Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Kargagailuen folletoia

2020/01/22

Badira hamar bat urte mugikorren fabrikatzaileek kargagailuen aniztasunarekin bukatzeko intentzio-hitzarmen bat sinatu zutela. Alabaina, segapotoen fabrikatzaileak segapoto fortunatu al dira?

Telefono mugikorren kargagailuei buruzko eztabaida luzea da. 2009an hasi zen fabrikatzaileek (besteak beste, Applek, Huaweik, Samsungek eta Nokiak), intentzio-hitzarmen bat sinatu zutenean kargagailu bateragarriak garatzeko konpromisoa hartuaz. Hainbat azterketa eta inkesta egin arren, egoera ez da aldatu eta 10 urte igaro dira. Autoerregulazioak beste alor askotan legez, huts egin du. Bestetik, merkatuaren erregulatzaileak, gure kasuan Europako Batzordeak uko egin dio industriari gogor egiteari kasu honi dagokionez.

Izan ere, Europako Parlamentuak Irrati-komunikazio Ekipoei buruzko Zuzentaraua 2014. urtean onartu zuen non segurtasunari, osasunaren babesari eta bateragarritasun elektromagnetikoari buruzko irrati-ekipoetarako (TBak, mugikorrak, WiFia, bluetooth-a, etab.) baldintzak ezartzen dituen. Zuzentarau horrek berak aukera ematen dio Batzordeari, egintza delegatu bidez (dekretuz gure erakundeen hizkeran) kargagailuentzako bateragarritasun-arauak ezartzeko. Batzordeak, ordea, gogo gutxi indartsua baita sektorearen lobbya!

Herritarrok gai horri buruz duela 10 urte adarra jo zigutela sentitzen badugu, sentimendu bera dute europarlamentarioek. Fabrikatzaileen ustezko intentzio onez gogaitu dira gure ordezkari politikoak. Kargatze-soluzioak fabrikatzaileen marketin-estrategiaren zati dira, ez dute inolako pizgarririk aldaketarik egiteko (kargagailua, telefonoaren paketean bertan dator eta berariazko partea da) nahiz eta horrek ingurumen-onurak ekarriko lituzkeen (hondakin elektronikoak murriztea). Etsenplurako, europar bakoitzak 16,6 kg/urte hondakin elektroniko produzitzen du.

Hortaz, Europako Parlamentuan ekimen bat dabil Batzordea bultzatzeko neurriak ahalik eta azkarren har ditzan kargagailu bateragarria merkatuan egon dadin. Batzordea zeozertan ari omen da. Azterketa bat egin omen du, inork ezagutzen ez duena, eta horren berri ere eman dezan lortu gura du ekimenak.

Klaru dago istorio honetan guztian galtzailea zein izan den, gu gerok, traste berria erosi orduko kargagailu berria ere pagatu dugulako. Segapoto-joko honetan erosleok nagusi!

Kargagailuen folletoia

Kargagailuek hamaika entxufe!