Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Kultura politikoez

2015/10/27

Atzen asteburu honetan Plaid Cymruren udazkeneko konferentzian parte hartzeko aukera izan dut. Hainbat gauza deigarri iruditu zaizkit Euskal Herriko kultura politikoaren ikuspegitik begiratuta.

Aberystwyth-eko unibertsitatean egin da konferentzia. Bertara Plaid-eko sei ehun bat lagun bertaratu dira. Konferentziaren egoitzan sartu orduko lehen ustekabea: korridoreetan gizarte zibileko hainbat erakundek beren estana jarrita zuten: Galeseraren elkarteak, Irakasleen sindikatuak eta bestelako batzuk. Bertan, erakunde horiek propaganda eta lobby-lana egiten ari ziren beren proposamenen alde.

Konferentziak gure arteko kongresuen parekoak dira, edukiz eta egituraz bestelakoak badira ere. Ordezkari eta lider politikoen hitzaldiak militanteek eginiko mozioen eztabaidarekin nahasten dira. Ez dago eztabaidarako oinarrizko dokumenturik. Mozioak era askotakoak dira: osasun-sistema publikoaren alde, altzairugintzaren industria babesteko, galeserako murgiltze-ereduak defenditzeko, etab. Mozio horiek alderdiaren ekimen politikoa markatuko dute. Ikusi ditudan debateetan mozio guztiak bulgariar erara erabaki dira, unanimitatez.

Diskurtso politiko ezkerrekoa eta sendoa du Plaid Cymruk. Etsenplurako, austeritatea borrokatzea, politika sozialak sendotzea, ingurugiroaren babesa, bakezaletasuna, europartasuna edo errefuxiatuen harrera bideratzea dira daude bere diskurtsoren muinean. Datorren urteko maiatzean Galesko Asanblea aukeratzeko hauteskundeak izango dira. Oso gogor aritu dira Plaideko hautagaiak Cardiff-eko gobernu laboristaren ezintasunak eta politika makalak salatzen. Laboristak dira aurkariak, kontserbadoreak indarrik ez baitute Galesen. Konferentzian eginiko diskurtsoan Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek esan zuen bezala, Britainia Handian Plaid Cymru eta SNP dira austeritatea borrokatzen duten alderdi nagusi bakarrak. Plaid-eko kideek behin baino gehiagotan azaldu didate, irribarrez, Jeremy Corbyn-ek, laboristen lider ezkertiar berriak, Westminsterren gehiagotan egiten zuela bat botoetan Plaid-ekin bere kideekin baino.

Konfiantza handia dute Plaid-ekoek hauteskundeei begira. Beren lider Leanne Wood Galesko hurrengo lehen ministro moduan aurkeztu dute konferentzia osoan zehar. Are gehiago, Woodek berak ministroak izango direnak aurkeztu zituen egin zuen hitzaldian.

Britainia Handian alderdi politikoek ez dute estatuaren dirurik jasotzen. Hortaz, funtzionamendurako dirua biltzeko kideen kuotez harantzago beste iturri batzuk bilatu behar dituzte. Espontsorizazioa, lobby-lana, eta enkanteak dira horietako batzuk.

Adibidez, konferentziaren afaria Heathrowko aireportuak babestu zuen, hots, Espainiako Ferrovial enpresak. Enpresaren ordezkariak Plaid-en lider Leanni Wood-en ondoan eserita afaldu zuen. Txapa bat bota zigun Heathrow zein ona den Galesentzat azalduz eta bukaeran azpimarratu zuen espero zuela Plaideko Westminsterreko diputatuak ez bozkatzea Heathrow zabaltzearen kontra. Afarian beste lobbista batzuk ere bazirela esan zidaten.

Beste gauza kurioso bat ere izan zuen afariak: bukaeran alderdiarentzat funtsak biltzeko egin zen errematea! (Nicola Sturgeonek konferentzian eginiko diskurtsoaren orriak hark sinatuta edo Galesko futbol selekzioko kideek sinatutako baloia jarri ziren errematean). Bertaratutakoek Sotherbys-en izango bailiran, aurkezle saleroso baten erronkari jarraituz eskaintzak egiten ikusteak film surrealista baten itxura zeukan. Dena dela, are surrealistagoa begitandu zitzaidan konferentzia-aretoan eginiko diru-eskea. Elizan baikinen legez, koadrila bat pasa zen baldeak eskuetan bildutakoen dirua biltzeko.

Atzen hau eta enkantea anekdota hutsa dira. Kezkagarria iruditzen zait, ordea, lobbysten presentzia eta indarra. Saldukeriarako eta errazkeriarako bideak irekitzen ditu. Plaideko militante batek lotsatuta azaldu zidan bezala 'Asanbleako kide batzuei diskurtsoak ere idazten omen diete lobbystek!' Barre txikiak egin nituen nire kolkorako, Europako Parlamentuan gaitza ezaguna baita hori. Estatuan eta Hego Euskal Herrian dugun sistema ez da munduko onena izango, baina estatuak alderdi politikoak finantzatzea demokrazia sendotzeko modu eraginkorra dela uste dut. Diskuti daiteke daiteke finantzatzeko modua, ez beharra! Estatuaren finantzazioarekin ez dira saldukeria eta lobbysten arteak saihestuko, giza kondizioa baita, baina tentazioa urrunago ipiniko da bederen.

Bukatzeko, urrun iruditzen zaigu Gales, gure imajinarioan ez du apenas lekurik, errugbizaleak bagara izan ezik, baina ez dago Cadiz baino urrutiago eta ezaugarri komun asko ditugu populazioari, hedadurari, hizkuntza nazionalaren egoerari eta beste aspektu batzuei erreparatzen badiegu.

Kultura politikoez

Heathrowko aireportuko ordezkaria hitzaldia egiten atzeko banderari erreparatu