Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Ankarako kronika

2016/01/26

HDP alderdiak Ankaran burutu du bere bigarren kongresua. Horrek Turkiako hiriburua ezagutzeko parada eman dit. Ez ahaztu Istanbul, zein antzinako Konstantinopla Ekialdeko erromatar inperioaren eta Otomandar inperioaren hiriburua izan baitzen, herrialdeko hiririk inportantenean izanik, turkiar gazteen iraultzaren ondoren ez dela jada Turkiako hiriburua

Inguru guztiak zurituta eta berealdiko hotza egiten zuela ailegatu ginen Ankarara. Gure egonaldian tenperatura ez da inoiz 0 ºC-tara iritsi eta gauren batean -19 ºC-taraino jaitsi da. Ezinbestekoak txapela, eskularruak eta beroki ona. Osaba Juanitorengandik heredatutako plumifero gorria ibili dut soinean eta Tolosako Elosegieneko txapela buruan. Eraikinetan sartu orduko jesukristoren beroa eta arropa-geruzak kendu beharra eroso ibiltzeko. Hoteleko gelako termostatoa 27 ºC-tan dago jarrita; bero itogarria. Leihoak ireki eta termostatoaren kontrolagailuarekin borroka pixka baten ondoren, berogailua itzaltzea lortu dut, gelak tenperatura atseginagoa hartu duelarik.

Ankarako meskita-dentsitateak deitu dit atentzioa. Ez dut gogoan lehenago munduaren bazter honetan egon naizenetan halako meskita kopurua ikusi izana. Inpresio soila izango da akaso. Inpresio bera izango dute gurean bisitari musulmanek gure herrietako eliza eta ermitak ikusten dituztenean.

Hiri zatarra da Ankara, bestalde. Berria da hiria, atzen urteetan eraikitako auzoz josita; errepideak eta porlana nonahi. Ez dirudi oinezkoentzat hiri atsegina denik, autoen inperioa iruditu zait. Bertako batek esan didan legez, 'Ankaran ez dago parkerik, ez dago berderik, zementua bakarrik'. Alta, zentroko zona komertziala bizi-bizia da. Jendea kalean, erosketetan, kafeetan eta bere zereginetan hotz latzari bizkar emanez. Izkina batean alderdi komunistako kide gazteak propaganda banatzen. Ez kasu egin izenari komunistatik gutxi, estalinistatik eta nazionalista turkotik demasa baitute. Zapi gutxi ikusten da zentroan dabiltzan emakumeen artean burua estaltzen. Ez da gauza bera periferiara joan orduko.

Kafe batera eraman gaituzte gure lagun kurduek. 3. solairuan, sabai baxuak, zur iluneko mahai eta aulki antigoalekoak, film-kartelez estalitako paretak, 'Casablanca' eta 'Laranja mekanikoa' mitikoak tartean. Mahaietan gazte-taldeska batzuk jesarrita garagardoa edaten eta, hara, zigarroa erretzen. Ez da Rick's, baina tarte atsegina pasatu dugu bertan.

Alkohola edan daitekeela Turkian jakina da. Hala ere, ez da gurean bezain erraz. Ostiralean afaltzera joan ginen jatetxean ez dute alkoholik ematen; freskagarriak, ura eta tea nahi adina. Hoteleko jangelan garagardoaren prezioa pasta-plater baten adinakoa da; trukean Errioxako erreserba garestienen parean.

Abiatu aurretik makina bat lagunek adierazi didate beren kezka: 'osorik etorri'. Segurtasunari buruz ez dut, egia esan, neronek kezka handirik izan. Pentsatu izan dut berunezko urteetan Euskal Herriari buruzko antzeko kezka zegoela atzerrian eta bizi izan genituenok horrenbesterako ez zela badakigu. HDPren kongresuaren inguruan segurtasun-neurri handiak egon dira: inguruko kaleak trafikora itxita, polizia-zaintza eta aretora sartzeko banan bana katxeatu gaituzte. HDPren egoitza berak erantsitako poliziaren garita bat du segurtasun-neurri moduan. Ohikoa ei da Turkiako partiduen egoitzetan.

HDP ez da alderdi kurdua soilik, bestelako gutxiengoak eta turkiar ezkerraren zati bat ere biltzen ditu. Konplexurik gabe Turkiako bandera erraldoi bat eta Ataturk-en erretratua eskegita daude kongresuko aretoan, bidenabar, mukuru bete dago polikiroldegia, harmailak eta kantxa, giro zaratatsua eta koloretsua delarik. Klase guztietako jendeak. Gorbata eta jaka asko gizonezkoen artean, aldagarritasun gehiago emakumezkoen artean, minigonatik turkiar emakumeen uniforme moduko jantzi horretaraino, festetako soineko tradizionala daramatenetatik pasata.

Bi ko-liderrek egin dituzte diskurtsoak. Luzeak oso gure estandarretarako. Mamiz trinkoak, ilusioa zerienak. Bakea hitzaldien ardatza eta Turkiaren eta Kurdistanen etorkizunak oinarri hauek: bakea, demokrazia, dibertsitateen errespetua eta autonomia. Banan bana aurkeztu gaituzte delegaziook. Horrelako jendetzaren aurrean zure izena entzuteak, zutitzeak eta agur egiteak oiloipurditzen zaitu.

Bueltako abioian ari naiz lerro hauek eskribitzen. Itzulaldi katramilatua, Munichen Bilborako hegazkina galdu eta biharamunean abiatu behar izan dugulako, ia ordu beteko atzerapenarekin gainera. Lufhasankoak txukun portatu dira, ostatua eta jatena fite eman baitigute. Hotela, hala ere, autobideko restop batean, aireportutik ordu erdira.

Bidaia oparoa izan da maila pertsonalean zein politikoan.

Ankarako kronika

Kongresuaren aretoa