Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Next Generation EAEn. Gogoeta moduko bat

2020/12/31

Eudeleko lehendakariordeek, Nagore Alkortak eta Jose Antonio Santanok, Iñigo Urkullu lehendakariari Next Generation dela eta igorri dioten gutuna oso pertinentea iruditzen zait. Horrelako ekimenak behar duen adostasunean, zabaltasunean eta zeharlerrotasunean sakontzeko balio izatea espero dut

Daitort udararen bueltan Europako Batasunak bultzatutako Next Generation programa anbiziotsu eta handirako Eusko Jaurlaritzak zituen asmoen berri izan nuenean moskeatu egin nintzela. Oso proiektu onak proposatzen ziren, baina tartean proiektu txirene nahikotxo eta nabarmen tokiz kanpo zeuden beste batzuk ere ageri ziren, ez baitzituzten betetzen EBk jarritako helburuak. Lurraldeen arteko desoreka nabarmena zen eta lagunak saritzeko partiketa egin zela pentsa zitekeen proposamen batzuei buruz. Gainera ez zegoen argi nola, zeinek eta zergatik aukeratu zituen proiektu horiek eta zer agenteekin kontrastatu zuten proposamena.

Europako Batasunak Recovery and Resilience Facility delako instrumentuaren bidez kudeatuko ditu Next Generationek diru-laguntza zuzenez eta maileguz jarriko dituen baliabideak. Zer den, nola funtzionatuko duen eta finantza ditzakeen proiektuen adibideak hementxe dituzue: https://ec.europa.eu/info/business-economy-euro/recovery-coronavirus/recovery-and-resilience-facility_es#the-facility-and-nextgenerationeu.

Urriaren hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak berak bultzatutako proiektuen berri eman zuen. Neurri batean Jaurlaritzakoarekin izandako sentsazio bera izan nuen. Tolosaldea Garatzeneko zuzendaritza-batzordeko kidea naiz. Ezeren berri ez nuen. Hauxe idatzi nien nire kontseilukideei urriaren 5ean.

'Ez naiz sartuko proiektu horien egokitasuna juzgatzera. Alabaina, kezka bat sortu dit horrek guztiak. Zein izan da proiektu horiek aukeratzeko usatu den prozedura? Zein agenteri galdetu zaio ea proposamenik ba ote zuen? Izan ere, horrelako aukera baten aurrean logikoa eta zentzuzkoa dirudike eskualdeetako agenteekin ere hitz egitea; gure kasuan Tolosaldea Garatzenekin.

Kontseilukide moduan ez neukan berririk ea Tolosaldea Garatzeni galdetu dion EJk edo GFAk eskualdean zein proiektu egon zitezkeen. Badaezpada ere, Joxeluisi —Tolosaldea Garatzeneko kudeatzailea— galdetu diot. Erantzun dit, berak ez duela kontzientziarik horretaz galdetu digutenik.

Larria iruditzen zait horrelako aukera baten aurrean, erabakia hartu behar dutenek kontrasterik ez egitea tokiko agenteekin. Ez da gobernantza eredugarria, alajaina! Nire iritziz ez genuke kontu hau pasatzen utzi behar. Hurrengo bileran gai hau gai-ordenako puntu bezala sartzea proposatzen dizuet.'

Gutunean esan bezala, gobernantza eskasa iruditu zitzaidan, gobernantza berria aldarrikatzen ari den une honetan. Eskualdeko garapen-agentziek tokiko egitura ekonomiko eta sozialaren ezagutza oso ona dute, harreman etengabean ari baitira eskualdeko eragileekin; zer gutxiago proiektuak proposatzeko unean haiei parte hartzeko aukera ematea baino? Gaia abenduaren 2ko zuzendaritzan tratatu genuen eta gure kexua agertuko genuela erabaki zen.

Bien bitartean, komunikabideek Donostiako asmoen berri eman ziguten azaroaren 19an. Hiriburuak 1.000 milioi euro eskatu zituen 78 proiektu bideratzeko (https://www.diariovasco.com/san-sebastian/donostia-presenta-proyectos-20201119115303-nt.html). Itxura batean, Olentzerori gutunak idazteko epea zabalik zen! Biharamunean, Gipuzkoako herrietako alkateok asteroko zoombilera genuen Markel Olanorekin. Donostiakoa ikusita ea gainerako herrioi eskaerak egiteko atea zabaldu ote zitzaigun galdetu nion. Ez-ustean harrapatu nuen uste dut. Esan zidan proiekturik bagenuen, Eudelen bidez edo diputazioaren bidez helaraz genezaiokeela EJren Ogasun-sailari. Halaxe egin zuen Alkizak.

Eusko Legebiltzarreko eztabaida etorri zen gero. Harrituta laga ninduen gobernuak eta sostengatzen duten alderdiek nola tratatu zuten oposizioa: tonuan eta jarreran. Ez zait normala begitantzen oposizioak eginiko 100 bat proposamenetatik bakar bati ematea oniritzia. Horren txarrak, horren neurriz kanpokoak, horren zentzugabekoak al ziren? Alper-harria pasa eta segi aurrera...

Azken etapa (orain arte), abenduaren 29an Euskadi Next Programa Vasco de Recuperación y Resiliencia 2021-2026 onartu zuen Jaurlaritzak. Hemen duzue eta, oraingoz, gaztelaniazko bertsioa baino ezin da deskargatu: https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/65958

Atzo ordu batzuk hartu nituen dokumentua leitzen. Ezagututakoaren ildotik doa eta EJk, diputazioek eta hiriburuek eginiko ekarpenetatik edaten du: handien neurrira.

Nabarmentzeko puntu berri bat agertzen da: udalei parte hartzeko aukera ematen zaie (3.6 puntua, 90. orrialdea), baina nola planteatzen den ikusita bigarren mailako aktore moduan. Izan ere, Jaularitzak eta diputazioek udalei ematen dizkien ohiko diru-laguntza deialdien bidea seinalatzen da eta Espainiako gobernuak egingo omen dituen deialdien bidez. Hots, EJren pentsamoldean udalen edo udal elkarteen ekimen konkretuentzat tokirik ez dela aurreikusten ematen du.

Espainiako gobernuaren laguntzei buruz hauxe esaten da:

'En el momento actual, (diciembre de 2020), se desconoce el mecanismo de transferencia de estos fondos, a los que tanto Diputaciones como Ayuntamientos vascos tendrán derecho. Tan solo se conoce, hasta el momento, la publicación por parte del Ministerio de Transición Ecológica y Reto Demográfico de una “Manifestación De Interés” (MDI, dirigida a ayuntamientos de menos de 5.000 habitantes. Dicha MDI dará pie posteriormente a la publicación de una convocatoria de ayudas '

Kontua da interes-adierazpenak egiteko epea abenduaren 23an itxi zela (https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/servicios/participacion-publica/plan_recuperacion_transformacion_resiliencia.aspx). Gu inor ez gaitu jakinaren gainean jarri.

Honaino ailegatuta zer? Espero dut Eudelen lehendakariordeen gutuna aldarri hutsean ez gelditzea eta ondorioak izatea. Herri honen ongizatean sakontzeko aukera paregabe baten aurrean gaude. Herri-proiektu baten aurrean gaude. Ezin dugu huts egin eta horretarako ezinbestekoa da gobernantza partekatu bat non guztiok parte izateko aukera izango dugun. Desafioak guztion indarra behar du! Lehendakariordeek puntua jarri dute, nola osatuko da bertsoa?