Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Demokrazia-lezioa Kaukason

2015/05/15

Maiatzaren 3an parlamentu-haustekundeak egin ziren Karabakh Garaian. Nire lekukotasuna eta erreflexioak ekarri ditut hona

Kaukasoko estatuetan demokraziaren kalitatea ez da lehen mailakoa, ezta hurrik eman ere. Urrun daude estandar demokratikoetatik. Alta bada, Karabakh Garaian joan den maiatzaren 3an egin diren parlamentu-hauteskundeak kalitate handiko ariketa demokratikoa izan dira, EBko ezein estatutan egin daitezkeenekin homologagarriak. Bertatik bertara baieztatu ahal izan dut hori. Izan ere, Europako Parlamentuko Karabakh Garaiko Laguntasun-taldeak antolatutako hauteskunde-behaketarako misio baten kide izan naiz. Gauza bera ikusi ahal izan dute Artsakh-era, KGren izena armenieraz, hurbildu diren hamarnaka nazioarteko behatzaileek, tartean gure koaliziokide Urko Aihartza senatariak eta Rafa Larreina diputatuak.

Karabakh Garaia estatu independentea da praktikan, baino nazioarteko komunitateak ez du errekonozitzen. Nafarroaren tamaina du eta 150.000 biztanle ditu. Artsakh Armenia historikoaren parte bat da eta kultura horren sehasketako bat dela jotzen da. SESBen sorreraren ondoren eskualde autonomiaren estatusa esleitu zioten eta Azerbaijani atxiki zioten gehiengo armeniarreko barrendegi moduan. Gorbatxovek SESBen aldaketa politikoaren prozesuari ekin zionean egoera aldatzen hasi zen. Erregimenaren irekitzea eta SEBS konstituzioak autodeterminazio-eskubidea onartzen ziela profitatuz, Karabakh Garaiko agintariek autodeterminazio-erreferenduma bultzatu zuten. Baiezkoak irabazi zuen eta aldebakarreko independentzia-aldarrikapena egin zuten. Azerbaijango gobernuak ez zuen aldarrikapena onartu. Artsakh militarki inbaditu zuen. Halaber gorroto etnikoko kanpainak bultzatu zituen, 1990eko Bakuko armeniarren kontrako pogroma izan zelarik ondorioetako bat.

Gerrak lau urte iraun zuen. 1994ean su-etena adostu zenean Karabakh Garaiko armadak beren nazioaren lurraldea berreskuratzeaz gain, barrendegi izaera kentzea lortua zuen Armeniaraino eramanik errepublika berriaren mugak. Bake-akordiorik ez da artean lortu. Karabakh Garaiak eta Azerbaijanek teknikoki gerran jarraitzen dute, non lubakizko gerra-frontea dagoen eta noizik eta behin gorabehera armatuak gertatzen diren.

Armen bidez munduan burututako autodeterminazio- edo deskolonizazio-prozesuei baino ez zaie erreparatu behar ohartzeko horietatik sortu diren erregimen politikoak autoritarioak edo pseudo-demokraziak izan ohi direla. Azerbaijan adibide egokia da. Nazioarteko komunitatean inor gutxi harritu zatekeen Artsakhen agertutako erregimenak aipatu bidea egin izan balu.

Ez da horrela izan. Karabakh Garaiko agintariek oso argi izan zuten hasiera beretik beren estatua demokratikoki homologagarria izango zela edo ez zela izango. Independentzia-aldarrikapenaren ondorioz sortutako parlamentuak gerran zehar ere lanean jarraitu zuen herri karabajiaren ordezkari moduan. Gerra bukatuta eta gero, Karabakh Garaiko agintariek lanean jarraitu dute beren estatuko kalitate demokratikoa hobetzeko eta demokraziaren, gardentasunaren eta ustelkeria ezaren ikuspegitik goi-mailako estandarrak lortu dituzte. Artsakh demokrazia presidentzialista da. Hogeita hamahiru kidetako parlamentua du sistema misto baten arabera aukeratzen direnak. Horietatik 23 partidu-zerrenda bidez aukeratzen dira eta 10 sistema maioritario bidez 10 hautes-barrutietan.

Ekin diezaiogun berriz ere joan den maiatzaren 3ko hauteskundeei. Europako Parlamentuko misioak ondorio hauek azpimarratzen ditu bere txostenean:

  1. Hauteskundeetan esku hartu duten 7 alderdien ordezkariekin egin diren bileretan entzundakoaren arabera konstata daiteke hauteskunde-kanpaina normaltasunez joan dela, beren hautagaiak inskribatzeko arazorik ez dutela izan eta hedabide publikoen baliabideak usatzeko ere oztoporik ere ez dela egon.
  2. Hauteskunde-egunean hauteslekuak normaltasunez funtzionatu dute, jarraibide argiak eta gardenak erabili dira eta aipamenik merezi duen gertakaririk ez da jazo.
  3. Hauteskundeak nazioarteko estandarren arabera burutu dira eta parte hartzea % 71koa izan da Batasuneko estatu askotan ohizkoa izaten dena baino handiagoa. Horrek adierazten du herritar karabakhiek demokraziarekin duten konpromisoa eta Artsakheko erakundeen legitimotasuna berrestu du.

Gogoeta egin nahi dut bukatzeko Europako Batasuneko diplomaziak hauteskunde-prozesu horrekiko izan duen jarreraz. Batasuneko diplomazia aurka jarri da argi eta garbi. Jaulkitako ohar ofizialean ‘parlamentu-hauteskunde’ terminoa kakotxen artean jartzen du eta adierazten du Batasunak ez dituela onartzen hauteskundeen marko legala ezta konstituzionala ere. Halaber, autodeterminazio-eskubidearen praktikari atea itxi nahi dio oharrak aldarrikatzen baitu ‘prozedura horiek ezin dutela aurrejuzkatu Karabakh Garaiko etorkizuneko estatusa’.

Batasunaren jarrera okerra dela uste dut eta, hain justu, kontrakoa egin beharko lukeela bake-prozesua bultzatzeko. Prozesu demokratiko argiak onartzen ez baditu Azerbaijani mezu argia igortzen ari zaio: demokrazia bigarren mailako merkantzia dela eta erregimen pseudo-demokratiko azeria onartzeko modukoa izango dela beti ere petrolioz eta gasez hornitzen badigu. Europako Batasunak politika ausartak garatu beharko lituzke demokrazia eta europar integrazioa bultzatzeko eta horrek oinarrian du Artsakkeko gatazkaren konponbide demokratikoa, autodeterminazio-eskubidea barneratzen duena. Europaren jarrera irmoak egonkortasuna emango lioke eskualdeari eta erregenerazio demokratikozko prozesuak bultzatuko lituzke Kaukason.

Ez dezagun ahantzi Karabakh Garaia Europaren ekialdeko muga dela.

Demokrazia-lezioa Kaukason

Bozka ematen Askeran herrian