Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Autodeterminazioari buruzko konferentzia zabaldu du Inaki Irazabalbeitiak EPan

2013/09/23

Ibon International erakundeak, EPko Berdeak-ALE eta Europako Ezkerra Bateratua taldeek babestuta 'Demokrazia, Autodeterminazioa eta Herrien Liberazioa' izeneko konferentzia antolatu du. Inaki Irazabalbeitiak konferentzia zabaltzeaz gainera hitzaldi bat eman du Europaren baitan autodeterminazioak duen tokiaz.

Emandako hitzaldian Irazabalbeitiak adierazi du autodeterminazio-eskubidearen ohizko definizioan kokatzeko arazoak izan ditzaketela Europan gertatzen ari diren prozesu subiranistak. Izan ere, testuinguru kolonialetan bere aplikazioa argi eta garbi baldin badago ere nazioarteko eskubidean, ez da horrela gertatzen hortik kanpoko egoeratan. Horren adibide da, Kanadako Epaitegi Gorenak Quebecen sezesioari buruz emandako epaian ez zaiola autodeterminazio-eskubideari erreparatzen herritarren erabakiari baizik. Zentzu horretan, Europan erabakitzeko eskubideaz hitz egitea egokiago da. 'Erabakitzeko eskubidea demokraziaren oinarrian txertatzen den eskubidea da, herritarrei hitza eta erabakimena zuzenean ematen dielako', azpimarratu du Irazabalbeitiak. Erabakitzeko eskubideak herri batek ingurukoekin izan nahi dituen harremanen esparrua gainditzen du eta bizitza publikoaren ezein esparruri aplika dakioke, hala ere. Erradikalismo demokratikoaren adierazlea da.

Bestetik, Europako Batasunaren barne-zabalkuntza ere mintzagai izan du. Orain arte, Europako Batasunak bere mugetatik kanporantz zabaldu da. Ez da inoiz planteatu barnetik haztea, esaterako, kide den estatu batean sezesio baten ondorioz estatu berri bat sortzen denean. Hortaz mekanismorik ez du horretarako. Beraz, kasua gertatzen denean ad hoc konponbideak bideratu behar ditu. Horixe da hain zuzen orain arte egin duena Europako Konstituzioa onartu ez zenean Lisboako tratatua bultzatuaz edo Alemaniako bateratze gertatu zenean. Irazabalbeitiak seinalatu du, 'Nazioarteko zuzenbide publikoan salbuespenaren pragmatismoa ohizkoa da. Hortaz EBk zergatik ez ditu mekanismoak abiatuko barne-zabalkuntza aplikatuta sezesio batek sortutako egoera bideratzeko? Horrelaxe egin zen Suitzan Jurako kantoia Bernakotik sezesionatu zenean.'

Hortaz Irazabalbeitia baikor agertu da, Eskoziak edo Kataluniak 2014ean independente bilakatzen badira, EBk egoera bideratzeko moduak aurkituko dituelako Europako herritar horiek europar herritar jarraitzen jarrai dezaten.