Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Bandera-ontziaren sorreraz

2026/01/01

2025ean 50 urte bete zituen Donostiako Kimika Fakulateak. Lehen promozioko ikasle izanik hurbilketa pertsonala egin diot 1975az gero bizitakoari

1975eko udazken hasierako egun batean 119 gazte, neroni ere tartean, Altzan Joan XXIII lanbide-eskolak usatzen zuen eraikin-multzora bideratu genituen gure urratsak kimikako lehen ikasturtea estudiatzen hastera. Eraikin-multzoa partez Donostiako petrokimika fakultate bihurtu zen orduko hizkerari erreparatuta eta nagusiki lanbide-eskola segitu zuen izaten bizpahiru urtez. Izan ere, lanbide-ikasketak egiten ziharduten ikasleak ere bertan ari ziren eta nagusi ziren kopuruz eta azpiegituraz. Kimika-ikasleon espazio bitala murritza zen: eraikin-multzoaren areto nagusia, non eskolak hartzen genituen, elkarbanatutako taberna eta gutxi gehiago.

Eraikin-multzoa bera zen berezia. Lau gunetan banatuta zegoen. Eraikinek sabai horizontala zuten eta ipar-mendebaldera begira paratutako kristalezko leiho handiak. Arkitektura-sari bat jaso omen zuen diseinuak eta Malagan eraikitzeko ei ziren diseinatu, nahiz eta Altzako hilerri ondoko mendi-puntan altxatu ziren. Ura erruz leihoetan zehar sartuz ikusi izan nuen ipar-mendebalak jotzen zuenean.

Ehun eta hemeretziko saldo hartan hiru talde berezi zeuden: perito-ikasketak eginak zituzten hiruzpalau gizon lizentziatu bilakatu nahi zutenak, hamar bat ikasle kurtso-galdutakoak beste unibertsitate batzuetatik, Valladolidetik printzipalki, etorritakoak eta multzorik oparoena ilusioz beterik unibertsitatearen ateak lehen aldiz zeharkatu zutenak, horietako bi bat dozena Donostiako Mariarren Lagundiaren ikastetxean ikasitako neskak bidenabar. Generoaren ikuspegitik oso orekatua izan zen gure taldea, ohikoa ez zena. 31 lagun graduatu ginen 1980an.

Ez da komeni ahaztea 1975 urte bereziki korapilotsua izan zela ikuspegi sozio-politikotik eta komunikabideetan azpimarratu denaz landara gertaera larri asko pasatu zirela. Aita galdu nuen urte hartan auto-istripu batean. Valladolideko unibertsitatea urte osorako itxi zuten, milaka ikasle eta neroni airean lagata. Horrek bultzatu ninduen Altzako aukera hartzera eta egundik begiratuta, apika, Cruz Martinez de Esteruelas hezkuntza-ministro frankista malapartatuari eskertu beharko nioke Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketaren bandera-ontzian nabigatzeko antolatu zidan aukeragatik.

Iraila honetan (2025) eginiko udako ikastaro batean gure zientzialarik behinenak, Pedro Migel Etxenikek, EHUren ikerketaren bandera-ontzi gisa definitu zuen gure fakultatea. Ez du arrazoirik falta Izabako jakintsuak eta nire egiten dut definizio hori. Erreparatu bestela emaitzei: 7 Euskadi sari eta Xangai errankineko Kimika Fakultateen zerrendan 200 onenen artean.

Ontzi orok tripulazio tebreaz aparte, kapitain eta lemari iaioak behar izaten ditu. Hasierako urte haietan bi lagun azpimarratuko nituzke: batetik, fakultateko lehen dekanoa Gonzalo Martin Guzman katedratikoa, don Gonzalo guretzat, eta bestetik, idazkari-lanak egin zituen Luis Mari Bandres Unanue pasaitarra.

 

Gonzalo Martin Guzman izan zen kapitaina. Ikasketak antolatzeko enkarguarekin etorri zen Donostiara ‘petrokimika’ izeneko ikasketak antolatzera gure lurraldean ez petroliorik ez industria petrokimikorik ez zegoenean. Tentaldia izan zezakeen ikasketa-plan ohiko bat moldatzekoa, estatuko beste ezein zientzia-fakultatetan eskaintzen zirenen parekoa. Ez zuen horrelakorik egin, ordea, bisioa izan zuen Donostiako fakultatearen arrakasta zerbait berezi eskaintzean egongo zela, eta halaxe izan zen kimika makromolekularra, hots, polimeroen zientzia eta teknologia, espezialitatea diseinatu zuenean Martin Guzmanek. Gerok, ikasleok, ez genuen hori garai hartan hain klaru ikusi eta egon zen ahotsik ohiko espezialitateak erreklamatu zituena. Gure ikaskide gutxi batzuk Leioara joan ziren espezialitatea egitera arrazoi horrexegatik.

Ez zuen Martin Guzmanek lana erraza izan. Urte gatazkatsuak izateaz gain, gurea fakultate txikia eta berria zen; irakaslerik ez zuena, zeinetan unibertsitate-esparruko irakasle bakarra lehen urtea hartan bera izan zen. Era berean, agregatu eta katedratikoak etortzen hasi zirenean, Donostia tranpolina izan zen gehienentzat plaza gustagarriago batera joateko bidean. Bertan finkatu ez, eskolarik sortu ez eta beren estiloan egin beharra gauzak! Laborategiak ere eskax, lanbide-hezkuntzako eskolarenak. Martin Guzmanek bere ikasle ohi gazte batzuk etorrarazi zituen Altzara; Leioan estudiatutako ikasle gipuzkoar batzuk erakarri zituen eta tesia egiten jarri zituen guztiak, eskolak emateaz gainera. Bandera-ontziaren ernamuina jaio zen.

