Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Alemania Frantziako estiloan?

2016/09/08

Aurreko asteburuan Alemaniako Mecklenburg-Aurrepomerania estatuko parlamenturako hauteskundeak egin dira. Alternative für Deutschland alderdia bigarren indarra izan da. Komunikabideek CDUren galera azpimarratu dute. Hori al da irakurketa zuzena?

Mecklenburg-Aurrepomerania garai bateko Ekialdeko Alemanian kokatzen da. Angela Merkel bera estatu horretakoa da. Hortaz, CDUk bigarren postua galdu duenean, haren migrazio-politikei egotzi diete erantzukizuna, AfD alderdi euroeszeptiko eta xenofoboak kendu diolako bigarren postu hori.

Azaleko analisia iruditzen zait. Batetik, CDU bigarren alderdia izan dan atzen lau hauteskundeetan eta ezkerra (SDP, Ezkerra –Die Linke– eta Berdeak) izan ohi da nagusi. Bestetik, oraingoak baino galera handiagoak izan zituen 2011ko hauteskundeetan: 5,7 puntu. Gainera, NPD alderdi neonaziak parlamentuan sartzea lortu zuen. Errefuxiatuekin arazorik ez zegoen orduan. Aurten, 4,1 puntu galdu ditu. Galera handiagoak izan dituzte SDPk (5,1) eta Ezkerrak (5,2). Atzen honek botoen herena galdu du. Berdeek ere botoen herena galduta parlamentutik kanpo gelditu dira. NPDk botoen erdia galdu eta ordezkaritzarik ez du lortu.

Laburtuz, ezkerrak 15 puntu galdu ditu eta CDUk 4,1 bakarrik. Ez dirudi CDU galtzaile handiena denik eta errefuxiatuekiko politikak horren beste kalte egin dionik.

AfDk estatuetako hauteskundeetan bigarren indarra gelditzea ez da berria. Jada udaberrian Saxonia-Anhalten eginikoetan bigarrena izatea lortu zuen. Estatu hau ere Ekialdeko Alemanian dago.

Nondik lortu ditu AfDk bozkak? Heren bat abstentziotik eta alderdi marginaletatik etorri zaio. Beste heren bat ezkerretik: SDP, % 17; Ezkerra, % 12 eta Berdeak, % 3. Atzen herena eskuinetik: NDP, % 15; CDU, % 14 eta Liberalak, % 3.

Hortaz, AfDren boto-poltsa nagusia abstentzionistak aktibatzetik etorri bada ere, ezkerra izan da alderdi tradizionalen artean iturri nagusia; eskuin tradizionala baino bi bider handiagoa. Gogoan badugu Frantziako Fronte Nazionalak non dituen egun boto-poltsarik sendoenak Mediterraneoko kostaldeko bere ohizko gotorlekuetatik kanpo onartuko gara, garai bateko ezkerreko gotorlekuetan dituela, PCFren gotorlekuetan bereziki. Beraz, Alemanian AfDren Frantzian FNren ibilbideak paraleloak izan daitezkeela pentsa dezakegu eta ezkerraren kontura haziko dela.

Ezkerrak Europan alternatiba sinesgarriak eraikitzeko dituen zailtasunen beste etsenplu bat dela iruditzen zait. Ezkerraren boto-emaile tradizionalek krisiak jo dituenean, sumatu dute hark ez diola konponbiderik eskaintzen. Hainbat ezkerren politikak ez dira asko bereizten eskuineko alderdien politiketatik. Alemanian eta Frantzian hori gertatzen dela esan daiteke. Are gehiago, Alemanian eskuineko gobernu baten sostengua dira sozialdemokratak. Bestetik, beste ezker batzuk demagogian eta diskurtsoan galtzen dira, egunerokotasunetik urrun. Boto-emailea abandonatuta sentitu da eta alternatibak bilatu ditu eta euroeszeptisizmoan eta xenofobian aurkitu dituela uste du. Oker, baina hori da errealitatea, sobra ere.

Frantzian, gainera, FN indartzeak ekarri du bere diskurtsoaren elementu batzuk gainerako partiduen diskurtsoan sartzea, bereziki eskuin tradizionalekoetan. Adibide moduan Sarkozyk burkinia debekatzeaz agertu duen aldeko jarrera. Alemanian ere CDUk tentazio bera izan lezake eta horretan Bavariako bere sozio CSUren laguntza izango luke.

Hamabost egun geroago Berlingo parlamenturako egin diren hauteskundeek joera bera erakutsi dute.

-       AfD partidu xenofobo eta euroeszeptikoa parlamentuan indarrez sartzea, % 14,2 . Indar txikiagoz hala ere.

-       Koalizio Handia osatzen duten alderdien gainbehehera: CDU, % 5,7 eta SDP, % 6,7

-       Ezkerraren galera eskuinarena baino handiagoa:

  • Ezkerrak (Die Linke) igoera izan du, % 3,9; baina SDPk, Berdeak (% 2,7) eta Piratek (% 7,2) behera egin dute. Guztira, ezkerrak % 11, 7 galdu du
  • FDPko liberalek gora egin dute eta parlamentuan sartu dira berriz ere, % 4.9 gora. Neurri handi batean CDUk izan duen galera konpentsatzen dute eskuinaren esparruan

-       Itxura guztien arabera AfDk botoak abstentziotik eta ezkerratik bildu ditu nagusiki.

Frantziko bideari jarraitzen ari zaiola Alemania ematen du. Ikusiko dugu datorren urteko hauteskunde orokorretan joera horrek bere horretan jarraitzen duen.

Alemania Frantziako estiloan?

Schwerin, Mecklenburg-Aurrepomeraniako hiriburua