Aralarrek EPn salatu du Europan torturatu egiten dela
2014/03/11
Aralarreko eurodiputatu Inaki Irazabalbeitiak Europako Parlamentuko osoko bilkuran defenditu du tortura eta tratu txarrak desagerrarazi egin behar den lakra dela. Bere iritziz txostena noranzko egokian doa hirugarren herriei dagokielarik, nahiz eta egokia izan zatekeen jurisdikzio unibertsala ezartzeaz edo torturengatik kondenatuei grazia-neurririk ez emateari buruz erreferentziarik egin izan balitz.
Europako Batasunari buruz salatu egin du torturatzen den estatuak badirela eta Espainia horietako bat dela, Amnistia Internazionalek eta Nazio Batuen torturarako errelatoreak adierazi dute legez.
Gogorarazi du Europako Kontseiluko Tortura Prebenitzeko Batzordeak behin baino gehiagotan eskatu diola Espainiari inkomunikazio-egoeran dauden pertsonek tortura edo tratu txarrak paira ditzaten ekiditeko hiru salbagoarda ezar ditzan eta ez duela artean egin. Gainetik gogoratu du ez dela Espainian ez-ohizkoa torturagatik kondenatutakoak indultatzea, kondekoratzea edo promozionatuta izatea.
Europako Batasunari eskatu dio borroka dezala indar guztiarekin tratu txarren eta torturaren kontra baita Batasunaren barnean ere. ´´Pertsona guztien bizitzeko eskubidearen aldeko borrokak lotuta du ezinbestean berarekin pertsonen osotasun fisikoaren aldeko eta tortura eta tratu txarren kontrako borroka gotorra eta batekoz beste.” adierazi du Irazabalbeitiak, “Bestela jokatzen badugu, gure burua engainatu besterik ez dugu egingo”.