Cerdanyako ospitalea, esperientzia bakarra
2015/09/02
Cerdanya, Kataluniako eskualde historikoa da Espainia eta Frantziaren artean banatuta Pirinioen tratatua medio 1659an sinatu zena Irungo Faisanen uhartean. Puigcerda da hiri nagusia. 1.300 km2-ko lautada bat da 1.000 altitude minimoa duena. Iraunkorki 32.000 lagun bizi dira bertan, erdia eta erdia estatu bakoitzean gutxi gora-behera. Alabaina, neguan, eskiaren kausaz, populazioa laukoiztu egin daiteke.
Estatu bakoitzaren ikuspegitik Cerdanyako biztanle-kopuruak ez du ematen berez ospitale bat antolatzeko. Ez da biztanleria-atalasera iristen. Bestetik, ospitale-asistentzia izateko bai alde batekoek zein bestekoek distantzia handiak egin behar zituzten. Beraz, Hego eta Ipar Kataluniako gizarteko eragile inportante batzuk mugitzen hasi ziren, Cerdanya osorik hartuko lukeen ospitalea bultzatzen horrek atalaseak beteko bailituzke. Ez zen lana erraza izan. Imajina dezakezue nola hesi mentalak gaindiarazi behar izan zituzten Europako lehen mugaz bi aldeetako ospitalea eraikitzeko. Hesi mentalez gain, arazo operatibo asko gainditu behar ziren: hizkuntza, arautegia, osasun-sistema bakoitzaren berezitasunak, legedia, ...
2007an Frantziako gobernuak eta Generaliateak ospitale berria sortzeko hitzarmena sinatu zuten eta 2014ko irailaren 19an ateak zabaldu zituen.
Ospitalea eraikitzeko Europako Batasunak, FEDER funtsen bidez, % 65a finantzatu du gainerakoa Frantziako gobernuak eta Generalitateak finantzatu dute, % 40 eta % 60 hurrenez hurren. Horixe da gainera, administrazio bakoitzak funtzionamendurako egin behar dituen ekarpenen proportzioa. Ospitalera eginiko bisitan, bere kudeatzaile Manon Marrel andereari galdetu zitzaion proportzio horren zergatia. Kataluniako aldean populazio apur bat gehiago dagoela aitzakian egin omen zen, baina azpimarratu zuen Generalitateak oso interes handia zuela ospitalea bideratzen.
Gorago aipatu dudan bezala arazo tekniko asko gainditu behar izan ditu. Hizkuntzaren alderdia bat izan da. Pazienteak aukeratzen duen hizkuntzan artatzen da, hots, katalanez, gaztelaniaz edo frantsesez. Horretarako bertako profesionalak hiru hizkuntzak ulertzeko gaitasuna behar dute gutxienez eta bitan normaltasunez aritzeko gaitasuna. Horretarako profesionalek trebakuntza berariazkoa hatzen dute, oso zaila baita eta hiru hizkuntzak menderatzen dituzten pertsona egokiak aurkitzea. Trebakuntza hori espezifikoa da eta laneko hizkerarekin lotuta.
Galdetu nuen pertsonalaren artean zein zen harremanetarako hizkuntza. Esan zidaten komunikatzen ari diren pertsonen araberakoa dela eta hiru hizkuntzak baliatzen direla. Hala ere, hiruren arteko 'patois' moduko bat ere sortzen ari ei da.
Hesi mentalak ere hor daude. Frantziako sisteman medikua aukera daiteke; profesional autonomo batengana joan daiteke eta haren faktura gizarte-segurantzara pasa. Espainian, ordea, administrazioak ezartzen dizu medikua. Ospitalea Puigcerdan dago, Hego Katalunian, eta bertako sistemaren arabera esleitzen da medikua. Ospitalearen arduradunek kezka zuten ea horrek atzera botako zituen paziente 'frantsesak'. Horrelakorik ez da gertatzen ari.
Mugaz bi aldeko izaera horrek pasadizo xelebreak ere ekarri ditu. Marrel andereak azaldu zigun lehen paziente 'frantsesa' ospitalean hil zenean. Teknikoki atzerrian gertatutako heriotza zen. Beraz gorpua etxera eramateko eta lurperatzeko protokolo ofizial luzeak eta korapilatsuak eskatzen zituen. 'Pentsa egoeraz' –esan zigun Marrel andereak– 'Familia hemen, hileta ahalik eta azkarren egin nahian. Gorpua hor tramiteetan katramilatua. Nik ezin nuen beste aldera begiratu eta familia gorpua eramaten utzi, nahiz eta hemendik kilometro batera bizi ziren.' Marrel andereak tenis partida batean legez ibili omen zen Bartzelonara, Madrilera eta Parisera hoska. Azkenik 72 ordutan lortu zuten normalean asteak eraman ditzaketen tramiteak egitea. Orain protokolizatuta daukate, baina ospitalea diseinatu zenean, inork ez zuen pentsatu egoera paziente 'frantsesak' ospitalean hilko zirenik!
Esperientzia oso interesgarria da. Demostratzen du, besteak beste, interesa eta gogoa dagoenean mugaz bi aldeetako ekimenen bidez urrats handiak egin daitekeela herritarren beharrak asetzeko. Halaber, nazio-eraikuntzaren ikuspegitik ere ospitale horrek eragin positiboak izango ditu, sasi-mugak banatutako gizartea kohesionatzen lagunduko baitu.
Euskal Herrian bide horretatik asko egin ahal dugu orain eta gehiago egin ahal izango dugu Iparraldeak errekonozimendu instituzionala lortzen duenean. Imajinazioa eta gogoa baino ez dira behar!