Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Mezuez eta lidergoez

2018/02/06

Segidan euskararen normalizazioaren erronkez Sabino Arana fundazioak editatutako Hermes aldizkariaren ale monografikoari egin diodan ekarpena duzue

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet Hermes aldizkariaren arduradunei hizkuntza-politikaren erronkez ditudan kezkak azaltzeko eskaini didaten aukerarengatik. Hizkuntza-politika edo, beste modu batera esanda, euskararen normalizazioari lotutako jarduna nire ofizioa eta afizioa izan da azken berrogei urteotan. Eskarmentu horretatik eskribituko ditut hurrengo lerroak eta, akaso, formulazio teoriko hutsek baino pisu handiagoa izango dute esperientziak eta senak esango ditudanetan.

Bestalde, ez dut hizkuntzaren politiken erronkez garapen zehatz eta xehetasunez betetakoa egin asmo. Ordea, beti kezkatu izan nauten aspektu pare bati buruz jardungo dut.

Urak harrotuta dabiltza euskaltzaleon artean. Euskararen erabilerari buruz publikatu diren atzen datuek kezkak eta zalantzak eragin dituzte gure komunitatean. Kale-neurketari buruz uztailean plazaratu diren datuek argi gorriak piztu dituzte. Berria egunkariak esaterako ‘Atzeraka ari da euskara kalean’ titulatu zuen uztailaren 13ko alean kale-neurketaren emaitzak iruzkintzen ziren artikulua[1]. Kronika gehienek atzerakada hori gune euskaldunenetan ere gertatu dela azpimarratzen zuten. ‘El uso del euskera en Gipuzkoa baja por primera vez desde 1989’ zuen izenburutzat Noticias de Gipuzkoa egunkariko berriak[2]. Nafarroako salbuespena izan zen beste aipuetako bat. ’El uso del euskera en la calle aumenta en Navarra un 6,7%’ zioen Diario de Noticiasen tituluak[3].

Makina bat analisi eta iritzi leitu ahal izan ditugu harez gero. Tonu ezkorra zerien askori. Arrazoi faltarik ez dago arduratuta egoteko; hiztunak emendatzen ari diren garaiotan euskararen erabilerak behera egitea motibo nahikoa da kezkatzeko. Alabaina, neronek kezka erlatibizatuko nuke eta ez nuke irakurketa ezkorregirik egingo datu horiek guztiak atzen hamarkadan sozietateak pairatutako aldaketaren eta bilakaeraren ondorio logikoa baitira: euskaldungoaren izaera kanbiatu da, batetik, eta globalizazioak irentsi gaitu bestetik. Akaso, iraungitako eskema mental zaharrekin ari ginen funtzionatzen.

Datu adierazgarri moduan esaten da arestian aipatutako Berriako notizian Donostian erabilera jaitsi egin dela, azpimarratzen delarik Añorga eta Igeldo moduko auzo euskaldunak lehen aldiz sartu direla kale-neurketan. Donostian zergatik makaldu da erabilera? Zergatia konplexua izanik ere, euskaldungoaren atxikimenduaren ahultzean egin dezake indar urliak edo hizkuntza-politika desegokietan sendiak [4]. Neronek beste zerbaiti erreparatuko nioke: Donostiako kaleetan atzen hamarkadan jazo den aldaketa soziologikoari. Erasmus moduko ikasleak[5] eta turistak ugaritu dira, asko gainera. Etorkinak ere gehiago dira, hegoamerikar gazteleradunak anitz. Horrek eragin zuzena du erabileran. Erasmus ikasleek gazteen artean daragite bereziki eta beste biek adin-tarte guztietan. Hizkuntza gehiago entzuten dira Donostiako kaleetan eta hori euskararen kalterako izan da. Kolektibo horien eragin linguistikoan beste alor batzuetan ere sumatzen da: establezimenduen izenetan eta paisaia linguistikoan esate baterako[6].

Kanpotik etorri zaigu esperogabeko eragin bat izan da hori[7]. Ez geunden prestatuta horri erantzun egokia emateko; ez genuen imajinatzen akaso.

