Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Frankoprobentzera Aostan

2016/09/24

Atzo iritsi nintzen Aostara, Aosta Haraneko hiriburura. Egia esan ezer gutxi nekien eskualde horri buruz eta ideia okerrak ere banituen.

Uda honetan izan naiz lehen aldiz bertan. Esloveniatik bueltan Frejusko tunela hartu ordez Mendi Zurikoa hartzea deliberatu genuen eta autobideak harana ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du. Autobidetik ikusten denaz aparte, banenkien Italiako eskualde autonomoa dela eta frantsesa eta italiera direla hizkuntza ofizialak. Halaber, bertako ALPE alderdi autonomista ALEko kide da.

Kidetza hori medio, Italiako alderdi autonomistak eta abertzaleak biltzen dituen APL (Alleanza dei Popoli Liberi) koordinakundeak antolatutako udako unibertsitatean parte hartzeko gonbita jaso nuen.

Gonbita hori zela eta, jakin ahal izan nuen Aostan frankoprobentzera ere mintzatzen dela eta nahikoa indarra baduela. Hizkuntza dela eta, guztiz harritu ninduen bertako frankoprobentzera hiztunek frantsesez ari zirenean 'patois' esaten ziotela eta italieraz 'dialetto'. Bitxikeria iruditu zitzaidan hasiera batean, baina hizkuntzaren egoeran sakontzeko aukera izan dudanean, zapaltzailearen logika bereganatu dutela ohartu naiz.

frankoprobentzera hizkuntza latinoa da egungo Frantzian, Italian eta Suitzan egiten zena. Frantzian Rodano-Alpeak eskualde ia osoan egiten zen, Savoian eta Dofinerriaren parte batean tartean, eta Suitzan, Erromandia ia osoan. Italian Aostako Haranan. Egun 170.000 – 200.000 hiztun dauzka: Frantzian milaka hiztun sakabanatu batzuk, Suitzan 7.000 inguru eta Aostan 70.000.

frankoprobentzeraren egoera entenditzeko historiari begiratu behar zaio. Aosta eta Alpeetako bi isurialdeetako lurralde zabal bat, Niza tartean, Savoiako etxearen menpekoak izan ziren. 1860an lurraldearen zati bat, Niza eta Savoia etsenplurako, Frantziaren menpe gelditu ziren eta gainerakoak 1861an, Italiako batasuna medio, estatu horretara juntatu ziren.

Savoiako etxearen garaian egoera diglosiko klaruan bizi zuen frankoprobentzerak. Baserritarren eta herritar xumeen hizkuntza zen. Ahozko hizkuntza zen, eskribitzen ez zena. Eliteek, jauntxoek eta ilustratuek frantsesez egiten zuten eta baita eskolak ere. Italiaren menpe gelditu zenean italieratze-prozesu bati ekin zitzaion. Batetik, italiar hiztun asko joan zen haranera, bertakoak emigraziora bultzatu zuena eta bestetik, italiera bihurtu zen administrazioaren hizkuntza frantsesa ordeztuz. Prozesu hori faxismoaren garaian areagotu egin zen. Diglosiaren hizkuntza nagusia aldatu egin zen.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, 1948an, autonomia erdietsi zuen Aostako Haranak eta italiera eta frantsesa ezarri ziren hizkuntza ofizial moduan. Bi hizkuntzen erabilera arautu egin zen halaber. Deus ez frankoprobentzeraren estatusari buruz. Egun frantsesa herrien izenetan, bide-seinaleetan, telebistako publikoko kuotan eta eskolan baino ez dago. Eskolak elebidunak dira: italiera eta frantsesa. Aostarren % 2k baino ez du frantsesa ama hizkuntza. Dendetako eta negozioetako seinaleak italieraz daude eta italiera entzuten da kalean Aosta hirian behintzat.

Non dago frankoprobentzera? Biztaleen erdiak hizkuntzaren hiztunak dira. Hirian gutxi egiten omen da. Mendiko herrietan hizkuntza soziala ei da, familia-transmisioa egiten omen da. Egia esan ALPEko nire solaskideek frankoprobentzeraez egiten dute elkarren artean. Beraz bizitasuna badu, hizkuntzak.

frankoprobentzerak ez du estatus ofizialik, ez da eskoletan irakasten, ez dago frankoprobentzeraren bidezko irakaskuntzarik, estandarrik ez dute, hedabiderik ezta. Antzerkia eta musika dira bere kultur adierazpen nagusiak.

Egoera horretaz galdetuta ez dirudite oso kezkatuta. Hizkuntza bizirik dagoela, familian egiten dela eta antzekoak esaten dituzte. Ez dute hizkuntzaren geroa arriskutan ikusten, nahiz eta kanpotik begiratuta loteria horretan txartel guztiak duela iruditzen zaigun. Mendi Zuriaren beste aldeko egoerari erreparatzea baino ez dago.

Frantsesaren kezka badute berriz. Batek, frantsesa desagertzen bazen, frankoprobentzera ere desagertuko zela esan zidan, bien patua estekatuta. Beste batek erantsi zidan frantsesa zela autonomiaren arrazoia. Harrapazan/k!

Hori entzunda ez nau harritu beren ama hizkuntzari 'patois' esatea, zapaltzailearen logika bereganatuta baitaukate.