Navarra Suma & Nafarroa Ez
2019/03/21
Ez zaio askorik kostatu nafar eskuin espainolistari ados jartzea indarrak biltzeko. Helburua argia: lehen pausoan Nafarroako ordezkaritza eskuinera lerratuta egotea Madrilen eta bigarrenean, Nafarroako gobernua berreskuratzea. Argi dute beren gizarte-eredua ezartzeko bat egitea dela; biderik eraginkorrena batasuna dela eta di-da batean akordatu dute! Navarra Suma ondorioz!
Nafarroako gobernua osatzen duten indarrak erdibidean gelditu dira: senaturako bai, kongresurako ez. Senatukoa ez dago gaizki, baina bigarren mailako ganbera da, gobernagarritasunaren babarrunak Kongresuko eltzean egosten baitira.
Entenditzen dut Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren joko-zelaia erresuma zaharraren lurraldea baino zabalagoa dela eta horren mende lantzen dutela beren estrategia. Madrilen dute nagusia eta haren txilibituaren soinuan egiten dute dantza. Hortaz juntadizoa ez zaie interesatzen. Oraingo honetan oker dabiltzala uste dut, azti izanez helburua beharko lukeelako izan trifatxitoaren kontra ahalik eta indar-metaketarik handiena lortzea. Nafarroan horrek elkarrekin joatea esan nahi du. Alabaina, ikusita Madrilen pasatzen ari dena, Urliak esan lezake Espainiako ezkerra bere oinari tiro egiten ari zaiola.
Konprenitzekoa ez dena da, Nafarroan ikuspegia abertzalea konpartitzen duten bi indarrek gaitasunik ez izatea elkarrekin joateko, Nafarroa Bai moduko zerbait berpizteko. Nafarroako udal eta parlamenturako hauteskundeei begira ezinbestekoa ikusten dut orokorretan emaitza ona lortzea. Hastear dagoen hauteskunde-segidan ezin da maingu irten lasterketaren bigarren etapara eta hori gertatuko da Madrilen ordezkaritzarik lortuko ez delako. EH Bilduk eta Geroa Baik bakoitza bere aldetik joanda jai dute, aurreko bi hauteskunde orokorretan demostratu zen moduan. Ez dago inolako seinalerik oraingoan ere ez denik horrela izango.
Zer arrazoi dago minimo batzuetan ezin ados jartzeko, Nafarroari komeni zaizkion minimo batzuetan? Nafarroako abertzaleek ez al dute Madrilen ordezkaritzarik merezi?
Joan den ostiraleko Berrian leitu nituen batzuk eta besteren arrazoiak:
'Arrazoia? Nola Martinezek hala Araizek, berbera aipatu dute: «Estrategia ezberdinak». Geroa Baik «Nafarroan eta autogobernuan» oinarritutako kanpaina planteatuko duela adierazi zuen Martinezek. «Espainiako Estatuaren inboluzioari» aurre egingo dion talde politiko «indartsu» bat nahi zutela zioen Araizek: «Erabaki zuten ez zuela zentzurik elkarrizketekin jarraitzeak»'
Politikakeriek, finean, Nafar abertzaleak ordezkaritzarik gabe utziko dute Kongresuan, hain segur. NaBai-ren bertuterik handiena izan zen politikakeria horiek bazter lagatzen jakin izan zuela eta helburua oso argi izan zuela: ordezkaritza lotzea Kongresuan. Nafar estrategia bati lotu zitzaion.
Esango nuke Nafarroatik kanpo diseinatutako estrategien pagaburua izango direla beste behin nafar abertzaleak. Nafarroa Bai, Nafarroa Ez bihurtu da zorigaitzez.