Lotsa gutxi eta hipokresia soberan
2019/07/01
Europar Batasuneko estatuek egiten dihardutenari pertsiar azoka moduan kalifikatu ohi zaio, baina gertatzen ari denari erreparatuta pertsiarrei irain egitea dela deritzot. Izan ere, lotsa emateaz gain, nazka ere ematen ari dira.
Hasteko, europar herritarrok maiatzean botoa eman genuenean Batzordearen presidente izateko hautagai jakin batzuk babesten zituzten alderdiei eman genien, ustetan gogoko Spintzenkandidat-a aukeratzeko aukera genuela. Irudikeriak ez zuen luze iraun. Donald Tusk arduratu zen gure ustea zapuzteaz. Emandako hitzak ez zuen balio, herritarrok inozo hutsak gara. Kanpainan zehar antolatutako hautagaien arteko eztabaidak teatro hutsa izan ziren; herritarrak entretenituta izateko pantomima.
Demokrazia hitzaz betetzen zaie ahoa, baina ez dago demokraziatik gutxiago duen erakunderik Batasunan Europar Kontseilua baino. Argirik gabeko deliberoak (aktarik ez dago), gardentasunik ez, ezta kontuen errendimendurik ere. Amarrua eta tratua da muina, ez demokrazia.
Oka egiteko gogoa ematen dit ikuskizunak. Europak ez du horrela etorkizunik. Ez dut dudarik tratua egingo dutela, postuak partituko dituztela, baina europar proiektuaren sinesgarritasunari beste mailatu bat eginez.
Bien bitartean, Europako benetako balioak izan beharko zuketenak defenditzen dituztenak, Carola Rackete kasu, kartzelako bidean.
Benetako lider ausarten faltan, kudeatzaile txuskeroek dute Europaren gidaritza tamalez.