Maliko egoeraz EPn
2013/12/13
Maliko presidentearen diskurtso autokonplazientearen kontraste moduan MNLAko (Azauad Liberatzeko Mugimendu Nazionala) Europako ordezkari den Mussa Ag Assarid-en bertsioa entzuteko aukera izan genuen astearte arratsaldean Berdeak-ALE taldeko François Alfonsik eta Jean-Jacob Bicep-ek eurodiputatuek antolatutako prentsaurrekoan.
Mussa, joan den udan ezagutu nuen Cortiko Udako Jardunaldietan (Korsika) eta bertan herri tuaregaren eta Azauadeko gainerako herrien egoerari buruz luze solastatzeko aukera izan genuen. Mussak interes handia erakutsi zuen Hego Euskal Herriko antolaketa autonomikoaz. Hastear zeuden Uagagugun elkarrizketak MNLAko eta Maliko gobernuaren artean. Horietan Azauaden autogobernua ere mintzagai zen.
Mussak argi utzi zuen egungo Maliko egoerak argilunak dituela, bereziki Azauadeko herritarrentzat. Maliko gobernuarekin egitear dauden bake-elkarrizketak ez dira artean hasi. Maliko presidentea aukeratu et 60 egunetara hasi behar zuten eta jada 4 hilabete pasa dira. Gainera, Maliko armadaren indarkeria eta Azauadeko herritarekiko jarrera baztertzaileak salatu zituen. Eskaera egin zuen Maliko gobernuari presioa egiteko elkarrizketaren bideari ekiteko.