Siriako kurduen ordezkaritza batekin elkartu da Irazabalbeitia
2013/12/03
Sinan Mohamad-ek zuzendutako ordezkaritzak Siriako gatazkak Mendebaldeko Kurdistanen eragindako egoeraren berri xehea eman die eurodiputatuei. Sinan Mohamad Mendebaldeko Kurdistango Kontseiluko lehendakari ordea da. Kontseilu horretan biltzen dira lurraldean ordezkatutako eragile politiko eta sozialak kurduak izan ala ez izan. Autogobernua aldarrikatu berri dute eta lurraldea talde islamistengandik zein gobernuko indarrengandik babestuta izan nahi dute eta horrela da hein handi batean. Bertan hainbat komunitate bizi direla azaldu dute eta 500.000 errefuxiatu jaso badituzte ere, apenas laguntza humanitariorik jasotzen dutela.
Siriako etorkizuna gerratik eta biolentziatik ez dela etorriko politikatik zein negoziaziotik etorri behar duela aldarrikatu dute ordezkari kurduek. Demokrazian eta gutxiengoen errespetuan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi dute Sirian. ‘Sirian ez da demokraziarik izango kurduen arazoa bideratzen ez bada’ adierazi du Sinan Mohamadek.
Ordezkari kurduek adierazi dute Genevako bake-konferentzian egon nahi dutela parte bereizi bezala eta europarlamentarioen laguntza eskatu dute Turkia, AEB eta beste eragile batzuen betoa apurtzeko.
Irazabalbeitiak adierazi du ‘Aralarrek argi du Siriako gatazka ez dela demokratikoki bideratuko baldin eta, kurduek eta gainerako gutxiengoek bake-prozesuan parte hartzen ez badute eta horretarako Genevako konferentziako berariazko partaide izan behar dute’.
Hiru eurodiputatuek konpromisoa hartu dute kurduen aldarrikapena Parlamentuan bideratzeko.