Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Italiako barne-egiturari buruzko eztabaida baten harian

2013/12/18

Aurreko astelehenean Europako Parlamentuko Eskaeren batzordean Italiatik etorritako eskaera bat eztabaidatu genuen non salatu egiten zen Italiako gobernuak probintziak desegin nahi dituela administrazioaren gastuak murrizte aldera krisi ekonomikoaren aitzakian

Gure batzordearen funtzionamenduan eskatzailea entzun eta gero Batzordearen ordezkariak izaten du hitza haren posizioa emateko. Joan den egunean esaldi lakoniko batekin azaldu zuen posizioa: ‘estatuen barne-antolaketa ez da Batzordearen eskumena estatuena baizik’.

Horretan arrazoia du Batzordeak. Alabaina, estatuen eskumeneko beste alor batzuetan Batzordeak enpatxurik ez du aholkuak eta gomendioak emateko. Horrek eztabaidan parte hartzera bultzatu ninduen. Izan ere, krisi ekonomiaren aitzakiarekin makina bat bider eman izan dizkio Batzordeak aholkuak Espainiako Erresumari lan-merkatuari edo pentsioei buruz. Eta alor horiek estatuen eskumena dira, ez Batzordearena. Hortaz kontraesan nabarmenena jausten da Batzordea.

Zergatik ekonomiaz bai eta estatuen antolaketaz bai ? Bill Clintonen aholkulari haren esaldia datorkit gogora: ‘Ekonomia da, kirten hori!’. Alegia, inportantea dirua da, enparauak eranskin garrantzi gutxikoak dira. Tamalez, ikuspegi hori baliatuta osatzen ari da Europa, non, sarri, gure kontinentearen oinarrizko balio omen diren elkartasuna, demokrazia, gutxiengoen defentsa eta gainerakoak bigarren mailan gelditzen diren. Hortaz, EBk esan diezaioke estatu bati nolako neurriak hartu behar dituen ekonomia ‘suspertzeko’ eskumenen gainetik pasatuta ere, baino ezin dio deus esan gutxiengo linguistikoen eskubideak bermatzeko pasurik ematen ez duenean edo osasungintzan diskriminazioak ezartzen dituenean sexu-joeraren arabera (lesbianen edo ama bakarren intseminazio artifiziala osasun-sistema publikotik ateratzean).

Hori da egoera eta aldaraztea gure esku dago herritar moduan aukera egokiak egiten baditugu botoa ematen dugunean eta aldaketa hori bultzatzen geure burua inplikatzen badugu.