Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Errefuxiatuez hainbat burutazio

2016/03/30

Europako Batasunak eta Turkiak egin duten akordio penagarria asilo-politikari emandako ostikada izan da. Ilegala eta gizalegearen kontrakoa izateaz gain ez dio arazoari konponbide egokia emango

Nolako oinarriak izan beharko lituzke errefuxiatuekiko Europaren politika egokiak eta zentzuzkoak? Han eta hemen begiratuta hainbat ideia bildu ditut segidan aipatzen ditudanak.

Onar dezagun Europa inmigrazio-lurraldea dela. Horren sinple. Miseriatik edo gerratik ihesi doanak bizitza-baldintzak egokia diren tokira joan nahi izaten du. Europak aukera hori eskaintzen dio.

Europak etorkinak behar ditu. Gero eta zaharragoa den Europako gizarteak jaiotze-tasa erradikalki igoaraziko duten politikak sendo inplementatzen ez baditu, etorri berrien beharra du ongizateari eusteko. Europako ekonomiak behar ditu etorkizuna izateko. Euskal Herrian hori biziki nabarmena da.

Ez gaitezen kopuruekin tematu. Errefuxiatu-kopuruaren zifrak objetiboki handiak dira, baina zer da urteko 1 milioi errefuxitu 500 milioi herritar duen lurralde batentzat? Bada, % 0,2-a. Datu bat, Espainiar Estatura 2000tik 2010eta ia 4,5 milioi inmigrante etorri ziren. Espainiak 2000ean 40,6 milioi biztanle zituen, 2010ean, 46,6. Etorkinak % 12,2a ziren. Datu horri erreparatuta, arrazoi ideologikoak baino ez daude errefuxiatu-kopurua handiegia dela eta gure zibilizazioa hondatuko dutela esateko.

Errefuxiatu edota etorkin? Terminologia inportantea da, bereziki EBk ‘migratzaile ilegal’ izendatu dituenean engoitik europaratuko diren errefuxiatuak. Alabaina, konponbide praktikoarako gutxi inporta dio pertsona horiek Europara gerratik edo lehorte batetik eskapo datozen.

Errefuxiatuak hartzeko bideak erraztu. EBko estatuek errefuxiatuak hartzeko dauden arazo legalak samurtu behar dituzte: harrera programa humanitarioak, familia-bateratzeak, bisatu humanitarioak,... Europara irisiten ari den gehienak, % 89a, errefuxiatuak dira gatazka-gunetatik ihesean datozenak.

Egin dezagun politika komuna. 28 estatuek batera jokatu behar dute eta erantzukizuna konpartitu behar dute. Politika horretan estatuen azpiko entitateek, erregioak eta gainerako agintarli lokalek, zerresana ere izan beharko lukete. Erregioek eta udalek errefuxiatuekiko elkartasun-keinu sendoagoak egin dituzte EBko estatu askok baino.

Ez kriminalizatu laguntza humanitario ematen dihardutenak. Lotsatzekoa da GKOak eta horren kideek izan dituzten arazoak beren lana egoki egin ahal izateko. GKOak eta boluntarioak arerio moduan ikusi baino, laguntzaile eta aliatu moduan ikusi behar dituzte erakundek.

Lagundu tokiko agintariak. Bertan ari direnak diruz lagundu; oztopo ‘legalak’ ezabatu. Bertatik bertara eginiko ekintzak eraginkorrenak dira.

Adi ahulenekin. Kolektibo ahuenek eta zaurgarrienek politika bereziak behar dituzte. Adibidez, umeei atentzio handiagoa eman behar zaie. Hezkuntzarako eskubidea gozatuko dutela bermatu behar zaie.

Arazoaren muinera jo. Inork ez du bere herria uzten bere borandate hutsarengatik. Atzean arrazoi ba da beti: gerra, probezia, etorkizunik eza, ... Euskaldunok asko dakigu horretaz.  Arazoaren muninera jo behar da eta migratzaile politikoen kasuan beren lurraldeetan pobrezia eraginkortasunez borrokatzeko laguntza-programak landu behar dira. Horrek aldaketa sakonak eskatzen ditu EBren politika askotan.