Eskandaluz aipatzen da herririk euskaldunenetan ere erabilerak behera egin duela. Gipuzkoakoak azpimarratzen dira. Arduratuta egon gaitezke, baina eskandalurik ezin da sortu. Gure herrietan garatu diren politika jakin batzuen ondorio zuzena da egoera. Herri txiki euskaldun horietan kolore politiko bateko zein besteko udalek garatutako hirigintza-politikek (lurralde-antolaketarako politikek, finean) eragin zuzena izan dute. Populazioari eusteko edo emendatzeko sustatu den etxegintzak ingurune soziolinguistiko erdaldunagoko pertsonak erakarri ditu herri horietan bizitzera. Herri horietara erdaldun elebakarrak joateaz gain, bestelako hizkuntza-gaitasuna eta –ohiturak dituzten euskal hiztunak joan dira. Egoera soziolinguistikoa aldatu egin da; biztanle denak ez dira jada euskaldun peto-petoak. Ondorioak agerikoak, nahikoa baita erdaldun bat edo euskaldun erdaltzale bat solasa gaztelaniaz dantzan jartzeko[8]. Euskaltzaleok atzen urteotan ohartu gara lurralde-antolaketako politikek hizkuntzaren bizindarrean duten eragina eta hori neurtzeko tresnak ere sortu ditugu[9]. Nago beranduegi dela, kaltea egina dagoela toki askotan. Horrekin bizitzen ikasi beharko dugu eta neurri zuzentzaileak asmatu.

Bi kasu konkretu hauek aipatu ditut adierazteko erabileraren ahultzearen auzia poliedrikoa izateaz gain, tokian tokiko ezaugarri propioak dituela. Tentatuta egoten gara errezeta bakarra eta uniformatzaileak emateko auziak bideratzeko garaian. Euskararen erabilera indartzeko estrategia poliedrikoak baliatu beharko ditugu, ertz desberdin askotatik eragin beharko diogu eta tokian tokiko hurbilketa politika orokorragoen osagai ezinbesteko izango da.

Hori esan ondoren, bi ideia orokorri helduko diot hurrengo lerroetan. Mezua eta lidergoa izena eman diet. Biak elkarri lotuta daude, txapon beraren bi aldeak direlako maiz.

Zer mezu ari zaio transmititzen sozietateari euskarari buruz? Zer balio? Mezu hori ba al dator gero egunerokotasunean euskarak betetzen dituen funtzio sozialekin? Bat al datoz hitzak eta ekintzak? Mezu esplizitua eta inplizitua bat al datoz?

Nago mezuak eta errealitatea ez datozela bat sarri askotan. Adibide bat. Euskararen normalizaziorako lan-munduan euskalduntzea zein inportante, ezinbesteko eta beharrezko den hamaika bider entzun dugu. Uste horri men eginez, lan-mundua euskalduntzeko milioika euro inbertitu dituzte Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek modu bateko edo besteko ekimenen bidez. Ongi egina, dudarik gabe! Ekintza positiboa

Alabaina, zer gertatzen ari da aldi berean enpresa-munduaren egunerokotasunean. SPRIk enpresen zuzendaritzako kideentzat antolatu ohi dituen ikastaro guztiak gaztelaniaz dira. Lanbidek ez du trebakuntzarik euskaraz eskaintzen. Etorri berriei gaztelaniazko ikastaroak ematen zaizkie lan-merkatuan sartzeko. Arduradun politikoak enpresa-foroetara joaten direnean gaztelaniaz dihardute mezu inportanteak transmititzeko. Euskaraz egiten dutenean, gehienetan, ‘txoriez eta loreez’ dihardute. Lekuko izan naizenetan esku bateko hatzekin konta daitezke euskaraz nagusiki egindakoak[10]. 2017an, 35 urteko normalizazio-plangintzen eta neurrien ondoren, euskaraz nahikotasunez egitea administrazio publikoan lan egiteko ez da ezinbesteko baldintza[11].

Adibide guzti horiek klarki darakutsate mezu esplizitua noranzko batean doala eta mezu inplizitua, ordea, beste batean[12].

Mezua inportantea da zeinek transmititu ere bai. Ez da gauza bera euskararen aldeko mezu esplizitua edo inplizitua euskaltzale batek ematea edo gizarte-lider batek ematea, bedi politikari, kirolari edo artista. Jendeak ispiluak behar ditu. Euskal herritarrek ba al dute non ispilatu? Hots, zein da euskal liderren hizkuntza-jokaera? Edota zer pertzepzio izan lezake euskal herritar batek bereziki gune soziolinguistiko erdaldun batean bizi bada?

Pasadizo bat. Duela hilabete batzuk nire lagun bat taberna batean zegoen bere lagun erdaldun batekin. Telebistan Teleberriko kirol-informazioa. Kirolari ezagun bat hizketan euskaraz. Nire lagunaren lagunak ‘!Anda si sabe euskera![13].Ordurra arte, gizarte-erreferente baten euskalduntasuna ezkutatuta euskararen normalizazioa helburutzat duen komunikabide publiko batean!

