Brexitaz gogoeta lasterra
2016/06/24
Emaitzak hor daude. Interpretazioa ugari dago jada komunikabideetan. Neronek burutazio batzuk bota nahi ditut laster batean
-
Brexit erreferenduma demokrazia-ariketa aipagarria izan da. Berriz ere, britainiarrek lezioa eman digute. Herritarrei erabakimena eman diete beraien etorkizunerako garrantzia handia duen gai batean.
-
Britainiar herria garbi mintzatu da, seguruenik gogobetetzen ez duen Europako eredu bati ezetz esan diote, baina ez da ahaztu behar xenofobiarekin eta elkartasunik ezarekin lotu dela neurri handi batean ezetzaren aldeko kanpaina.
-
Eliteen kontrako erreakzio bezala uler daiteke emaitza. Izan ere, Europa osoan, gizarteko sektore handiak gogaituta daude Europak hartu duen bidearekin. Erreakzioa ezkerretik eta eskuinetik gertatzen ari da. Ezetzaren soziologiari begiratuta ikusten da krisia sufritzen ari direnak edota sufritzeko arriskua ikusten dutenak ezetzaren alde jo dutela. Dena dela, ez dezala inork pentsa hau masen iraultzaren atarian gaudenik, Brexita bultzatu duen elitearen zatia ez dago neoliberalismoa kritikatzeko eta gizarte igualitario bat eraikitzearen posizioan, ezta gutxiagorik ere. Pribilegioak gordetzearen posizioan daude, britainiar eliteen pribilegioak, hurkoaren kaltean bada ere..
-
Alderdien logikaren baitan ezin da ulertu ezetza. UKIPeko jarraitzaileak edo kontserbadoreak ez dira ezetzaren hornitzaile bakarrak. Alderdi nagusi guztietan egon da Brexitaren aldeko talde adierazgarri bat, Ipar Irlandako, Eskoziako eta Galesko alderdi abertzaleen kasuan izan ezik. Brexitaren zeharkakotasun horren lekuko Gales da. Ez zen espero Galesen ezezkoak irabazteak, laboristen betiko gotorlekua baita. Gertatu da hala ere. Cardiffen eta Plaid Cymru sendoa den mendebaldeko kostaldeko barrutietan izan ezik. Datu adierazgarria, mendebaldeko barruti horietan gales hiztunak dira nagusi.
-
Eskoziako eta Ipar Irlandako herritarrek argi erakutsi dute Europako proiektu bateratu baten aldeko jarrera eta horrek aukerak irekiko die nazio horiei subirautza bidean aurrera pausoak egiteko.
-
Eskozia osoan izan da Brexina nagusi eta alde nabarmenaz. Nazio identitate berezia eta agenda propioa dituela demostratu da berriz ere.
-
Ingalaterrako hiri handietan bakarrik izan da Brexina nagusi: Londres, Liverpool, York, Newcastle,... Eten bat dateke hiriguneen eta landa-eremuaren eta hiri txikiagoen artean. Xehe aztertzeko fenomenoa.
-
Britainia Handiaren gobernuaren eta Europako Batasunaren arteko Brexitari buruzko negoziazioak hasiko dira laster. Horiek kontuan hartu beharko luke ezinbestean Eskoziako eta Ipar Irlandako herritarrek Batasunaren kide izaten jarraitzeko egin duten hautua eta baita borondate hori bete dadin bideak eman ere.
-
Brexita aukera bat da Europako eredua birpentsatzeko, Europa berria eraikitzeko, demokrazian eta kontuen errendapenean sakonduko duena, nazioei eta herriei ahotsa emango diena eta giza eskubideen defentsa unibertsala, justizia soziala, elkartasuna eta bakea oinarrian izango dituena, finean, Europaren oinarrizko balioak berreskuratuko dituena.
-
Cameronek kargua uztea ikasi beharreko beste lezio bat.
-
Beste lezio bat. Estaturik gabeko nazioen abertzaleok baztertzaileak ei gara. Erreferendumak kontrakoa erakutsi du, Britainia Handian integratzaileak indar abertzale eskoziar, gales eta iparrirlandarrak eta beren bozka-emaileak izan dira.