Hizkuntza minorizatuei buruzko Alfonsi txostena onartu du Europako Parlamentuak
2013/09/11
Txostena onartu ondoren eginiko prentsaurrekoan parte hartzaile guztiek bi puntu nabarmendu dituzte: batetik txostenak europarlamentario ia gehienen babesa jaso duela eta bestetik, hizkuntza-dibertsitatearen kontrako politika desegokiak dituzten estatuei eragiteko balio izan dezakeela.
Inaki Irazabalbeitiak bi alderdi azpimarratu ditu. Europako erakundeei hizkuntza horiekiko politika positiboak eta programa espezifikoak garatzeko erreferentzia-esparru bat ezartzen die. Halaber, EBko estatu batean beren hizkuntzaren normalizazioaren alde dihardunek aurki ditzakete dokumentu horretan Europa mailako doktrina eta erreferentziak beren lana indartzeko. Txostenaren edukia alderdi batzuetan apala bada ere, Irazabalbeitiak adierazi du `Harro nago txosten hau bozkatzeko aukera izan dudalako'.
Europa osoko ikuspegitik begiratuta txostenak aurrepauso inportantea da, nahiz eta egoerarik onenean dauden hizkuntza minorizatuen ikuspegitik hainbat puntutan motz geldi daitekeen.