Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Turkiako udal hauteskundeak

2014/04/09

Joan den Martxoaren 30ean Kurdistanen izan nintzen BDPk gonbidatuta udal hauteskundeetan nazioarteko begirale moduan

Oso esperientzia aberasgarria gertatu zitzaidan. Beste hiru lagunekin batera Diyarbakirretik 110 bat km-tara dagoen Çüngüs herrian fortunatu zitzaidan lan egitea. Nekazal inguru latza da, lehorra, mahastia eta garia dituena labore. Herria 2.000 biztanleko hirigunea du eta 12.000 bizilagun 40 bat bailaratan banatuta. Bailara horiek txikiak: lau etxe eta eskola.

Aurreko egunetan eguraldi ona egin bazuen ere, elur-bisutsarekin agur egin gintuen hauteskunde egunak. Tokia latza, jendea ordea mundiala: abegikorra, atsegina eta dutena zuri emateko prest dagoena. Horietako herrixka batera bazkal orduan gerturatu eta bere etxera bazkaltzera gonbidatu gintuen familiak hark bezala.

Hauteskunde prozesuaz zer? Militar eta paramilitar andana hauteslekuetan. Armak eskutan, inguruak zaintzen teorian. Hainbat tokitan hauteslekuaren barruan ikusi genituen. Batean, gainera, mahai batean jezarrita eta armak mahaiaren gainean paratuta. Horrek harritu ninduen gehien.

Hauteslekuetako buila ere deigarria egin zitzaidan, jende asko juntatzen baitzen bertan. Botuak kontatzeko momentuan bildutako jendetza ere ikustekoa zen. Kontaketak luze jo zuen, oso prozedura konplikatua baitzuten. Lau boto desberdin eman zituzten. Boto-orri bakoitzean aurkezten ziren alderdiaren ikurrak zituen eta hautesleek zigilu baten bidez bat aukeratu behar zuten. Boto-orrietako hiru kartazal berean sartzen ziren eta kolore desberdinekoak ziren. Gainerakoa bigarren kartazalean sartzen zen. Hiru boto zituen kartazala ireki zen lehenik, botuak koloreka bildu ziren: multzo bakoitza hiruzpalau aldiz kontatu zen. Gero, mahaiko lehendakariak botu-orria banan-bana hartu, bi eskuekin altxatu eta alderdietako ordezkariei erakutsi eta bozkatutako alderdiaren izena aldarrikatzen zuen. Pentsa dezakezuenez izugarri prozedura luzea izan zen. Bi ordu bertan begira egon eta gero joan ginen. Artean, barruti-mailako botoak bakarrik, hots, kolore bateko boto-orri ak, zenbatuta zeuden. Beste hiru falta ziren.

Diyarbakirren bueltan, sekulako jendetza BDPren egoitzaren aurrean garaipena ospatzeko.

Beste kultura batm neurri batean duela 35 urte gure artean bizi izaten zen hauteskunde-giroa gogorarazi didana.