Errealitate bat. Lider politiko nagusiek gaztelaniaz ematen dituzte mezu inportanteak. Urkullu lehendakariak kargua hartu eta ETBri emaniko lehen elkarrizketa sakona EITB2n eman zuen. Arnaldo Otegik beren pentsamendu politikoa esplikatzeko ‘El libro de la Luces’ liburua publikatu zuen 2012an. Gero etorri zen euskarazko bertsioa (itzulpena).

Euskal alderdi abertzaleetako, ustez euskaltzaleak, liderrek gaztelania hautatzen badute beren adierazpen inportanteak egiteko, zer mezu inplizitu ari zaizkio gizarteari helarazten? ‘Majetes, lo importante en castellano’ Lider linguistiko izateari uko egin diote[14].

Laburtuz, gizarteari transmititzen zaizkion mezu inplizituak eta esplizitusk bat ez badatoz eta komunitate honetako lider naturalen hizkuntzaren alorrean lidergo argia hartzen ez badute, nekez eska dakioke herritar norbanakoari berak har dezala euskaraz egitearen nekea beregan [15]. Hortaz, euskararen erabilerak ez du gora egingo. Halaber, ezagutzan bizi izan dugun emendatzea ere higatzen has liteke.

Artikulu hau prestatzen ari nintzenean Joxemari Muxikak Argian eskribitutako ‘Euskararen etorkizuna hiztunen esku bakarrik?’ artikuluarekin egin nuen topo[16]. Joxemariren gogoetak nire egiten ditut eta bereziki hau: ‘Hiztunek nahiko ardura dute eta hauen gaineko presioa areagotu beharrean status quoaren baitan diharduten erakundeak bere lekuan jartzeko unea da’. Izan ere, erakunde horiek hiztunen baitan jarri izan dute anitzetan euskaraz egitearen erantzukizuna, hiztun horiei horrela egiteko baldintza egokiak (ekosistema) eskaini gabe eta erakundeen berarien eginek baldintzak sortzea eragotzi dutelarik.

Zorionez 35 urte ez dira alferrik pasa. Euskararen normalizazioan urrats handiak egin ditugu eta euskarak egun inoiz bete izan ez dituen funtzioak betetzen ditu gure gizartean. Prozesu horren ondorioz, oinarri soziolinguistiko nahikoa lortu dugu hemendik aurrera politika linguistiko ausartagoak eta anbiziotsuagoak egiteko. Ezin dugu orain 35 urteko oinarriei segidismo hutsa egiten jarraitu, gizartea zeharo aldatu delako besteak beste. Jauzi kualitatiboa emateko garaia da. Hizkuntza-politika horrek gutxienez ezaugarri hauek izan beharko lituzke nire aburuz

-        Integrala. Hizkuntzaren faktorea gizarte-bizitzaren aspektu guztietan kontuan hartzen duena.

-        Poliedrikoa. Ikuspegi anitzetik diseinatutakoa eta tokian tokiko egoerari lotutakoa eta tokian tokiko egoerari lotutakoa.

-        Anbiziotsua. Egoera deserosoak sortzeari ikara ez diona.

-        Mezuetan argia eta koherentea.

-        Gizarte-erreferenteen eta erakundeen lidergo linguistiko argia.

Eta bukaerara iritsita baliabideei buruz ez dudala hitzik eskribitu ohartu naiz. Esan gabe doa, poltsaren txin-txin hotsak ozenagoa beharko duela izan euskararen normalizazioan kualitatiboki aurrera egiteko eta erabilera indartzeko.



[1] http://www.berria.eus/paperekoa/1736/002/001/2017-07-13/atzeraka_ari_da_euskara_kalean.htm

[2] http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2017/07/13/sociedad/el-uso-del-euskera-en-gipuzkoa-baja-por-primera-vez-desde-1989

[3] http://www.noticiasdenavarra.com/2017/07/12/sociedad/navarra/el-uso-del-euskera-en-la-calle-aumenta-en-navarra-un-67

[4] Hizkuntza-politika desegokien kontu horrek badu ironiarako puntua. Izan ere, euskararen etsai nagusi den UPNren gobernuaren garaian gora egin du euskararen erabilerak Nafarroan. Horrekin ez dut esan nahi EAEko hizkuntza-politikak asebetetzen nauenik eta eraginen bat ez duenik izan erabileraren beherakadan. Nire irudiko atzen hamarkada honetan EAEko administrazio publiko nagusien hizkuntza-politikek ez dute beren oinarrizko planteamenduetan eboluzionatu. Oro har, duela 30 urte egiten hasitakoen segidismoan oinarritu dira. Anbiziorik ez da egon politika ausartagoak (deserosoagoak) egiteko. Egoera soziolinguistikoak parada ematen zuen jauzi kualitatibo bat emateko. Politika koitadutzat definituko nuke. Kontsumitzailearen dekretuaren mamia eta bere ibilbide traketsa koitadutasun horren etsenplu dira. Garaiak anbizioa eskatzen du.

