Hizkuntza-ekitatea aro digitalean
2018/06/22
Jill Evans eurodiputatu abertzale galesak aurkeztutako ebazpenak CULT batzordearen ia erabateko adostasuna jaso du; kontrako botorik ez eta 4 abstentzio jaso ditu. Txostenak dei egiten die Europar Batzordeari zein Estatu Kideei hizkuntzen teknologietan eta mundu digitalean ahalegin berezia egitera baldin eta bermatu nahi badute Europako hizkuntzek aukera-berdintasuna izan dezaten aro digitalean. Ebazpena EPren iraileko osoko bilkuran bozkatuko da eta, itxura batean, aldeko gehiengo handia lor dezake. Kausalitate hutsez, hizkuntza gutxituen aldeko politika positiboak seinalatzen zituen Alfonsi txosten entzutetsua duela 5 urte irailaren 11 batez onartu genuen.
Jill Evansen ebazpen-proposamena 2017an Parlamentuko STOA ikerketa-zerbitzuak landutako izen bereko txostenaren ondorioetan du jatorria. Txosten horretan klaru adierazi zen Europako hizkuntza gehienak, ofizialak izan ala ez, desagerpen digitalaren arriskuan zeudela berariazko politika azkarrak inplementatu ezean.
Txostenaren jatorrizko erredakzioan alorreko adituak aritu dira: IXAko Kepa Sarasola, UPFko (Katalunia) Maite Melero eta Bangor Unibertsitateko (Gales) Delyth Prys; baita neroni bezalako saltsero bat ere, alorrean Elekan hartutako jakintzaren eta sena politikoaren mix moduko bat eginez ontzia egoki porturatzen laguntzeko. Oinarrizko txostena aurkeztu ondoren CULT batzordeko gainerako eurodiputatuek ekarpenak egiteko egokiera izan dute eta ekarpen horiek landu, negoziatu eta horrela fortunatu denean testuan integratu behar izan dira. Lantegi zail horretan, ezin aipatu gabe utzi, Berdeak – ALE taldeko Hezkuntza.-eta Kultura-aholkulari Olga Perez tolosarrak ekarpenen negoziazio-prozesuan izan duen eskuineko eskua ontziak itsaso zakarra salbu zeharka zitzan.
CULTen eman den urrats hau inportantea izan da. Are inportanteagoa izango da osoko bilkurak onartzea. Alabaina, Batzordeak hartuko duen jarrera izango da guztietan inportanteena eta, zantzuen arabera, STOAren txostenak agertzen dituen kezka berak ei ditu Europako gobernuak.
Estatu Kideak ere interpelatzen ditu ebazpenak. Espainian ari dira estrategia propioa garatzen. EAEn urratsik ez da egin. Gainera, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren ekimenez EPn eginiko kamioaren antzekoa saiatzen ari dira, baina itsaso zakarrean hondoratzeko tankera guztia du. Izan ere, EAJk interesik ez du erakutsi hizkuntzen teknologien euskal estrategia garatzeko.