Brexit
2016/02/23
Ona eta demokratikoa da herritarrak gai konkretuen gainean erreferendum bidez galdetzea. Britainia Handiko herritar asko kezka dute ea beren estatuak EBn segitu behar duen ala hobe joango litzaiokeen kanpoan egotea. Beraz zilegi du Cameronek erreferenduma egitea. Txalotzekoa jarrera hori.
Zilegi du Cameronek pentsatzea beren herritarren borondatea irabazteko asmoarekin herritar horiek EBri buruz dituzten kezkak bideratzeko EBren baitan aldaketak proposatzea. EB osatzen duten guztientzat egokiak izan litezke! Alabaina, Cameronek ez du zilegi EBri planteatzea Erresuma Batuari soilik dagozkion eskaerak, orain duen estatus berezia are bereziago egin nahi dutenak. Cameronek ez du zilegi txantajea egitea.
Europako Batasunak klaru izan beharko luke bere estatu kide bati estatus berezia emateak ez dela batasunaren aldekoa batasunik ezaren aldekoa baizik. EBk argi izan beharko luke estatu guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan beharko lituzketela europar proiektuan sakondu nahi bada behintzat. EBk klaru izan beharko luke Europako Batasuna ez dela merkatu-proiektu bat soilik, proiektu politiko eta soziala dela muinean eta, beraz, proiektu horiekin bat egiten ez dutenak kanpoan hobe daudela barruan baino. EBk argi izan beharko luke Cameronekin negoziatzera esertzea txantaje bati men egitea dela. EBk klaru esan behar ziokeen Cameroni, zure eskaerak ez dira sartzen Europako Batasunaren filosofian, hortaz ez dugu horri buruz hitz egingo; egizu erreferenduma zilegitasun demokratiko guztia duzu eta kudea itzazu ondorioak direnak direla.
Oker egon naiteke. Uste dut joan den asteko akordioarekin labankada bat gehiago eman zaiola Europako proiektuari. Bruselako burokraten eta neoliberalismoari saldutako politikarien menpe dago Europako proiektua. Europak B plana behar du.
Ekainaren 23ko erreferendumean zer boto eman behar den baten batek itaunduko balit, ‘baiezkoa’ esango nioke hala ere. Eskoziako eta Galesko gure kideek horrela nahi dute eta gure nazioari Europako gainerako nazioekin solidario izatea dagokio. Izan ere, elkar hartuta eskura ahal dugu benetako proiektu europarra, soziala eta demokratikoa, bestela ez.