoxkatuta puntu bat emendatzea lor litekeela pentsa liteke. Zaila hala ere!
B eszenatokia. Ardatz nazionala
-
Bloke katalanista. PDCAT, ERC, MES eta txikiago batzuk. Hauek % 4,5 eta 5 artean ibiliko lirateke, amildegiaren ertzean. % 5a gaindituz gero 3 ordezkari lortuko lituzkete.
-
Euskal blokea. EAJ, EH Bildu eta Geroa Bai. Emaitza % 2,2ren bueltan egon litzateke. Kale!
Euskal herritarrok jai dugu horrelako planteamendu batekin. BNGren botoak daude jokoan, bestalde. Nire uste bloke katalanistarekin joango lirateke, beren botoekin eserlekuaren aukera indartzeko eta ordezkaritza-zati bat eskuratzeko asmoarekin. Compromis, botoen % 2,1ekin presio, ataka gaiztoan egongo litzateke eta, seguruenik, Podemosen blokean sartzea beste aukerarik ez luke izango.
C eszenatokia. Totum revolutum
-
Euskal, katalan, galiziar blokea: EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, PDCAT, ERC, MES, BNG eta txikiago batzuk. Emaitza % 7aren ingurukoa izango litzateke, hots, 4 eserleku.
Compromis aurreko B eszenatokiaren egoera berean egon litzateke. Gainerakoak ere galtzaile, 6 eurodiputatutik 4ra pasako bailirateke. Gauzatuko balitz, kudeaketarako arazo larriak lituzke. EAEn adibidez, udaletan eta BBNNtan arerio eta Europan lagun egun eta ordu berean? Nola kudeatu kanpaina eta mezuak? Compromis eta CC totum revolutum horretan sartuko balira, botoen % 10aren bueltan erdietsiko lirateke eta 6 eurodiputatu; eurodiputatu bat galduta 2014arekin alderatuta.
Horixe da panorama. Zaila eta nekeza, 2019an ez bada, 2024an izango duguna. Bien bitartean amets egin dezakegu eta imajinatu Espainiak benetan plurinazional bihurtzen dela, hauteskunde-barrutiak komunitateen araberakoak ezartzen direlarik. Komunitate autonomo bakoitzari eserleku bat gutxienez esleituko balitzaio eta gainerako 42ak populazioaren arabera banatuko balira, EAEri 3 eserleku legozkioke eta Nafarroari bakarra. Testu-inguru horretan, EAJk eta EH Bilduk eserleku bana lortuko lukete oraingo egoerak balirau.
Txerri goseak, ezkurra amets!