Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Asteko kronika modukoa: trinkoa eta indargarria

2014/01/25

Trinko samarra izan dugu astea EPn. Batzorde-astea izanik horretan aritu gara nagusiki, batzordetik kanpo lana egon badagoen ere.

Eskaeren batzordean hasi genuen astea joan den astelehenean, PETIn gure hizkeran. Berdeak-ALE taldearen zein Herrien Europa koalizioaren interes handiko gaiak zeuden gai-ordenean.


Galiziako Corcoesto herrian burutu nahi den zeru irekiko urre-meategi bati buruzko eskaera. Meategiak izan dezakeen inpaktu paiajistikotik aparte, urrea erauzteko artsenikoa erabili nahi izatea arrisku bizian jar dezae bertakoen osasuna. Gainera, nekazaritza, turismoa eta marisko-bilketa ekonomiaren oinarri da eskualdean eta meategiak eragin kaltegarria izango duela uste dute bertakoek. Nahiz eta itxura batean proiektua bertan behera geldituko den, errentagarritasun ekonomikoa medio, eskaera irekita geratzea eskatu nuen arazoaren bilakaeraren jarraipena egin ahal izateko. Horixe erabaki zen. Ana Miranda BNGko europarlamentari ohiak ordezkatu zituen eskatzaileetako batzuk eskaeraren defentsan.


Valdemoron, Madrilen, Natura 2000 sareko gune batean egin nahi den ur-araztegi baten auzia ere izan genuen. Europako Batzordearen ordezkariak (Batzordeak beti eman behar duelako iritzia eztabaidatzen ari den gaiari buruz) adierazi zuen eskuartean zuten dokumentazioaren arabera proiektuak ez zuela Batasuneko legea apurtzen eta proiektua bideratzeko ez zegoela arazorik. Une batean, Madrilgo agintariek araztegia eraikitzeko beste aukera batzuk aztertu zirela aipatzen zutela, baina kostu handigoa zutela. Hari horri helduta, alegia, Eskaeren batzordeko kideok zehatz-mehatz jakin beharko genukeela alternatiboen kostu ekonimikoa handiagoa zela, proposatu nuen eskaera irekita uztea eta proiektuen kostu ekonomikoari buruzko informazioa eskatzea. Gero, eskatzaileekin hitz eginez jakin nuen Madrilgo agintariek baztertutako toki alternatiboan golf zelaiak eta txalet bidezko urbanizazioa egin nahi omen dela. Interes partikularra orokorraren gaintetik berriz ere.


Asteartean izan genuen gai izarrak ere interes-gatazka horretatik edaten du. Fuerteventurako eta Lantzaroteko kostatik gertu Espainiako gobernuak Repsoli petrolio-prospekzioak egiteko baimena emateko asmoa du. Ozeanoaren erdian egingo lirateke eta batzuk oso sakonera handian. 2010ean Mexiko golkoko petrolio-plataforma batean gertatutako isuri erraldoia gogoan du Kanarietako gizarteak eta horregatik proiektuaren kontra ari dira gizarte-zibil, ordezkari politikoak eta tokiko erakunde publikoak. Fuerteventurako eta Lantzaroteko edateko uraren proportziorik handiena itsasoko ura gatzgabetuz lortzen da. Ondorioz, itsasoan petrolio-isuririk egongo balitz ezin izango lukete itsasoko ura gatzgabetu. Gaiari heltzeko modua ez zela begiratzea ea proiektuak horrelako edo halako EBren zuzentaraua betetzen ote duen, horren aurretik beste eztabaida bat dagoela, alegia, irletako biztanleek edateko ura izateko duten oinarrizko eskubidea. Estatuko eurodiputatu asko hartu genuen parte eztabaian eta PPko Gabriel Matok nahikoa lotsagabe jaulki zuen: ‘Bertako erakundeak kontra baldin badaude ere, Estatuaren erabakimena da’. Eskaera irekia uztea erabaki genuen.


Astelehenean Valentziako metroko istripuaren biktimen elkartearen bisita izan genuen. 46 lagun hil ziren guztira. Beren auzi negargarriari buruzko eskaera bat entregatzera etorri ziren. Benetan hunkigarria izan zen eman ziguten lekukotasuna eta txalotzekoa erakusten ari diren adorea eta indarra. Izan ere, Valentziako gobernuak kasu ixildu eta ezkutatzeko ahaleginak eta bi egin ditu.

Eskualde Garapenerako batzordearen, REGIren, bilera izan genuen asteazken goizean. Arratsaldean Kolonbiako bake-prozesua laguntzen diharduen GKO baten ordezkariekin eta BDP alderdi kurduaren Bruselako ordezkariarekin izan nituen bilerak. Martxoaren 30eko hauteskundeak direla eta Kurdistanera begirale moduan joateko gonbit egin zidan. Aralarreko ordezkaririk egongo dela agindu nion. Gauen, Berdeak-ALE antolaturiko prentsa-afarian parte hartu nuen. Bertan hainbat komunikabideetako kazetariekin solastatzeko aukera izan nuen, baita 'erregionalista' esaten zidan kazetari frantses batekin ere.

Ostegun goizeko FEMM batzordeko bozkaketa luzean, prostituzioari buruzko txosten bat izan genuen tartean. Txostenak eredu nordikoa onesten zuen, bezeroak zigortzearenan alegia. Gure taldeko diputatu gehienok ez dugu ikusten eredu nordikoa denik irtenbidea. Proxenetismoa eta emakumeen salerosketa jazartzea eta zigortzea ezinbestekoa ikusten dugu. Alabaina, aldi berean prostituten jarduera legeztatu behar dela eta eskubide sozialak onartu behar zaizkiela uste dugu. Galtzaile izan ginen bozketan eta osoko bilkurara eredu nordikoa babesten duen txostena joango da.