Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Kontranaturazko akordioa?

2020/01/09

Austrian bertako Berdeek eta ÖVP alderdi kontserbadoreak gobernua osatzeko sinaturiko akordioak harridura sortu du jende askorengan. Zer dago horren atzean?

Austrian Kontserbadoreek eta Berdeek lortutako gobernatzeko itunak harridura sor lezake lehen begiratu batean, ohituta baikaude Berdeek ezkerreko alderdiekin, sozialdemokratekin eskuarki, koaligatzea. Egia da estatu-gobernuetan horrelakorik ez dela orain arte pasatu, baina 2016z geroztik Berdeak CDUrekin batera gobernatzen ari dira Baden-Württembergen. Diferentzia bat badago bi kasuen artean: Alemaniako land-ean Berdeak dira koalizioaren alderdi nagusia eta 2011-2016 epean sozialdemokratekin elkar hartuta aritu ziren.

Austriako atzen hauteskunde orokorretan, 2019ko irailean, ÖVPko kontserbadoreak izan ziren garaile, baina gehiengo nahikorik gabe. Berdeek % 13,9a erdietsi zuten. ÖVPri botoek aukera ematen zioten aurreko legealdiko gobernu-koalizioa, FPÖ alderdi ultraeskuinadarrarekin izan zutena, berreraikitzeko. Sebastian Kurz-ek, kontserbadoreen buruak, itxuraz ez zuen aurreko aliantza errepikatzeko gogo handirik eta Berdeengana jo zuen beharrezkoa zuen babesa lortze aldera.

Negoziazioa luzea izan da. Berdeen zuzendaritzaren proposamena alderdikideen % 93,20ak onartu du. Hala ere, Berdeak kontziente dira koalizioak arriskuak dituela. Kurz-en profila kontserbadoreen eskuineko zatian kokatzen da eta immigrazio-politiketan jarrera itxia, xenofoboa kasik, erakutsi ohi du. Berdeek Kurzi babesa ematea hainbat puntutan oinarritzen dute:

  • Eskuina eta ultraeskuina bilduko zukeen gobernu bat oztopatzea.

  • Gobernuak Europarekiko jarrera positiboa edukitzea, atzen urteetako postura kanbiatuz.

  • Austria klima-aldaketaren kontrako borrokan aitzindaria izatea

  • Gobernantza-aldaketa erakunde publikoen gardentasuna handitzeko

  • Hezkuntza-sistema indartzea.

  • Berdeen ikusgarritasun politikoa handitzea

Zertan datza adostu duten klima-aldaketaren kontrako politika?

  • Austria osoko garraio publikoan ibili ahal izatea eguneko 3 € pagatuta

  • 2030erako energia guztia berriztagarria izatea

  • 2040an neutralitate klimatikoa lortzea

  • Ekotaxen ezarrera

Berdeak jakitun dira migrazioaren eta asiloaren gaia gatazka-puntua izan daitekeela gobernu-koalizioaren baitan, baina argudiatzen dute politika okerragoak egitea ebitatuko dutela.

Ez dakit abentura honek nora eramango dituen Austriako Berdeak. Postura arriskutsua egin dutela argi dago. Gai inportante batzuetan oso urrunak iruditzen zaizkit bi alderdien jarrerak, giza eskubideena da horietako bat, migrazio- eta asilo-eskubidea tartean. Entenditzea badago bestetik, 2017ko hauteskunde orokorretan ez baitzuten ordezkaritzarik lortu eta bat-batean gobernuan egon baitaitezke. Onena opa diet eta asmatzen badute poztuko naiz, besteak beste, Europako Parlamentuan taldekide izan nuen Ulrike Lunacek-engatik, zein estatu-idazkari izango den, estima baitiot.

Austrian 2016z gero presidente berdea dute, Alexander van der Bellen, baina istripu bat izan zen bigarren itzulian kontrario ultraeskuindar bat izan zuen eta.