Europaren etorkizunaz liburu zuria
2017/03/07
Dokumentuak bi zati nagusi ditu. Lehenengoan diagnosi moduko bat egiten da Europako Batasunaren egoeraz eta bere erronkak seinalatzen dira. Bigarrenean etorkizuneko EBren antolaketaz 5 eszenatoki desberdin seinalatzen dira.
Lehenengo zatia Junckeren beraren ikuspegitik egina dago. Erronkak, joerak eta egoera adierazten txukuntxo dabilela esan daiteke, baina autokonplazientziatik badu puska bat. Erronka nagusietako batzuk identifikatzen diren ere, iruditzen zait huts egiten duela inportanteenetako batean. Europako Batasunaren egituren demokratizazioaz ez da deus esaten. Sobra ere estatuen mailan lagatzen da demokratizazioaren auzian. Irakurketa okerra iruditzen zait; interesatua, akaso, estatuak ez kezkatzeko? Europari buruz herritarrek duten gaitzustearen parte inportante bat gabezia horretatik sortzen dela uste dut.
Junckerek bost eszenatokiak eskema beraren arabera deskribatzen ditu. Bost ataletan banatzen ditu: Zergatik eta nola?, 2025ean horrek hau adierazi nahi du, aldekotasunak eta kontrakotasunak, politiketan izango duen inpaktua eta irudi adierazgarri batzuk.
-
1. eszenatokia. 'Dagoenean segi'. EBk bere oraingo bideari eusten dio Batzordeak 2014ean emaniko New Start for Europe dokumentuaren eta Bratislavako Adierazpenaren izpirituan. Filosofiaren oinarrian dago problemei aurre egiten zaiela agertzen diren heinean. Irudi adierazgarrien artean aipatzen du honokoa: 'Europarrek konektatutako autoak usa ditzakete, baina oztopo legal eta teknikoak dituzte mugak pasatzean'.
Eszenatoki hau gosez hiltzea bezala da, apurka apurka Batasunak krisiak eta krisiak metatzen ditu eta konturatu orduko EB desintegratu egin da.
-
2. eszenatokia. 'Merkatu bakarra baino ez'. EBk ezin ditu adostu gehiago egitea alor politiko askotan eta, ondorioz, merkatu bakarraren aspektu giltzarri batzuei soilik heltzen die. Merkatua da legea eta, paradoxikoki Erresuma Batua oso eroso sentituko zatekeen horrelako egoeran. Irudi adierazgarrien tokian autoa berriz ere: 'Europarrak konektatutako autoak usatzeko zaletasunik ez dute, ez dagoela EB osorako ez araurik ezta estandar teknikorik ere'.
Eszenatoki honek EBren desintegrazio politikora garamatza; bidaiaren bukaera.
-
3. eszenatokia. 'Gehiago egin nahi dutenek gehiago dagite'. Estatu batzuek besteek baino gehiago sakontzen dute elkarlana zenbait alorretan, esaterako, defentsa-politikan, zerga-politikan edo politika sozialetan. Bi edo abiadura gehiagoren Europa lerakuske eszenatoki honek. Irudi adierazgarria: 'Konektatutako autoak oso erabiliak dira 12 Estatu Kidetan zeintzuk deliberatu duten beren arauak eta estandarrak harmonizatzea.'
Eszenatoki hau da, sobra ere, lau estatu populatuenek nahi dutena, hots, Alemaniak, Espainiak, Frantziak eta Italiak. Hollande klaru mintzatu berri da. Epe luzexkara Batasunaren desintegrazioa lekarke, bigarren edo hirugarren mailan gelditutako estatuen, edota beren herritarren, interesa lausotuko litzatekeelako.
-
4. eszenatokia. 'Gutxiago egin baino eraginkortasun handiagoz'. EBk bat egiten du lehentasun gutxi batzuk seinalatzen eta baliabideak horietan usatuz. Teorian EBk azkarrago eta eraginkortasun handiagoz erantzuteko gaitasuna izango luke. Elkarlanerako alorrak berrikuntza, merkataritza, segurtasuna, migrazioa, mugen zaintza eta defentsa izan litezke. Gutxiago honelako alorretan egingo luke: eskualde-garapena, osasun publikoa edo politika soziala. Irudi adierazgarria: 'Europako Telekomunikazio Agintaritzak mugaz bi aldeetako komunikazio-zerbitzuetarako frekuentziak antolatzeko ahalmena du, esaterako, konektatutako autoak Europan zehar ibiltzeko behar dituztenak.'
Merkatuarekin eta ekonomiarekin lotuta jarraitzen du Europako Batasunak, ez herritarren eskubide sozialekin. Alor horietan ahalmen handiagoa izango du, 'eraginkorragoa' izango da, baina demokrazian, herritarren parte hartzean edo gardentasunean ez dakar emendakinik.
-
5. eszenatokia. 'Elkarren artean askoz ere gehiago egiten'. Estatu Kideek botere eta baliabide baliabide gehiago elkarbanatzea erabakitzen dute, baita deliberoak hartzeko moduak ere. Europak batuagoa eta ahots bakarrarekin agertzen da munduko foroetan eta herritarrek eskubide gehiago dituzte zuzenean EBren legeditik daratoztenak. Irudi adierazgarria: 'Europarrek konektatutako autoak usa ditzakete Europa osoan EBk sortu duen agentzia batek Europa osorako eman dituen arauak medio.'
Doinu hau goxoagoa da nolabaiteko Europa federala gogoan dugunontzat. Alabaina, gabezia eta hutsune handiak ditu, aurrekoak legez, demokrazian, herritarren parte hartzean edo gardentasunean. Ez dira aipatu ere egiten. Zer esan herrien eskubideez? Estatuak dira oinarria. Oso ikuspegi ekonomiko-teknokratikoa du.
Europako herritar moduan beste eszenatoki bat dut amets, non demokrazia sakona eta herrien eta pertsonen eskubideak proiektuaren oinarria eta porlana diren, hots, benetako europar demokrazia eraikiko duen proiektua. Junckerek eta bere nagusi diren estatuak ez doaz bide horretatik.