Gaztaren eta apardunaren ezkontza
2020/12/18
Egunon Lizartzako alkate Iñaki Azpiroz, Tolosaldea Garatzeneko presidente Iker Urruzola, Tolomendiko ordezkari Iker Karrera, komunikabideetako lagunak eta gainerako hautetsi eta ordezkariak.
Ongi etorri Alkizara.
Eskerrak ematen hasi nahi dut gaurko nire jarduna, gizalegezkoa baita.
Alkizako udala benetan estimatuta dago Agour gaztategiak gure herria aukeratu duelako bere gazta berriaren aurkezpena egiteko. Eskerrik anitz Pello.
Mila esker, Garazi eta Xabier, zuen etxea eskaini duzelako ekitaldi hau egiteko.
Nire ustez, gaurko ekitaldiak badu azpimarratu nahi dudan esanahi berezi bat. Ez dut enpatxurik esateko, honelako ekitaldiarekin herria egiten ari garela, Euskal Herria egiten ari garela.
Batetik, eskualdeko bi produktore bildu ditugu hemen. bata Alkizakoa; Lizartzakoa bestea. Tolosaldeko bi herri txiki elkar hartuta. Hori eskualde barneko sinergien erakusgarria da. Eta sinergia horiek ezinbestekoak dira gurearen egitura demografiko-geografikoa duen eskualde batean. Bakoitza gure kaxa ibilita herri txikiok ezinezkoa dugu aurrera egitea; ezinezkoa dugu gure herritarren etorkizuna eta ongizatea bermatzea. Elkar hartuta, ordea, gure indarrak emendatu egiten dira.
Bestetik, Agourrek Iparraldean dauzka erroak, baina argi ikusi du Hegoaldearen beharra duela lurraldean txertatutako enpresa-proiektua indartzeko eta Bidasoaren alde honetan ere sustraiak bota ditu. Bejondeiola!
Guk ere Iparraldearen beharra dugu, hango egiteko manerak adibide beharko lukete izan guretzat. Haiengandik lezio bat baino gehigo ikas dezakegula uste dut gure lehen sektorea benetan aintzat hartzeko bidean.
Bidasoaren bi aldeen arteko zubiak sendotu beharra dauzkagula uste dut. Gaurko ekitaldia pauso xume bat da kamio horretan. Ez da bakarra izango, Alkizako udalak, Ipar-Hego zubigintza horretan, herrigintzan hain justu, pauso gehiago egiteko asmo sendoa baitauka.