Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Bideo-jokoak eta,...

2023/01/18

Egia esan neroni ez naiz bideo-jokoen zalea. Aspertu egiten naute. Denbora-pasa kitzikagarriagoak ezagutzen ditut. Hala ere, makina jende ibili dabil horietan, gazte-jende asko tartean, gure etxean adibidez. Gaur Europako Parlamentuak erresoluzio bat onartu du bideo-jokoei buruz.

Bideo-jokoen industriaren datuei jaramon eginez gero, sektore ekonomiko adierazgarria da. 2021ean sektoreak Europan 23,3 mila milioi euro fakturatu zituen eta 90.000 lanpostu zuzen elikatu zituen. Halaber, europarrok astean 9 ordu pasatzen ditugu pantailaren aurrean bideo-jokoetan batez beste.

Munduko Osasun Erakundearen arabera bideo-jokoen gehiegizko esposizioak patologiak eragin ditzake, menpekotasuna tartean. Dena den, oso datu gutxi omen daude jokalarien benetako esperientziari buruz. Bada, hala ere, kezka sortu berri duen jokatzeko grina biziagotzeko molde berri. Ingelesez loot box esaten diote, euskaraz ostil-kutxa gisa eman genezakeena. Jokalariari sistemak horrelakoak eskaintzen dizkio eros ditzan. Zer diren entenditzeko Berriako artikulu honetara jo dezakezue.

Kezka horiek medio eta orain arte erakunde arau-emaileek arreta txikia eskain diotelako sektore horri etorri da Parlamentuaren erresoluzioa. Bestek beste aspektu hauek seinalatzen ditu:

  • Batzordeari gonbit egiten dio lineako bideo-jokoetan kontsumitzaileak babesteari buruzko gaiak aintzat har ditzan EBko kontsumo-arloko legeria egokitzeko gaur egun egiten diharduen prozesuaren baitan eta kontsumitzaileen babes-arauak sendotea eskatzen du,

  • Bideo-jokoek izan dezaketen mendekotasun-arriskuaz kezka azaltzen du.

  • Ostil-kutxa asko izan dezaketen eragin manipulatzailea azpimarratzen du eta Batzordeari eskatzen zaio azter dezala adingabeei horiei sarbidea debekatzea.

Parlamentuaren deliberoa desideratum hutsa da, erresoluzio guztiak legez, eta orain Batzordearen esku dago bide emango dion eta zein neurriraino.

Bideo-jokoak eta,...

Ostil-kutxa baten irudikapena