[5] Eramus ikasleak eta atzerriko gradu osteko ikasleak eta doktoregaiak hain justu.

[6] Garai batean Gure Txoko, Toki Ona, Kupela edo Bart izeneko tabernak irekitzen ziren gure Donostian; orain, El Lobo, La Notaría edo La Taberna de la Pícara dira.

[7] Kanpo-faktore aurreikusigabekoen artean telebistaren digitalizazioak irekitako telebista-eskaintza oparoa, ia osorik gaztelaniaz dena, ere aipa genezake. Ez dut aspektu horretan sakonduko, baina atzeko atea irekita harrapatu gaituzte ustez aurrekoa ongi zainduta genuenean.

[8] Gertu gertutik bizi dut hori Alkizako plazan eskolako gurasoak umeak jasotzera juntatzen direnean.

[9] Ez da nire asmoa nire burua edertzea. 1990ko hamarkadaren hasieran, artean Mari Karmen Garmendia Hizkuntza Politikarako Idazkari Nagusia zen, hizkuntza-politikaz gogoeta egiteko jardunaldi batzuk antolatu ziren Argomaizko paradorean Joshua Fishman tartean zegoelarik. Txosten bat enkargatu zidaten. Besteak beste aipatu nuen garai hartan Eusko Jaurlaritza lantzen ari zen lurralde-antolaketarako zuzentarauak arrisku bizia zirela herri euskaldunen biziraupenerako. Garapen urbanistiko izugarriak planteatzen ziren inguruko herri erdaldunagoetatik etorritako jendeak jasotzeko. Atauni aurreikusten zitzaion garapena etsenplu moduan usatu nuen.

[10] Ulergaitza egiten zait eremu soziolinguistiko euskaldunetan ere hainbat arduradun politikok diskurtso elebidun simetrikoak egiteko duten ohitura hori. Eremu soziolinguistiko erdaldunetan egokia da simetria hori euskarari ospea ematen baitio. Euskaldunetan euskararen ospeari kalte egiten dio.

[11] Alor honetan ez dirudi Eusko Jaurlaritzak iritzia aldatzeko asmoa duenik. Oraindik orain Segurtasun-sailaren lan-eskaintza publikoetan hautagai guztiek B2 euskara maila egiaztatu beharraz EH Bilduk eginiko legez besteko proposamenari ezekoa eman dio Jaurlaritzak. Hori bai, atzen promozioko ertzain guztiek betetzen omen dute baldintza hori. Zer arazo dago, beraz, errealitatea lege bihurtzeko?

[12] Ez dut sakonduko horretan, baina horrek garbi erakusten du normalizazio-politiken zeharlerrotasuna mitoa dela praktikan.

[13] Hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik ez hankarik ez bururik ez duen politika baten ondorio zuzena. EiTBko gaztelaniazko komunikabideek euskara ezkutatu dute praktikan, baserritar analfabetoen hizkuntza moduan azaldu ez dutenean. Ongi gogoan dut, iaz, punta-puntako pilotari batek Teleberrin botatako ‘Tengo mucha confianza en mi cabeza’.

[14] Xabier Kintana lagunak kontatzen du nola halako batean Jordi Pujol, artean honorable zenean, fabrika batera joan zen produkzio-lerro berri bat inauguratzera. Makina abian jartzeko botoia kalkatzera joan zenean, ohartu ei zen errotulazioa ez zegoela katalanez. Gelditu eta esan omen zuen ‘katalanez jartzen duzuenean etorriko naiz inauguratzera atzera’. Se non è vero, è ben trovato. Bestalde, Josep-Lluis Traperok, Mossoen nagusiak, erakutsi berri duen tinkotasun linguistikoaren lekuko izan gara guztiok. Inbidia txo!

[15] Mezuez ari garelarik, bada hainbat zirkulu euskaltzaletan gure hizkuntzaren egoerari buruz negarra jotzearen jitea. Euskararen egoeraren aspektu negatiboak azpimarratzea ebitatu beharko genuke, nire aburuz. Gutxi laguntzen du euskara erakargarri egiten. Zeinek gura du ondoratzen ari den barku batera igo?

[16] http://www.argia.eus/albistea/euskararen-etorkizuna-hiztunen-esku-bakarrik