Bizikleta-bideez eta seinaleez
2015/08/12
Ikusi izan ditut txirrindulariak Pasaiako N-1 zaharreko biribilgunetik gora A-8rako sarbidea hartuta edo Alegiarako bideak ezin topatu Aldaba Txikirako malda igotzen alportxak ondo kargatuta. Ez da harritzekoa! Autoen trafikoa soilik buruan izanik pentsatutako bide-seinaleek nekez erantzuten diote taxuz bizikletaz desplazatzen direnen beharrei. Pasaiako biribilgune horretan 'Donostia' seinaleak A-8ra bidaltzen zaitu halabeharrez. Bentaundiko bidegurutzean leon-kastillo egin behar duzu bi bideetako bat aukeratzeko.
Aitortu beharra dago asko hobetu dela gurean bizikleta-bideen sarea, nahiz eta sarea etena eta jarraitasunik gabekoa izan. Hala ere, batzuetan ematen du bidegorria diseinatu duenak ez dela bizikletaz ibiltzen ikusita ibilbidearen traketsa. Gero eta jende gehiago mugitzen da bizikletaz. Bizikletarienganako errespetua ere handitu da gure sozietatean. Alabaina, bizikleta garraio-modu garrantzitsua den herrialdeen estandarretara hurbiltzen ari bagara ere, urrutitxo gaude oraindik. Adibidez, errepideak egin edo berritzen direnean ez dira oraindik kontuan hartzen bizikletarien beharrak, mugak eta segurtasuna. Etsenplu ugari eman daitezke. Hona bat. Andoingo Bazkardon N1 eta A16 arteko lotunea 2011an inaguratu zen. Inguru hori jada arriskutsua zen txirrindularientzat. Obra berria diseinatu zenean eta emaitzari erreparatuta, argi dago ez zela kontuan hartu inguru hartatik ehunka txirrindulari pasatzen direla. Txirrindularien egoera konpondu ordez, txartu egin da.
Gauza batean dugu oraindik alde izugarria: bizikletaz zirkulatu ahal izateko seinaletika egokia, autoek dutenaren parekoak. Hasteko, gurera kanpotik datorren txirrindulari batek nekez aurkituko du non dauden bizikletentzako bide bereziak, hots, bidegorriak. Etxeko batzuk ere arazo bera izango lukete bere ingurune gertutik aterata! Bigarrenik, bidegorri hori bukatzen denean bide-seinalerik ez sarri. Bukatu egin da eta orain nora jo?
Alor horretan ez dugu deus aurreratu. Orain 15 urteko egoera berean gaude. Gipuzkoan behintzat hau da egoera seinaleei dagokionez: garai hartan markatutako ibilbideak adieraztekoak (aliritzira jarritakoak sobra ere), jai-egunetan goizez 50 km/h-ko abiadura-muga adierazten dutenak (Portzierto, Ertzaintzak despitatuen poltsikoak astintzeko usatzen ditu, Aiztondon behintzat), eta ibilbidearen zenbakia eta informazio apurtxo bat gehiago ematen duen seinale mikroskopikoa tokiren batean edo bestean.
Gai horrekin aspalditik nabil borrokan. Aralarrek BBNNetan ordezkaritza izan duen une beretik hasi nintzen matraka jotzen: Gipuzkoako errepide- eta bidegorri-sarean bizikletaz eroso eta segurtasunez ibili ahal izateko bide-seinaleak jartzeko plan bat egikaritu zedin hain justu. Zorte handirik ez dut izan, agerikoa denez. Ez dut Aldundiko arduradunen artean gaiarekiko sentikortasun berezirik aurkitu, ezein kolorekoa izanik ere. Gogoan dut nola bizikletaz ibiltzen zen aldundiko bide-arduradun batek esan zidan, berak bide-seinaleekin zuen arazoa zela horietako batzuk asfaltoaren ertzetik oso hur zeudela jarrita eta talka egiteko arriskua zegoela.
Litekeena da egoki ez saltzea, gure marketina nahikoa ezizatea Aldundiko arduradun politikoei eta teknikoei arazoa ikustarazteko. Duela 15 urte bezala gaude! Hortaz iruditzen zait arazoaren muina hauxe dela: autoa da inportantea, bizikleta bigarren mailako apaingarria da ukitu berdea ematen duena. Aurrekontuei erreparatu, bestela!
Ez dut etsiko eta alamena ematen jarraituko dut.