Irakaslegoaren gaztetasun horrek, gurekiko adin-diferentzia txikiak, ekarri zuen ohiko fakultatea ez izatea gurea, hierkariarik apenas egotea, ikasle- irakasleen artean harreman sanoek ezartzen dutenaz aparte, eta gauza askotarako koadrilatxo bat izatea, San Alberto festan edo basoerdiak hartzeko elkarrekin.

Etorritako katedradunak ez ziren guztiak jauzilariak izan eta horietako batek iraun eta eskola sortu zuen: Ramon Mestres i Quadreny kimika organikoko katedradunak urte batzuk egin zituen Altzan. Irakasle aparta zen, bere apunteak euskaraz jarri genituen ikasle batzuk bere baimenarekin. Berak sortutako ikerketa-taldeak bi Euskadi sari eman ditu.

Luis Mari Bandres Unanue izan zen lemaria, egunerokotasuna kudeatzen bere idazkari posiziotik. Ez zen ordea hori izan Luis Mari Bandresek fakultatearen etorkizunari egin zion ekarpenik inportanteena, euskara fakultatearen DNAn txertatzea baizik. Elhuyarren presidente zen orduan, Ez dok amairu mugimenduan ibilitakoa gainera, euskaltzale aparta eta bazuen esperientzia hezkuntza-munduan Don Bosco lanbide-eskolan irakasle baitzen. Luis Marik argi izan zuen fakultateak irakasle euskaldunak behar zituela euskalduntasunean aurrera egin nahi bazen eta ardura hartu zuen ezagutzen zituen edo aditzera zituen zientzialari gazte euskaldunak fakultatera etorraraztekoa. Horrela euskara zientifikoaren historian protagonista izandako Antxon Santamaria, Jose Mari Elortza, Juanjo Peña eta Jon Nazabal Altzara etorri eta irakasle izan genituen.

Lehen promozioko ikasleoi trantsizio famatu horren lehen urte mugitu haiek bizitzea egokitu zitzaigunez ez da harritzekoa konpromiso pertsonalak hartuzaleak izatea. Beste konpromiso batzuen artean euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa gure egin genuen. Elhuyarren eta Udako Euskal Unibertsitatearen jardueran parte hartzen hasi ginen, Luis Mari Bandresek zirikatuta bidenabar. Urrats inportantea egin genuen 1977aren hasieran. Bandresek bigarren ikasturteko mekanika ematen zigun, gaztelaniaz jakina. Euskaraz zergatik ez? Bandresek bazuen gaitasuna hori egiteko baina bere egunerokotasunaren lan-kargak ez zion bide ematen mekanika bi hizkuntzetan emateko. Ez ahaztu gaztelania zela eskolak emateko hizkuntza bakarra eta eskolak goizez zirela nagusiki. Ikasle batzuk euskaraz nahi genituen eskolak. Nola konpondu? 1977ko urtarrilean Antxon Santamaria mekanikako ariketak hasi zitzaizkigun euskaraz ematen arratsaldetan zortzi ikaslez osatutako talde bati. Hurrengo urtean Juanjo Peñak optika eman zigun eta horrela pixkanaka Donostiako Kimika Fakultateko euskarazko eskaintza ugaritzen hasi zen.

Aitortu beharra dago Gonzalo Martin Guzmanek arazorik ez zuela jarri taldeak bikoizteko eta orduan guztiz ez-ohikoa zen praktika bati bide eman zion. Oso erraza izan zezakeen oztopoak jartzea eta ezezkoa esatea orduko legedia aplikatuta. Ez zuen egin eta horretan ere Martin Guzmanek bisioa izan zuen.

Urte horretan bertan antolatu genuen Petrokimikako Euskal Kultur Taldea, Leioan zegoena ispilu hartuta. Lehen kultur astea antolatu genuen eta Emilio Lopez Adan, Beltza, ekarri genuela hizlari gogoan dut. Euskarazko testuak idazteari ekin genion eta horretan trabatu genituen biak gure burua eta gure hizkuntza. Egun darabilgun kimikako euskarazko hizkera teknikoa orduan finkatu genuen hein handi batean Donostian eta Leioan genbiltzan ikasle sutsu eta irakaslea gazte batzuk.

Esan bezala urte bereziak izan ziren. Gizartea puri-purian zegoen askatasunaren egarriz eta gu ez genbiltzan sentimentu horretatik aparte. Amnistiaren aldeko borroka, grebak, itxialdiak, Herrerako barrikada,... Daitort fakultatean estudiatzen egin nituen urteak oso betegarriak fortunatu zitzaizkidala, nostalgiaz ere gogoratzen ditudala, baina batez ere harrotasuna sentitzen dut bandera-ontziaren parte izan naizelako ikasle eta irakasle bezala eta gure gizarte hobea egin zuen prozesu baten protagonista ere izan nintzelako.

Eta gure fakultatearen errealitateaz gehiago jakin gura duenak jo beza hona: https://www.ehu.eus/eu/web/kimika-fakultatea/aurkezpena-eta-historia.

 

Bandera-ontziaren sorreraz

1- Irudia. Gonzalo Martin Guzman lehen promozioko ikasleekin tituluak entregatzeko ekitaldiaren ondoren fakultateko jangelan eginiko bazkarian. Eserita eskuineko muturrean Charo, fakultateko telefonozalea, edonorekin eta edonon harremanetan jartzeko gaitasun aparta zuena