Energiaz beste behin
2022/09/22
Gaur gosaldu dut Euskaldi irratian entzunez Norvegiako Statkraft multinazionalak parke eoliko handi pare bat jarri nahi dituela EAEn. Bata, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia arteko mugan eraikiko omen da, Aretxabaleta inguruan eta bestea Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo parajeetan. Sustatzaileak Urkullu lehendakariarekin egon direla jakinarazi digute eta baita baita zenbat milaka etxebizitza hornitzeko gai izango diren ere. Notizia ez da horrekin bukatu eta Aretxabaletan zuten kazetariak herritarren iritzia biltzen aritu da. Ez da oso aztia izan behar asmatzeko nolako erantzunak jaso dituen: aldekotasunik ez. Gero Azpeitiko udalaren ohar bat aipatu dute non udalak zioen eskaera ofiziala jasotakoan udalaren eta herritarren artean prozesu bat hasteko asmoa dutela eta blablabla.
Notizia entzutean bizpahiru burutazio izan ditut.
Ez dut zalantza izpirik ohitu beharko dugula gure mendietan aerosorgailuak ikustera trantsizio energetikoa egin, klima-aldaketa borrokatu, burujabetasun energetikoa emendatu eta 0 km filosofia aplikatu nahi baditugu. Energia berriztagarriak hedatzea eta indartzea ezinbestekoa da, ondorio kaltegarrik izan ditzakeela jakinik ere. Hori ez da nahikoa izango klima-aldaketari aurre egiteko. Energia berriztagarriak orokortzeaz gain bestelako neurri eta politikak beharko dira, bereziki energia-kontsumoa bajatzea nabarmen ekarriko dutenak, adibidez, herrietako argiteria apaltzea edo higikortasun-ohiturak sakon aldatzea. Alabaina, alor horretan etxeko tresna elektrikoen energia-kontsumoaren sailkapena, leiho eta pareta isolatzaileak ezartzeko diru-laguntzak, kontsumo txikiko argiak hedatzeak eta antzeko ekimenak ukitu kosmetikotzar jo daitezke baldin eta gehiegizko argiztapenak (gabonetako argiak kasu) edo tabernen terrazetako berogailuak desagerarazteko zirkinik egiten ez bada,adibidez.
Parke eoliko handi bat edo inpaktu jakingarria duten azpiegiturak bultzatzeko komunikazio eta pedagogia egokia ezinbestekoa da aurka egon daitekeen iritzi publikoa zeureganatzeko. Normalean ez da horrelakorik egiten. Statkraftek bultzatutako bi proiektu horiek, antza, bekatu hori egin dute. Zeini adierazi dio lehenik enpresak asmoa? Noiz eta nola jakin dute herritarrek eta bestelako administrazio publikoek asmoa?
Hamar milaka etxebizitza hornituko dituzte! Makroproiektuek bakarrik balio al dute berriztagarriak hedatzeko? Non daude neurri txikiagoko eta bertarako proiektuak? Faltan botatzen dut energia-sorkuntza sakabanatua unibertsalizatzeko ekimen indartsuak. Amets dagit gure industria-poligonoetako eraikinak eguzki-panelez estalita ikustearekin. Zergatik ez daude gure teilatuak eguzki-panelez josita? Duela urte batzuk Eraikingintzaren Kode Teknikoa onartu zenean, etxebizitza-eraikin berrietan eguzki-plaka termikoak jartzea behartu zen. Logika berari segituta zergatik ez obligatu panel fotovoltaikoak jartzea eraikin berrietan eta zaharretan hori egiteko epe bat jartzea? Administrazioek ematen dituzte horretarako diru-laguntzak, Eusko Jaularitzak EVEren bidez esaterako, baina jartzea ala ez norberaren borondatearen menpe dago. Ez dago obligaziorik eta jakina borondateari estutzen ez bazaio, Axularrek hain egoki aipatzen zuena pasatzeko arrisku latza dago, luzamenduz luzamendu ibiltzearen eta gauza geroko uztearen ondorioz inoiz ez ekitea.
Zergatik izan behar du ekimen pribatuak energia-sorkuntzarako proiektuen bultzatzailea? Zergatik uko egiten dio gure administrazio publikoak energia-sorkuntzan agente izateari? Ez al lukete proiektuek izango herri-onarpen errazagoa? Egin zuen bere garaian Nafarroako gobernuak energia eolikoarekin. Statkraft enpresa publikoa da, baina ez dago gure kontrolpean.
Ez naiz inozoa. Ez gara kasualitatez edo patuak bultzatuta honaino iritsi. Bilbon egoitza duen energia-enpresak eta bere kideak dira gorago egindako galdera horiek erantzun zentzuzkorik ez izatearen sustatzaileak. Energia-sorkuntzaren demokratizazioa dakarren sorkuntza sakabanatua ez du oligopolio ahaltsu horrek batere gogoko. Are gutxiago maite du erakunde publikoak merkatu-agente eraginkor bihurtzea. Utikan energia-enpresa publikoa! Eta lagunok Ibaizalbalen ezker erriberan, elkarrengandik ez oso urrun, dute egoitza oligopolioak eta herri hau gobernatzen duen alderdi politikoak! Ahaztu barik ate birakarien fenomenoa...